The Equalizer
Denzel Washington, beltza den pertsonaia, mundu guztia konbentzitu behar du ez dela “The Wire” serie amerikarratik atera den dealer bat. Ondorioz ondo ulertuko duzue pelikularen kartelan datorren informazioa: “What do you see when you look at me?”. Nazkatuta dago pitxitxi guztiari fruta-denda batean lan egiten duela azaldu behar duelako -hain zuzen ere Queens avenue St James street-ekin izkina egiten duen horretan, garbitegiaren atzean- eta geratzen zaion irteera bakarra bortizkeria da. Arrazakeriaren aurkako alegatua, gizon arrunt baten bidai iniziatikoa haren identitaaren bila. Ziurrenik Zilarrezko maskorra emango diote Washington-i.
Loreak
Dagoeneko Interneteko foru madarikatu horietan aureratu dute bigarren zatia “Mendian” izango dela eta baita merchandising-a arropa denda euskaldun famatu batean eros dezakegula ere. Kritikak hanka sartu du Eric Rohmer Nouvelle Vague-eko zinemarekin alderatzen duten bakoitzean; dena dela, ez dugu kasu honetan belarra hazten ikusten, loreak baizik. Mundu guztiak daki ez direla gauza berbera. Bazen garaia: azkenean San Valentín eguna aldarrikatzen duen filma iritsi zaigu pantalletara. Ama bere semearekin doa haren neskalagunari lore sorta bat erosteko prest baina txartelarekin ordaintzeko unea iristen denean… ez diete uzten. Esku-dirutan ordaindu behar dute.
Negociador
Funtsean, Borja Cobeaga donostiarraren komedia erromantiko berri bat da. Gobernu espainolaren ordezkari bat Henry etakide odoltsuaz maitemintzen da, baina Zumaiako flisch-etara pasiatzera joan beharrean Suizara joan behar du kotxez! Istorio mamitsua da ikus daiteken bezala eta oso gaizki jantzi eta kebaba gustokoa duen tipo honek beti egin behar du bidai bera. Henry ez da handik mugitzen. Egun batean akordio batera iristen dira (hementxe tituluaren gakoa) eta puntu erdi batean geratzen dira, Toloussen. Bide batez, aipatzekoa da gure gizartearen normalizazio prozesua, ez baitu inork bikote protagonistaren identitate sexualitatea aipatu.
Mommy
Xabier Dolan zuzendariaren inguruan nahaste nabarmena dago. Kanadiarra dela dioen arren, wikipedian argi ikus daiteke Esplugues de LLobregat-en jaio dela. Zinemaldiaren antolatzaileak 90. hamarkada bukaeran estreinatu zen”La Momia” (ingelesez “The Mummy”) filmaren kopia zela uste zuten. Gainera, bertikalean dago filmatuta eta akatsa azkeneko unean konpontzen du zuzendariak. Dudarik gabe Zinemaldiaren lanik polemikoena.
Ez dago komentariorik