Bi astetan amaitzera doan negu luze eta ilun honetan, lotsaz atera dira gaur eguzkiaren lehen printzak. Badirudi eguraldiak tregua emango digula datozen egunetan, eta hala, hasi gaitezke udako egun eguzkitsuekin amesten. 30 urtetako muga pasata, eta gustuak finduak ditudalarik, beste modu batera gozatzen ditut udarak; baina garai batean, uztail eta abuztuko asteburu luzeak hondartzako diskoteka batean amaitzen nituen. Badira 10 urte pasatxo, ia 15 garai haietatik. Jarraian 90. hamarkada amaierako eta 2000. urte hasierako udako gau horietaz ditudan oroitzapenak -partzial eta lausoak- azaleratuko ditut. Kontxa hondartzan kokatzen dira hauek. Zurriolako gauak berankorragoak dira, beste garai batekoak, heldutasunera iristera nindoan arokoak hain zuzen.
Ondo pentsatuz, kontakizun honek ere egungo dokumentu gisa ere funtziona dezake. Belaunaldiz belaunaldi patroi berak errepikatzen dira hiri honetan, eta beraz, gauzak ez ziren asko aldatuko 1999tik hona.
Gazteak ginen, esperientziagabeak eta testosterona maila altuegi genuen. Sexu bakarreko koadriletan ez zegoen pitzadurarik, ezta seme-alabak zituen bikoterik ere, eta Hendaiara exiliatzeko ideia erokeria hutsa zen. Gure arteko ezberdintasunak oso sotilak ziren. Bitan banatzen zen koadrila: Donostian ikasten zutenak alde batetik, eta kanpoan ikasten zutenak bestetik. Baina hitzordu “gaiztoetara” huts egiten zuenari, X bat jartzen genion kutxatilan. 20 urteko media duen euskal koadrila, maitasun harreman solido eta hautsiezin baten antzekoa da. Sakratua zen. Ostiral eta larunbateko (ostiral gauetan ere ateratzen zen!) gauak elkartean egindako afariekin hasten ziren sagardo, kalimotxo eta hainbat alkohol ezberdinez bustirik. Alde Zaharrera joaten ginen. Tontakeriak egiten genituen. Ez zen ligatzen. Gau bakoitza azkena bailitzan bizitzen genuen. Gaueko basakerietarako prest geundela uste genuen. Oker geunden.
BATAPLÁN
Bataplanen amaitzen ez zen gaua, porrot galanta zen; errealaren porrota baina mingarriagoa, lagunik onena gau erdian neska faltan botatzen duelako desagertzen denean baina askoz ere okerragoa. Alde Zaharrera joateko bidean, Kontxatik pasioan, edozein tontakeriagatik parrezka, beti bururatzen zitzaigun taktikaren bat diskotekan dohainik sartzeko. Beldur ginen diskotekako atean sartu ezinik gelditzeaz munduaren amaierara ere haiekin joango ginakeen emakumeak bertara sartzen ziren bitartean. Hondartzatik bertatik sartzea ezinezkoa zen, zaindariak bertan egoten baitziren.
Pacok zuen gure destinoa zein izango zen erabakitzeko boterea. Inoiz, ez du diskoteka zaindari batek Pacok duen ospea lortu. Gizon baxua, potoloa eta burusoila zen Paco, eta arbitrarioki erabakitzen zuen diskotekara nor sartuko zen eta nor ez. Normalean emakumeek ez zuten ordaintzen, bai, ordea, gizonek. Pacoren “lagun” egiteak, edo Pacoren lagun izateak Bataplanera sartzeko aukera ematen zuen. Pacori buruz edukitako konbertsazioak ez ziren juerga gau horietara mugatzen. Astean zehar ere bere izena aipatzen genuen, izan ere, beti egoten zen norbait Paco ezagutzen zuen ezagun bat zuela. Hain famatu zen Paco, non abizenik gabe izendatzen genuen.
Bagenekien emakume haiekin egoteko aukerarik ez genuela, baina haien konpainiaz gozatu nahi genuen, gertutik miretsi, eta ordu gutxiz itxasorako bistak zituen haren batean sentitzea zen gure nahia. Gorroto genuen musika, eta gugatik izango balitz, gainontzeko mutilei sarrera debekatuko genieke. Soberan zeuden. Donostiar neska ederren armonia zapuzten zuten hauek. Beharbada, Bataplanek zuen onena terraza zen: bertara gerturatuta itxasoa senti zitekeen house musika bigarren planoan utziaz. 19 urte genituen eta zoriontsu ginen.
LA ROTONDA
La Rotondari Cristiano Ronaldori gertatu zaion gauza bera gertatu zaio: arrakasta izateko beharrezkoak diren gauza guztiak ditu, eta garaitezina izango zen beste edozein bizitzetan; alabaina, ezin dezake klasiko baten aurka lehiatu. Beti aterako da galtzaile. Eta Urrezko Baloia ematen diotenean, alaitasunez egingo du negar, baina batez ere, inpotentziaz eta rabiaz, denbora luzez jenio baten aurka lehiatu izanagatik. Ezin zaio Messiri itzalik egin, eta Bataplan den ñoñostiar instituzioa ere ezin da gainditu. 200 metrok aldentzen du bata bestearengandik, baina glamour eta dirua dago bi hauen artean. La Rotonda beti zen bigarren aukera, handik aurrera gauak beheranzko bidea egingo zuenaren froga argia.
Egia esan, house musika zuen Kontxako beste diskoteka bat zen, baina hurrengo egunean, inork ez zuen gauaz ezer aipatzen. Bataplan nerabearen egi bihurtutako ametsa zen. La Rotonda, arrakastarik eduki ez zuenaren babesleku. Gainera, honek ez zuen ihes egitea gonbidatzen zuen terrazarik. Gaua hil egiten zen La Rotondako atea gurutzatzearekin batera.
KABUTZIA
Bitxia da denborak hainbat edifizioen bisioa nola modulatzen duen. 18-20 urterekin portua hartu duen itsasontzi zahar bat zirudien; orain, gutako askorentzat, Kabutzia ontzi vintage bat da, hiriko itsas ondarea, 70eko hamarkadako “Vacaciones en el Mar” (“The Love Boat” ingelesez) telesailari egindako omenaldi txiki antzeko bat.
Errebotez amaitu ohi genuen Kabutzian. Destino exotikoa zen, espontaneoa. Gaua 40 urteko emakumez inguratuta amaitzen bazenuen , osabaren batek Kontxatik pasioan zinela ikusi eta zerbaitetara gonbidatu nahi zintuelako zen. Lagun ausart baten laguntza ere izaten zenuen halakoetan. Lekuz kanpo sentitzen ginen bertan, eskailerak igota, beste mundu batean ginela sentitzen genuen. Barkuaren barruan ezin zen denbora asko eman. Lotsa sentitzen genuen 40 urteko gizon batek, musika komertzialaren erritmoan dantzatzen zuen bitartean, adineko emakume bat eusten zuela ikustean. Bis bitxia: beharbada ez gaude eszena hartatik oso urrun eta beharbada orain, beste gazte batzuek hala begiratzen gaituzte. Zahartu egin gara.
Ez dago komentariorik