Aitortu beharra dago ez garela hiri gautxori batean bizi: Donostia betidanik izan da gure inguruko hiriak baino lasaiagoa. Lo egiten ez duten hiri horiek beste batzuk dira. Hemen negua asko luzatzen da eta kaleak hustu egiten dira eta, jakina denez, zaila izaten da gaueko zortzietatik aurrera establezimenduren bat zabalik aurkitzea. Donostiako gauaren gainbehera ez da albiste berria, aspalditik pairatu den gertaera da. 90. hamarkadaren bukaeran unibertsitateko ikasleen ostegun parranda famatuak pobre xamarrak izaten ziren eta ostiralean ez dela parranda egiten aspaldiko kontua da.
Gehiago esango dut: azkenaldian donostiako gauak – batipat musika estilo batean espezializatu eta zerbait berezia eskaintzen duen gauak hain zuzen ere- gora egin du. Eskaintza hobea da. Zabalagoa. El Diario Vasco egunkarian azaltzen diren adibide hauek txunda-txunda eta ohiko musika komertzialean soilik atentzioa jartzen dute.
Ondorioz, baliteke Fermín Calbetoneko inguruko gauak lehen baino pobreagoak izatea baina, zorionez, badago beste Alde Zahar bat. Akerbeltz, Eiger, Atari, Sirimiri, Hamabost, Txiki, Rekalde, Minuto y Medio… sasoi onean daudela azpimarratu behar da: lagun fidel eta ugari biltzen dituzte astebururo. Atsegin duten musika entzun nahi dute eta gustokoa duten giroa aurkitzen dute. Etxean bezala daude. Goxo-goxo. Krisia gainditu dute eta bizirik atera dira musika onaren truke, edari eskaintza handitzen eta, oso garrantzitsua, bezeroekin duten tratua sendotzen. Pertsonalitaterik ez duten taberna klonikoen garaia amaitu da.
Alde Zaharretik at giro alternatiboa Egiako auzoan finkatu da. Hilabete nahasi batzuen ondoren Dabadaba eta Bukowski (eta neurri txikiago batean Staaf ere bai) jende dexenteren geltokia bilakatu da. Bestetik, Groseko auzoan Teorema dago eta Pokhara Errege Katolikoen punturik finena da. Berriro ere aplikatzen diegu aurretik aipatutako formula: kalitate musikala + atentzio pertsonalizatua + giro ona.
Dena dela, azkeneko urteotan iraultzarik garrantzitsuena ez da tabernetan izan. Gautxoriak ez dira soilik tabernetan ibiltzen. Kontzertuetara doaz. Eta egi borobila da inoiz baino kontzertu gehiago daudela. Aurreko larunbatean adibidez 400 lagun dantzan aritu ziren Los Straitjackets eta Deke Dickerson-ekin dantzatzen Intxaurrondon, Grises zestoatarrak Dabadaba aretoa bete zuten eta Sewergrooves izeneko talde underground batek rockeroen nahia asetu zuen Bukowskin. Horrela ikusita, ez dirudi gainbehera doan gauaren erradiografia denik.
Ez dago komentariorik