Itsasoaren presentzia azpimarratzean tematzen gara, baina askotan ahaztu egiten dugu Donostialdean bizitzeak badituela beste abantaila batzuk ere: mendia gertu dugu, eta hiri nukleotik asko aldendu gabe goza dezakegu naturaz. Baliteke Ulia, Donostiako parke naturala, txiki izatea mendizale amorratuentzat, baina segundo batean egindako metroez arduratzen ez direnentzat aukera aparta da. Jarraian, denboran zehar egindako bidaiak altxor bilakatzen dituen proposamena, The Love Boat-en (Vacacionesen el mar) izandako mikoesperientzia, eta folleto kaliforniarraren izena duten pintxoak aurkeztuko ditugu.
Okendo kultur etxearen atzean dauden eskilarek markatzen dute historiako liburu bat bezala zabaltzen den ibilbidearen hasiera. Lehenengo pistek estreinatu berriko XX. mendera eta teleferikora garamatzate. Mende hau, Ategorrieta mendi gailurrarekin lotzen zituen tranbia elektrikoaren aztarnetan izkutatzen da; eta teleferikoak tranbiaren azken parada mendi gailurrarekin lotzen zituen. Transbordadore hau, munduko publikoak erabil izan zuen lehen teleferikoa, modelo gisa izan zen erabilia Niagarako ur jauzietan ezarriko zen teleferikoa egiteko. Teleferiko hau 1916ean proiektatu, eta egun, funtzionatzen jarraitzen du. Donostiakoak ordea, 1917rarte iraun zuen bakarrik. Teoria ezagunenak dionez, Lehenengo Mundu Gerran eman zen elektrizitatearen garestitzeak honen errentagarritasunaren gainbehera eragin zuen. Beste batzuek ordea, Igeldoko jolas parkeak izan zuen indarra azpimarratzen dute (1912an izan zen inaguratua), izan ere, aristokraziaren gunerik atseginena zen hau, eta beraz, inbertsio gehienen jasale.
Monpaseko puntan ikus dezakegun bateriari ere, ez zitzaion erabilera handirik eman. 1896an, Kubako Gerraren kontestuan!, Gerrako Kontsulta Juntaren plenoan Uliako defentsak indartzeko erabakia hartu zen Kontxatik egindako lehorreratzea galarazteko asmoz. Izan ere, garai hartan Donostia erregetzaren oporretako hiria zenez, Marina estatubatuarrak hiriaren aurka egingo zuelako beldurra zabaldu zen. Ez zen erabilgarria izan, noski. 1936ean bukeen aurka kanoikadak bota, eta egun, oso leku maitatua da kaioentzat.
Labarren ertzetan denbora makinaren aukeren limitea okertzen dugu: gailurrean ikus dezakegun plakak dionez “X. mendeko gipuzkoarrek” bertatik baleak begiztatzen zituzten. Zelatari hauen lan baldintzen berri XVII. mendeko izkribu batek ematen digu. Bertan esaten denez, arrantza lekuek finantzatzen zuten gizon batek zetazeoen presentziaren berri ematen zien arrantzaleei. Donostia Marina d’Or arkaiko eta burges bilakatzeko asmoan tematurik, balezaleen atalaia begiratoki turistiko bilakatu zuten inguruan errekreo parkea, jatetxea eta tenis pista edukita.
Balezaleen atalaia horretara iritsi eta ezkerrerantz abiaturik, itsas labarretara eramango gaituen bidea hartu daiteke; eskubitara eginda ordea, mendi gailurrerako bidea hartuko da, non bertan ikus daitezkeen balezaleak gogorarazten dituen plaka eta proiektu burgesaren oroitzapenak; aurrera ere egin daiteke Talaiako bidexka hartuaz. Bide horrek la Platako Farora eramango gaitu. Emaitza dena delakoa ere, aukera ezazu zure abentura. Gure plana betetzeko, faroan, San Pedrora bideratzen gaituen bidea hartu besterik ez dago. Donostiatik abiatzen den bidean marka zuri eta gorriak jarraitu ezkero, ordu eta erdi besterik ez da beharko helmugara iristeko; bidexka horia aukeratu ezkero, itsasbazterretik doan bide zoragarria, 60 minutu gehiago beharko dira. Edozelan ere, ez da beharrezkoa goiz esnatzea helmugan hamaiketakoa egiteko.
Falcon izenak ematen dio zentzua bide hau zentzu honetan egiteari, eta ez ordea, San Pedrotik Donostiara doan bidea: atuna, antxoa, eta gindilla dituen ogitxoa; sinplea bezain goxoa den errezeta. Pintxo honek duen famak bodegoiari izena aldatu dio, eta hala askorentzat Muguruza Ardoak izena ezezaguna bada ere, Falcon Crest izenagatik dute ezaguna bodegoia. Angela Channing eta Lorenzo Lance Lamas-en etxean sarri egoten diren bezeroek enpanada eta lakoi bokadilloak ere gomendatzen dituzte. Denbora eta dirua izan ezkero (azken honen behar handirik ez dago, prezio eta kalitatearen harremana itzela baita), merezi du bertan bazkaltzen gelditzeak: tomate entsaladak ondoren etorriko den Pasaiako portuko arrain freskoari irekitzen dio bidea.
Tentazioa gainditu ezkero, pareko bizilagunaren altxor gastronomikoak ere ez daude urruti. Horretarako, Gipuzkoako garraiorik goxoena hartu besterik ez dago: motora. 0,70 zentimoren truke, bi herriak bereizten dituen itsasoa zeharka daiteke. Itsasoz bi herrien arteko distantzia 100 metrokoa bada ere, karreteraz 8 kilometro egin behar dira beste herrira iritsi ahal izateko.
Zalantzatiek egoera deserosoa bizi dezakete Pasai Donibanen. Izan ere, metro karratuko dagoen jatetxeen ratioa altua da benetan. Irekita badago, aukera paregabea da Cantina aire libreen maitale eta poltsiko apalentzat. Baina jateari berriz ekin aurretik, elika dezagun izpiritua. Donibaneko moilatik -bertatik ekin zion Lafayette markesak Ipar Ameriketara egindako bidaiari, bertan gainera, heroi bilakatu zen Independentzia gerran- eskubirantz metro batzuk eginda, erromantiko handi baten bizilekua topatu daiteke. Victor Hugo idazle frantsesak aste bete pasa zuen bertan 1843. urtean, eta hala, egun museo bilakatu dute bizitokia. Inoiz ez dira 7 egun hain probetxugarriak izan literatura eta turismoan. Hernani antzezlana idatzi zuen autorearen logelan, Rosseauren liburuak kontserbatzen dira egun. Estantzia horretan, Victor Hugok plumaz jaso zituen inguruari buruzko inpresio eta ilustrazioak; gurera bidaia eguneroko moduan eta familiarekin izandako posta bidezko harremanez iritsi dira idatzi horiek. Poeta frantsesak testu literario bat egiteko asmotan jaso zituen ohar hauek, baina 19 urteko Leopoldine alabaren heriotzak hura egiteko indarrak kendu zizkion. Bere bidaietako egunerokoa da gelditu zaiguna, De viaje. Alpes y Pirineos. Lan hau poeta hil ondoren argitaratu zen eta Pasaiaren alde egiten duen deskribapena irakur daiteke bertan: “Eden distiratsua”, zeinak “poztasun eta handitasunaren izaera bikoitza gordetzen dituen”.
Ez dago komentariorik