“Utz ezazu etxea. Joan zaitez bakarrik. Pisu handirik gabe. Har ezazu mapa. Lurretik joan. Gurutza ezazu oinez muga. Idatzi egunerokoa. Irakur ezazu nobela bat, zauden lekuarekin erlaziorik ez duen nobela. Ez egin kasu mugikorrari. Egin ezazu lagunen bat”. Ez dakigu Paul Theroux-en aholku hauetatik zenbat jarraitu zituen Mikel Lasak, baina Ganbara aretoak hilaren 26erarte eskaintzen duen Cuadernos de viaje erakusketaren arabera, ugari izan zirela ondoriozta dezakegu.
Opor hauetan billeterik gabe bidaiatu nahi dutenentzat, Koldo Mitxelena kulturguneak Mikel Lasaren bidaietan zehar itzuli bat egiteko aukera eskaintzen du. 1938an Donostian jaiotako artista hau gai da munduaren pertzepzioa bi modu bereiziz adierazteko: hitz eta marrazkien bidez. Bere lehen fazeta ezagunena bada ere (Poema bilduma), marrazkia da haren bizitzan zehar finko mantendu den konstante artistikoa. Izan ere, idazteari “bertsoen barne hotsa” entzuteko gai ez zenean utzi zion.
Haren marrazkiek azaltzen duten argitasunari aurka eginez, bere poesia ilunagoa da (“Ez da ezer ez da egia/ Kontra nagona naiz/ Kontraren kontra/ Ta inor ez dago nire alde”). Koadro eta bertsoek obserbazioaren zentzua eta egiatasuna azaltzen dute. Koldo Mitxelenatik azaltzen denez, artista gisa “matematiketarako gordetzen duen erantzun zuzena” ematen du. Era berean, hau, bere ohiko ekintza zen analisi informatikoarentzat deskantsu eremua zen.
Lasaren erakusketa bidaiarien mantra suharra errepresentatzeko modua da: bisitatutako eta bisitatzeke dauden lekuen zerrenda. Langile askoren ametsa egi bihurtu du Lasak: haren bizi proiektua jubilatzean betetzea (hala ere, erretiro bermatua existitze hutsa kontzeptu onirikoa da egun). Poeta eta pintorearen utopiak bizikleta, libreta eta margo kutsa soilik zituen beharrezko, eta hauekin batera hogei bat herrialde bisitatu, gehienak europarrak. 200 akuarela, pastel eta marrazki elaboratu baino gehiagok birsortzen dute bere espedizio fisiko eta bere burua ezagutzeko egindako bidaiak.
Bidaia koadernoak eta Poema Bilduma (1971) lanetik hartutako poema zatiak estanpen laguntzaile dira, eta berehalakotasuna azaltzen dute. Erretratu eta hildako naturak paisaiekin nahastuaz Lasaren talentu bikoitza ondorengora hurbiltzen da: Hendaiako bikien antzeko leku ezagunetara; beste batzuetan gutxitan ikusi ditugunetara: Portugaleko eguneroko bizitza edo Kanarietako labarretara, esaterako; maiz ere sarri amestutako lekuak azaltzen ditu, hala nola, amalfitana kostako kaosa; paisaia eta kultura irlandarrera ere hurbiltzen da.
Hala azaltzen du Lasak berak. “ Nire lan egiteko era azaltzen dute ikusgai dauden lanek: gorputza tentsioan, gogamena garbi, kuriositateak estutzen ninduen bidaian zehar. Momentu jakinetan, paisaien edo kalean ikusitako berezitasun batek estimulaturik, margotu eta marrazteko desioa sentitzen nuen, bai eserita, zutik, edo baita trena martxan zelarik ere. Naturalki ekiten nion lanari, ziztu bizian, inongo ukiturik gabe. Orduan, eskuak organo adimendun eta urduriak bilakatu eta hauek gure garunera errealitatetik iritsitako bulkadak jasotzeko gai izateaz gainera, paperean islatzen nituen eskuak sismografo baten punta izango bailiran. Lanari ekiteko modu hau ez da beti arrakastatsu suertatzen, baina aukera izatekotan, jakina da lanak freskura eta bizigarri bereziak izango dituela, hala, denboran zehar luze iraunez. Hori da bilatzen dudan mirari txikia”.
Banderek ordenatzen dute erakusketa, nahiz eta denek ez duten herrialdeen arteko muga ezartze. Literatur aberriak ere badu bere tokia, eta talentuaren, interesaren eta miresmenaren pasaportea besterik ez ditu eskatzen honek. Hainbat lagunen erretratuak eskaintzen ditu Lasak erakusketan: Ted Hughes, hiru Brontë arrebak (beste asko ez bezala, ez da Anne gazteaz ahazten), Robert Frost, Isaih Berlin, zendu berria den Seamus Heaney eta Fernando Pesoarenak. Azken honek zioen moduan, “bidaiak bidaiariak dira, ikusten duguna ez da ustez ikusten duguna, garena baizik”.
Ez gara gu izango lisboarraren hitzak gaitzetsiko dituena, baina beharbada, Ganbara aretoko protagonista gertuago dago Marcel Proust-en ideiatik: “ Aurkikuntza bidaia bakarra ez datza paisaia berriak bilatzean, begirada berriekin begiratzean baizik”.
Ez dago komentariorik