“Beno, ez da hainbesterako. Lagunen eta ezagunen artean egiten genituen festa dibertigarriak ziren, besterik ez”. Jorgeren apaltasuna agerian ateratzen da Cosas Primo elkartearen lehenengo pausoak gogoratzen dituenean. Dena dela, harro egon beharko luke 11 urte hauetan elkarteak kultura mailan lortu duenarekin. Ez da txantxetako gauza. Honelako ekimenak underground-ean estalita geratzen badira ere, Xabi eta Guillermorekin batera – Delorean taldearen gitarjolea- Donostian eta inguruan aipatzeko oihartzuna lortu dute eta erdi-lotan zegoen hiria esnatu zuten behin baino gehiagotan.
Jorge eta Guillermo lehengusuak dira, Xabi ez. Cosas Primo 2002.urtean osatu zela kasualitatez esan dezakegu . “Guillek eta biok elkarrekin jotzen genuen gitarra eta egunen batean zerbait grabatzen bagenuen Primoren izenpean izango zela argi genuen. Azkenean kanta haiekin ez genuen ezer egin baina izenarekin bai: erakusketak eta festak antolatzeko egokia zen eta baita aurrera eraman nahi genituen ekintzetarako. Garai hartan Moganbora askotan joaten ginen eta bertan Xabi ezagutu genuen. Webgunea martxan jartzeko behar genuen fundamentuzko pertsona zen, photoshop-arekin trebea zena…”.
Lehenengo pauso horiek ematen hasi zirenean kartelak oso garrantzitsuak ziren -“festaren bat antolatzen dugunean gehien gustatzen zaiguna da”-, baita diseinuak orohar eta txapak. DJ gisa ibiltzen ziren Etxekalte, Udaberri eta Ondarran. Ez zekiten oso ondo Primo definitzen baina hogei urte inguru zituzten gazte horiek ekimen dexenteren atzean zeuden. Hamar urteren ostean, Jorgek onartzen du “profesionalizatu” egin direla: gaur egun denda online eta estudio bat dute.
“Ohartu gabe, bat batean, Primo osatu genuen hiru lagunak betidanik gustatzen zitzaizkigun arloetan murgilduta bukatu genuen modu profesional batean: musika eta diseinua. Guillek talde batean jotzen du eta Xabi eta biok diseinadoreak gara”. Orain, gaua baino eguna dute maite – “egia esan, pintxoek gehiago motibatzen digute”- eta ez dituzte lehen bezainbeste festa mordoak antolatzen. Lasarteko Zulo aretoan antolatu zuten azkeneko festa euren 11.urteurrena ospatzeko “haciendo el primo” leloarekin. Azkeneko urte hauetan NimuTv-ko mutilekin ere ikusi izan ditugu festak antolatzen.
Udaberri tabernak aspaldi itxi zuen eta Etxekalte eta Ondarrak ez dituzte garai oparoak bizi. Jorgek hiriaren gau giroa “gainbehera” ikusten du. “Gaur egun ez da erraza Donostian gauez ateratzea. Oso zaila da -edo ezinezkoa- akustika ona duten aretoak aurkitzea eta giro polita topatzea. Festak eta festibalak egoten dira noizean behin, Intxaurrondoko eta Egiako Kultur Etxeak antolatzen dituzte zenbait kontzertu, baina gutxitan izaten dira. Ez da berdina”.
Ez dago komentariorik