Kaixo. Giorgio Bassmatti naiz. Abestiak egiten ditut. Batzuek poperoak direla diote, beste batzuek aldiz folk kutsukoak direla. Gustuko dut abestiak egitea. Batzuetan diskoak grabatzen ditut, eta beste batzuetan youtubeko bideoak, errazagoa delako eta hartara ez zaizkidalako egin berri dudan abestiaren akordeak ahazten. Donostian bizi naiz, baina horrek ez du askorik inporta. Ez pentsa hiriko musikariei bi kafe eta bizikleta batekin La Buena Vida-ren diskoak ateratzen zaizkigunik.
#relaxingtunel izena zuen beste hainbat lagunekin irailaren 14an Egiako tunelean eskaini zenuen kontzertuak. Zer moduz atera zen esperimentua?
Emozioz negar egin nuen Mursego eta Ibon Rodriguez autoharpa eta tronpeta batekin, BMX Bandits-en “Students of Life” euskaraz jotzen entzutean. Zortzi lagun ados jartzea, horietako bakoitza bere excel eta betebeharrekin, zaila da kontzertua edozein izanda ere. Baina ondoan dituzunak horren pertsona harrigarri, xume, elegante eta irudimentsuak direnean, ezinezkoa da gaizki ateratzea. Karta bat genuen gordeta, “Star Wars” (interpretatu zuten diskoaren titulua, ezkutupean gordea dutena eta musikariek aipatu ere egin ez zutena).
Hau beste nonbait eraman liteke edo Donostian geratuko da?
Gure asmoa berriro egitea da –Madril agendan dago jada eta Bartzelonari ere ez zaio asko falta- baina errepika ezina izan zen.
Ez zaizu gustatzen bakarrizketaria zarela entzutea. Baina horixe da abestien artean egiten duzuna, bakarrizketa.
Ez, gorroto dudana da inork kantautore naizela esatea. Espainian oso esanahi zehatza hartu du hitz horrek, eta ez dut uste nik egiten dudanera egokitzen denik. “Songwriter” egokiagoa da, “abestigilea”. Abestien artean hitz egiteari dagokionez, ni horrelakoa naiz. Ez dut uste bakarrizketaria naizenik, baina batzuetan kalte ere egiten dit, entzuleek arreta gehiago jartzen baitute hitzetan abestietan baino; eta nik abestiak egiteari eskaintzen diot nire lana zein denbora. Egunen batean mimo batekin egingo dut bira. Nire abesti lasaienak mimoarekin, eta hitz egin dezala berak ni isilik nagoen bitartean.
Badira disko bat plazaratzeko lau urte behar dituzten taldeak. Zuk nahikoa duzu arratsalde batekin. Hori zer da, talentua?
Ez da hori. Asko jota, lotsa gutxi edo exijentzia perfekzionista gutxi izatearen erakusle da. Ez dakit, ideia bat badut, eta gitarrarako zerbait etortzen bazait burura, jo egiten dut. Normalean ez da arratsalde bakar bat izaten, baina denbora gutxi bai. Musika ez bada azkar ateratzen, edo hitzak ez bazaizkizu etortzen burura, edo ez zara bide egokitik ari, edo ez da une egokia. Itzuliko da itzuli behar badu. Gero abestia lasai utzi behar da une batez, zain egon, eta egiaztatu izugarri ona iruditu zaizun hori ez dela asko gustatzen zaizun beste abesti baten zati bat.
Zain egoteari dagokionez, Thee Brandy Hips geldirik den honetan pop belaunaldi errelebo gabe geratu gara?
Beno, ez gara horrekin erotu behar. Donostia ez da inoiz hiri poperoa izan, nahiz eta atera diren musikariek oihartzun handia izan duten. Aventuras de Kirlian (bere neurrian) eta Duncan Dhu edo La Oreja de Van Gogh asko zabaldu dira, nahiz eta hirian gauza askorik ez izan. Gogoratu La Buena Vida taberna batean entzutea ezinezkoa dela hiri honetan. Ez diot ezer egin ez denik, baina arreta handia eskaini digute. Nahiz eta pop musika ez izan gazteen zaletasuna, nahiz eta ez diren instrumentuak erosten eta ez diren garajeak okupatzen, nahiz eta kontzertuak antolatzeko oso toki gutxi dagoen, bada oraindik gauzak egiten dituen jendea.
Eta boom kultural bat ari da gertatzen, nabarmena da hori.
Ikusle gisa sekulako eskaintza kulturala dugu, baina sortzaile gisa beste gauza batzuetara gaude. Gazteentzat errazagoa eta atseginagoa da hip hop egitea esaterako. Baina ziur nago: lehenago edo beranduago pop talde interesgarriak loratuko dira Donostian. Gustuko dudana, ia denok -ni baino gazteagoak zein helduagoak tartean- harreman ona dugula da, eta ideia eta parranda asko konpartitzen ditugu. Batzuk rock zaleak dira, beste batzuk musika xamurragoa nahiago dute. Gustatzen zait komunitate sentimendu hori, benetako komunitatea ez bada ere.
Argazki askotan Alde Zaharreko Santa Luzia txurrerian zaudela agertzen zara. Hori da Donostiako txoko bereizgarriena?
Jajajaja! Ez dakit, nahiko toki kutrea da, vintage hitza sortu baino lehenagotik kutsu vintage hori mantentzen duena. Gogoan dut Dod Tv-rentzat “Pum pum”-en bideoa bertan grabatu nuela, Thee Brandy Hips-eko Asierrekin. Jendeak ez zuen begiratu ere egiten, diru eske hasiko ginela pentsatuko zuten… Jajajaja! Pentsa bertakooi gustatzen zaiguna turistentzat erakargarria ez dena dela. Pintxoak oso garestiak dira, paseoa beti dago jendez lepo eta askotan, baita hondartza ere. Egia esan, berdina gertatzen da gu beste hiri batzuetara goazenean.
Ez dago komentariorik