1986ko Otsaila, Baiona
Batzoki Taberna, ETAko errefuxiatuen ohiko topalekua. 21:30ak baina minutu batzuk lehenago, kanpoaldetik ireki dute tabernako atea aurpegia bistan duten bi pertsonek eta bertan daudenen aurka tirokatzeari ekin diote. Inor hil ez bada ere, lau pertsona zauritu dira. Hauen artean daude hilabete batzuk lehenago hil zuten ETAko militante baten hiru urteko alaba, Juan María Otegui, Jose Luis Zabaleta -Waldo- errefuxiatua eta Aintzane, haren alaba txikia. Honen harira, poliziak jatorri portugeseko Paulo de Figueiredo atxilotu du. “Etarren aurkako bi atentatu” egiteagatik 15urteko kartzelarekin kondenatu zuen 1991ean polizia frantsesak.(LINKA)
2011ko Azaroa
Utzitako etxe bat dirudien eszenatoki honetan, aulki bat suma daiteke fondo beltza duen irudiaren erdian. Gizon baten ahotsa entzuten da: “José Paulo Rodrigues Sobal de Figueiredo naiz, 66 urte”. Segundo batzuk lehenago entzun den ahots berbera da: “Nire bizitzaren historia kontatuko dut. Hortik aurrera, bakoitzak pentsa dezala nahi duena”. Eseri egin da. Plano finko baten bidez, Salomé Lamas portugesak, Portugalen kolonia afrikarretako armadan murgildu eta ETAren aurkako gerra zikinean amaitu zuen mertzenario baten historia kontatzen du. Presupuesto baxuko dokumental xume bat baina gehiago, “Tierra de nadie” erantzunak bakarrik argitaratzen dituen elkarrizketa baliotsua da. Ez dago informaziorik, ez datarik, ez testuingururik, ez daturik ez eta dokumentaziorik ere… Ezer ere ez. Gizon bat eta bere historia. Ez besterik.
2012ko Otsaila
Lehen datu frogagarri eta bakarra: pelikula amaierako kredituak baina lehenago elkarrizketatua hil dela jakinarazten zaigu.
2013ko urriaren 28a, Donostia
Kresala Zinekluba. “Tierra de nadie”-ren proiekzioa amaituta, Mariano Ferrerren presentzia izan zuen publikoak hizketaldi interesgarri bati eman zion hasiera. Handik ateratako ondorio batzuk dakartzagu hona:
– Ikusleari ez zaio argi geratu GALeko hiltzaile baten (“para mi matar es como beber un vaso de agua”) edo tren geltoki baten ondoan bizi den iruzurti baten bizitza kontatzen duen fikziozko pertsonaia baten aurrean dagoen.
– Beharbada bi gauzak dira. Edo bat ere ez.
– Iruzurraren susmoa etengabea da. Tarteka hanka sartzen duen eta GALen historio ofiziala errepikatzen duen pertsonaia da Figueiredo.
– Era berean, elkarrizketatuak oso ondo kontatutako istorio liluragarria da. Interesgarri eta sinesgarria suertatzen da. Soldataren truke lan egiten duen hiltzailearen paperean hainbeste sartzen da, non hura bera dirudien.
2013ko urriaren 29a, Donostia
Gure hipotesia (hamaikaren artean). Beharbada, jolasa besterik ez da. Salomé Lamasi bere burua GALeko mertzenario izendatzen zuen tipo bati buruz hitz egin zioten. Orain baina, Lisboako autopista bateko zubipean noraezean dabilen arlotea da tipoa. Aurkitu eta harekin hitz egiteari ekin dio haren historia konta diezaion eskatuz. Kamara aurrean jarri eta gizonaren berba jarioak gidatzen du Lamas. Egun askotako elkarrizketaren ostean, aho bete hortz gelditzen da emakumea. Ukitu “artistikoa” ematen dio edukiari: isiluneak, kortinillak, argien jolasa… Bere egiten du pelikula. Kazetaritzatik asko duen dokumental politikoa izan zitekeen “Tierra de nadie” jolas soil batean gelditzen da. Denbora pasa serioa da; informazioa lotu eta bakoitzak bere ondorioak ateratzea xede duen jolasa. Ez dago besterik. “…bakoitzak pentsa dezala nahi duena”.
Ez dago komentariorik