Egia bada diotena, munduan ez dira bi biblioteka berdin egongo. Eta hori horrela bada, ez dugu hemen liburutegi arrunt bati buruz hitzegingo. Hasteko, planteamendua benetan bitxia da: erakusketak Koldo Mitxelena Kulturunearen fundazioaren lehen 20 urteak ospatzen ditu biblioteka irudizko eta eszentriko baten eskutik. “Biblioteka eta Jakintza” erakusketak, beraz, biblioteken hausnarketa gisa planteatuta dago… Donostiako biblioteka nagusian. Eraikuntzaren beheko solairuan dago kokatuta eta abuztuaren 9ra arte egongo da ikusgai. 13 artista garaikideek osatzen dute erakusketa eta bertan instalazioak, bideoak zein argazkiak ikus daitezke.
Piedad Solans komisarioaren ustetan biblioteken historia “zalapartatsua” izan da mende ezberdinen zehar -“tartean izan direla suteak eta gerrako espoliazioak, Inkisizio katolikoaren eta nazionalsozialismoaren fanatismoa eta diktadurek ezarritako zentsura, edota fundamentalista islamiarren erasoak”- eta artista batzuek (Eugenio Ampudia, Pablo Genovés) gai hau bera jorratzen dute.
Dena dela, erakusketaren muina teorikoa bada ere ez du interesik galtzen. Eva Lootz austriarrak bere ibilbide osoan mantendu izan duen arazoetako bat irudikatzen du modu grafiko batean: izendatzea (nombrar) ez da erakustea (mostrar). Dora García, Ignasi Aballí, Mariam Ghani eta Joseph Kosuth-ek aldiz, hermeneutika, interpretazioa eta zentsura gaien inguruan dabiltzaten bideo, testu eta instalazioak arkezten dizkigute.
Bestetik, Candida Höfer-en liburutegiak (Bibliothèque nationale de Paris, Vienako Liburutegia, Londreseko National Library, El Escorialeko liburutegia, New Yorkeko Whitney Museum, Erromako Villa Medici, Madrileko Museo Arkeologikoa, New Yorkeko Pierpont Morgan Library, besteak beste) espazio hutsak dira, giza presentziarik gabeak, zeinetan liburuen metatzeak, katalogatzeak eta ordenak garai eta kultura historiko konplexu baten trinkotasuna, hotsandia eta konplexutasuna erakusten baitituzte.
Zhou Xiaohu artista txinatarraren “The Crowd of Bystanders”-ek atentzioa deitzen du: ikusle pasiboak azaltzen ditu eta diskriminaziorik gabe berriak, irudiak, testuak, berri saioak jasotzen dituztenak igortzaileetatik edo komunikabideetatik, kode semiotikoen eta konfigurazio tekno-linguistikoen zirkuitu globalizatu batean. Sean Snyder-en bideoproiekzioak aldiz zinema eta telebistan erabilitako flashback teknikari buruz egiten du hausnarketa. Errealitateak kapa ezberdin asko izan ditzake, interpretazio anitz, eta imajinak mozten eta itsasten dutenean errealitatea askotan susmagarria izan daiteke.
Azkenik, merezi du euskal artisten obrak ondo aztertzea. Bai Maider López (Donostia, 1975), Xabier Erkizia (Lesaka, 1975) zein Arrate Rodríguez-ek (Errenteria, 1984) proiektu espezifikoak aurkezten dituzte Koldo Mitxelena kulturunearen bibliotekaren pertzepzio espazial, testual eta kontzeptual batean oinarriturik.
Ez dago komentariorik