Lou Topet taldeak bideo berria argitaratu du gaur goizean, azaroaren 6an Modelo Zineman egin zuten aurkezpen kontzertuko abesti bat, “Loreak non dira”, Pete Seeger folk kantariaren “Where have all the flowers gone” kantaren moldaketa hain zuzen ere. Zarauzko folk taldeak Harkaitz Cano idazlearekin batera sortu berri du “Abesti bat gutxiago” diska-liburua eta bertan 10 bertsio eta bonus track bat biltzen dira. Rolling Stones taldea izan ezik gainontzekoak egile estatubatuarren abestiak dira eta Canoren bidez euskarara ekarri dituzte.
Lana aurrera atera ahal izateko crowdfunfing kanpaina bat jarri zuen abian taldeak abuztuan. Oier Aranzabal (ahotsa, gitarra akustikoa, armonika) da ondorengo galderak erantzuten dituen taldearen kidea.
Bigarren diskoaren prestaketa lanetan ari zinetela, Harkaitz Canorekin hasi zineten “proposamen idenzenteak” egiten. Noiz konturatu zineten Lou Topeten lan berria bertsio disko hau izango zela?
Ez naiz akordatzen momentu zehatzaz. Baina geu konturatzerako gorpuztua zegoen proiektua, eta orduantxe erabaki genuen ‘Abesti bat gutxiago’ izango zela Lou Topeten bigarren lana. Espero ez genuen pisua hartzen joan da proiektua. Geroz eta jende gehiago batuz, elkarlana beti ardatz, eta emaitzarekin denok gustura gelditu gara. Hori da arrakasta, eta ez beste ezer.
Zergatik aukeratu dituzue artista guzti hauek (John Hiatt, Will Oldham, Wilco, Tweddy, Mavis Staples…) eta ez beste batzuk? “Etxeko apaletan” daudelako diozu, baina baita taldearen unibertso estatubatuarraren espiritua nolabait kondentsatzen dutelako?
Ezinbestean. Ez dago misteriorik aukeraketan. Liburuan ere horretaz dihardu Harkaitz Canok. Azken batean, ez ote gara etengabean bertsiogintzan ari. Abesti on bat ez al da bertsio on bat beti? Geure apaletan bizi diren musikariak hautatu ditugu. Egin gaituzten musikariak, miresten ditugunak. Eta geure antza pixkat eman nahi izan diegu. Hautatutako abestietarik batzuk lehendik jotzen genituen entsegu gelan. Batzuk denbora zeramaten atera nahian, eta proiektu hau aitzaki ederra izan da berauok ateratzeko. Ezinbestean, hauek behar zuten.
Orokorrean abestiak nahiko fidelak geratu zazikizue. Fideltasun horrekin ez dago originala-bertsioa arteko lehia errazegi galtzeko arriskua izaten?
Bertsio bat egitea etxe bat okupatzea bezala da. Zeureganatu egin behar duzu, gainontzean ez da bertsio bihurtuko. Eta etxe bat berrerabiltzen duzunean, edo biziberritzen duzunean, lehengo altzariak errespeta ditzakezu, hormak lehengo kolorez utzi, ala dena hankaz gora jarri eta altzariak eta hormen kolorea aldatu. Esango nuke abesti batzutan nahiko fidelak izan garela, baina beste batzutan aurkakoa. “Loreak non dira” adibide. Abesti bat zeureganatzeko prozesua ez da erraza, eta batzutan fideltasuna eskatzen dizun bezala, bestetan anabasa eta aldaketa eskatzen dizu barrenak. Bietarik dago diskoan.
Zergatik apurtu nahi izan duzue abeslari estatu batuarren nagusitasuna Rolling Stoneseko “Wild Horses”-en abestiarekin?
Egia esatea nahi? Kapritxo bat izan da. Garate estudioetan bi astez egon gara bizitzen. Elkarbizitzen hobe esanda. Eta Rafa Rueda eta biok gau batez egongelan kitarrekin jolasean ari ginela “Wild Horses” jo genuen. Harkaitz Canori itzultzeko eskatu genion eta ohiko bizkortasun eta trebeziaz egin zuen. Ttak! Erabaki genuen, denbora alde bageneukan, bonus track bezala grabatuko genuela akustikoan. Esan eta egin.
Cass McCombs-en “Brighter!” (“Argi!”) nahiko poperoa atera zaizue. Bitxia da abestiaren introa bi aldiz hasten dela hankasartze baten ondoren…
Bobinan grabatu dugu, analogikoan. Eta honek eragina du lan egiteko eran. Denok batera grabatu ditugu abestiok, eta abesti bakoitzaren bi toma on lortzera joan gara. Bada, ‘Argi!’ abestian, akats bat tarteko, gelditu eta berriro jotzen hasi ginen. Emaitza entzun eta mantentzea erabaki genuen. Anabolizanterik gabeko musika asko gustatzen zaigu. Zuzenekoaren onena eta estudioaren onena uztartzen dituena. Giorgio Bassmattik eman digu ukitu popi hori. Eta asko gustatzen zaigu!
Nola landu dituzue itzulpenak Harkaitz Canorekin? Ensayo-error metodologia erabiltzen eta balio ez zuten hitz eta estrofak zakarrontzira botatzen?
Lehenik email bitartez trukatu izan ditugu letra originalak eta itzulpenak. Gero nik kitarrarekin jo eta moldaketak proposatzen nizkion. Batez ere, fonetikoak, hitz aldaketak eta horrelako kontuak. Harkaitz Cano oso itzultzaile ona da, eta badaki nola berreskuratu hizkuntza batetik besterako bidean galtzen doan ura. Behin bertsioa atonduta izanik, Garoako sotoan geratu izan gara abestu eta errepaso bat emateko. Azken aldaketak egin eta listo uzteko. Eternitatearekin jokuan aritzea da abesti baten sorkuntza prozesua. Ideia izatetik hasi eta grabatzeraino irauten du jokuak. Tom Waitsek esaten du abesti baten barruan 10 abesti ezberdin daudela, eta guk hautatzen dugula horietako bat. Houdinik egiten zuen berbera egitea dela, baina ihes egin beharrean, abestian sartuz.
Proiektu hau gauzatzeko ideia “jolasean” hasi zenuten , baina emaitza benetan potoloa da: ia 100 orri dituen liburu-diska bat atera zaizue. Zergatik joan zarete ohiko CDtik haratago?
Aipatu bezala, apurka geroz eta pisu gehiago hartzen joan da proiektua. Canok sekulako testua idatzi du eta ez genuen ohiko formatuak edukia baldintzatzerik nahi. Behar genuen formatua topatzen saiatu gara, eta egia esan oso gustura geratu gara emaitzarekin. Oihana Leunda aritu da maketazio lanetan eta bere lanari esker lortu dugu. Artista hutsa da eta buruan genuena hobetu egin du.
Crowdfunding-a medio 5.000 euro baino gehiago lortu dituzue. Jendearen eskuzabaltasun eta konplizitaterik gabe guzti hau kaxa batean ezkutuan bukatzeko arriskuan egongo zen?
Dudarik gabe, jendeari esker lortu dugu lan hau ekoiztea. 122 konplizeei esker, baina baita ere Gari Berasaluze eta Imanol(txo) Agirreri esker, Kalaportu Sare Bideak eta Garoa Kultur Lab zigiluekin kaleratu baitugu ‘Abesti bat gutxiago’. Ederra da jendeak zure lanean sinisten duela ikustea. Are ederragoa, lana egin ostean, berauek pozik geratzen badira.
Rafa Rueda, Joserra Senperena, Basmatti eta Lozanoren ahotsak… Lou Topeten familia handitu dela esan daiteke edo behin-behineko famili ugari baten aurrean gaude?
Lou Topet malgua da eta elkarlana du oinarri. Aipatu dituzun guztiek osatzen dute gaur. Rafak, Joserrak, Giorgiok, Ainarak… baina baita ere Imanolek eta Garik, eta baita Martxel Arkarazok ere. Eta denoi esker egiten dugu egiten duguna. Ez da inor soberan, inoiz.
Ez dago komentariorik