Lou Reeden heriotzak New Yorkeko rockero neka ezinarekin zer ikusirik ez duen eztabaida berpiztu du. Albistea egiaztatu zenean (haren managerrak hitz egin zuen arte ez zitzaion sinesgarritasunik eman. Halaxe dira gauzak aro digitalean) hedabideak eta sare sozialek Velvet Underground-en sortzaileak musika eta kultura garaikideari egin dion ekarpena gogorarazteari ekin zioten, hobeto edo okerrago.
Badira horien artean Instagramera Velvet-en lehenengo albumaren argazkia igo dutenak; azala eman diotenak; albistegian minutu eta erdiz gauza jakinak errepikatzea beste aukerarik izan ez dutenak; zutabeak idatzi dituztenak; Twitteren “Satellite´s gone up to the sky” jarri dutenak; zale sutsu eta hunkituen blogetako oroitzapenak; haiengan izan duen eragina gogorarazi duten musikariak; haren lehenengo etapa, bakarkakoa, nahiago dutenak; Metallicarekin batu zenekoa aldarrikatzen duten gorrak; “Maritxu nora zoaz” aipatu dutenak…
(Ia) denek eman dute Lou Reeden inguruan duten iritzia. Moda eta belaunaldien gainetik dagoen artista horietakoa da, beste garai eta beharbada beste mundu batekoa: rocka musika nagusia zenekoa. Rock and roll way of life-aren enbaxadore onenetakoa izan da. Gure inguruan ere izugarria izan da haren oihartzuna. Loquillok berak azken 40 urtetan Espainiako rock musikan eragin handiena izan duen musikari gisa gogoratzen du. Bestalde, Reedi horrenbeste zor dion Rafael Berrio donostiarrak bereziki minduta zegoela aditzera ematen zuten adierazpenak egin zituen Twitteren: “Kaleetan zehar galtzera noa. Kamiseta haustera. / Zer… zer egin… zer egin orain… nola…”
Norberak nahi edo ahal izan duen bezala sentitu du Reeden heriotza. Adierazpen zintzo eta egiati guztiak onargarriak beharko lukete izan. Haatik, denek ez dute hala pentsatzen. Badirudi zenbait adituri ez zaiola zabaltze informatiboa gustatu. 70. hamarkadan, une gorenean, ezagutu ahal izan zutenak dira soilik horretarako gai? Aditu ez direnei haren inguruan iruzkinak egitea debekatu behar zaie? Zergatik da txarra Wikipediara jotzea? Harritzekoa al da Lou Reeden 50 urteko ibilbidearen ondoren abesti arrakastatsuenak soilik aipatzea?
Batzuk sumindu egiten dira. Kalitatearen labela banatzen dutenak dira.
Ez dago komentariorik