Maite Arroitajauregik “kanta txiki” baten aurrean gaudela esan dezake –“autoparodikoa da, lagunak omentzeko modu bat”- baina “Eusnob” abestiaren oihartzuna ederki zabaldu da Euskal Herrian. Plazaratu berri duen “Hiru (3)” diskan ia edozertarako gai dela berriro ere erakutsi digu Mursegok -kunbia doinuak sartu ditu, adibidez-, baina arrasto sakona, erraz ezabatzen ez den horietakoa, “Eusnob”-en letra mamitsu eta umoretsuan aurkitzen da. Sortu duen zalaparta (irribarretsua, hor dago gakoa) azpimarratzekoa izan da Twitter, Facebook eta hainbat iruzkinetan.
“Zu, euskal intelektuala, homo sapiens kontzeptuala / ahoa ireki eta berehala konturatu ginen eusnob bat zinela”, kantatzen du estribilloan. Burutik kendu ezin diren esaldiek Mursegoren lan berriaren entzuterrazena bihurtzen dute. Agian liga antzekoak dira Astrud edo Hidrogenesse martzianoen kanta batzuk edota udaberri honetan entzun genuen Pony Bravo andaluziarren “El político neoliberal” bikaina. Bazen garaia! Mursegorekin badugu euskaldunok ingenioaren ohorezko podiumean kokatzeko aukera.
“Nik ez dut nere burua intelektualtzat jotzen”, aitortzen du Maitek. Eta jarraian interneten irakurtzen du. “Intelektuala, independientea, arrazoiaren defentsan konprometitzen da, bere garaiko gizartearen arazoei aurre egiten die, aurpegia ematen du, horrek maiz ordaina badakarkio ere”. “600.000 euro?”, galdetzen dio bere buruari. “Egungo gizarteak horrelako pertsona gehiago beharko lituzke. Kantuan aipatzen dudan `Diagonal´ bezalako argitalpen gehiago…”.
Diagonal aldizkaria aipatzen duenez, “Eusnob”-en agertzen diren dozena bat kontzeptu analizatzea proposatu diogu. Joko tuntun gisa. Bere musikarekin egiten duen bezala, burura etortzen zaion edozer gauza jartzea da kondizioa: libre eta ausart hegan egin dezala saguzarrak.
- KAFEA ETA GALLETAK: “Harrikoa egitea tokatzen zait: nere anaiak `Tearen kluba´ deitzen dio ekimenari”.
- KOKOSHCA: “Ondoko mahaikoek platerrean utzitako ondarrak jateko ohitura dute. Amaiak Drogasi zapatila batzuk tuneatu zizkion, artista”.
- NOUVELLE VAGUE: “Arropa zoragarriak daramazkite film hauetako emakumeek”.
- ZINEKLUBAK: “Nere ama izan zen Eibarko zineklubeko mahai ingurua gidatu zuen lehenengo emakumea…Orain ni bezala film batek nerbiosa jartzen badu ohera doa korrika”.
- JIM JARMUSCH: “Donostiako Zinemaldira etorri nintzen lehen aldian `Permanent Vacation´ ikusi nuen. Esan Ozenkiko ia lan talde osoa zegoen han…”.
- SAIAKERA FILOSOFIKOAK: “Gauzak behin eta berriz irakurri behar direnean pazientzia galtzen dut.”
- CARNE CRUDA: “Udara hartan Beach Boys eta Beastie Boys-en gainean egindako programak betirako gordeko ditut memorian, Señor Tropical-en harribitxiak…Gallego bai dela eusnob intelektuala. “Bat” diskaren pare bat kantu jo nituen zuzenean programarako”.
- ROCKDELUX: “Yonyu eta Miriamen etxeko komunean irakurtzen nuen sasoi batean, orain nere semearen aitak ere erosten du, beste eusnob bat…”.
- PRIMAVERA SOUND: “Anarirekin jo genuen Cat Powerren aurretik, Jarvis Cockerren ondoan afaldu nuen…Sasoi hartan ez nituen Kokoshca-koak ezagutzen bestela ogi puskak lapurtuko nizkieke”.
- LOVEOF74: “Eusnob prototipoa. Urrezko eraztunak inork baino hobeto jazten ditu”.
- JOTDOWN: “Boxeoari buruzko artikuluak idazten dituzte, Arthun Cravan boxeolaria maitatzea ezinezkoa da ganorazko eusnob bat izateko”.
- DIAGONAL: “http://goteo.org/project/diagonal”.
Ez dago komentariorik