Zaila da Madril eta Bartzelonatik kanpo, zinema bertsio originalean ikustea. Donostian, zortea dugu eta astero dago halako hainbat gozatzeko aukera. Esaterako, orain, aukera alternatiboez gain, karteleran dauden “Al nacer el día”, “Nebraska”, “Philomena”, “Her” edo “Oh boy” ikusteko aukera dago. SADE-k egindako apustuari esker da hau dena, baina noski, bertsio originaleko filmak eskaintzeko zinema hauek egiten duten esfortzuak publikoaren erantzuna eskatzen du. Hau da hemen dugun abantaila, publikoaren parte batek, gutxiengoa bada ere, badu film hauekiko interesa, eta honek saio batzuk aste luzez iraun dezaten eragiten du. Lehenengo eskatu eta ondoren txalotzeak ez du ezertarako balio bertsio originaleko film emanaldietara joaten ez bagara. Baina pena merezi al du? Nire erantzuna argia da: bai. Jarraian, 10 arrazoi emango dizkizuet halakoetara bertara zaitezten.
1-. Aktoreak
Espainian bikoiztaile onak egon arren, hori dira, bikoiztaileak. Ez dute filmeko zuzendariarekin lan egin, eta beharbada, azken honek hogei bider errepikatu du toma aktorearen lana perfektua izan arte. Interprete handiak egonagatik ere, gehiago dira galtzen ditugunak. Adibidez, Philip Seymour Hoffman (omenaldia egiteko aprobetxatzen dut horrela) zoragarri azaltzen da “Punch Drunk Love” (“Embriagado de amor” – izenburuez beste batean arituko gara-) filmeko ondorengo eszenan. Eszena berean ikus dezakegu Adam Sandler, aktore ez oso betea, baina hemen bikain ikus dezakegu Paul Thomas Anderson-engatik ondo zuzendua.
)
2-. Ez dago zertan hainbeste irakurri
“Ez dut filmak irauten duen denbora osoa irakurtzen pasa nahi”, diote askok, baina ez da hainbesterako. Egia da dialogo askoko filmak badaudela, baina ez da ohikoena. Gainera, azpititulu onenak laburpenak dira, eta testua pixka bat jarraitu besterik ez dago filma ulertu ahal izateko. Dialogoetako ilera gehienak esaldi labur eta espaziodunak dira, konbertsazioetako uneak dira arazo minimoa sortzen dutenak. Ohitu ostean, ez gara irakurtzen ari garela ere ohartzen.
3-. Azentu eta imitazioak
Ingalaterrako erregina eta Baltimor-eko gamelu batek antzera hitz egitea zoratzeko modukoa da. Azentuan lan egiten duten aktoreek jende famatua imitatu eta ahotsa transformatzen dute ondoren bikoizketarako erabiltzen den hizkuntzak, gutxitan alternatiba eskaintzen duenak, dena zapuztu dezan. “El lobo de Wall Street” dugu adibide bat: Rob Reiner aktoreak interpretatzen du protagonistaren aita, eta hau segituan haserre jartzen dela dirudi. Telefonoa hartzean baina, britaniar azentua antzematen zaio.
)
4-. Ohitura kontua
Jende askorentzat, zinemara bertsio originaleko film bat ikustera joatea ezentrikotasun hutsa da. Frikien gauza dela, alegia. Alabaina, posible da hori esan duen pertsona berak gogokoen duen telesaila azpitituluekin ikustea gehiago itxoin ezin duelako. Betidanik ikusi dugu bikoiztutako zinema, eta aldaketa guztien gisan, arraroa suerta liteke. Hori bai, bertsio originaleko filmak ikusteari ekiten dionak halakoak ikusten jarraitu nahiko du.
5-. Hizkuntza berri eta artifiziala
Hain gaude ohituak, non ohartu ere ez garen egiten. Baina amerikarrak, frantsesak, japoniarrak gazteleraz hitz egiten entzutea… oso artifiziala da. Bikoiztaileak ahal duena egiten du hizkuntzen intonaziora hurbiltzen saiatuz, baina hala, hizkuntza berri antzeko bat sortzen da; esapide eta tonu ezinezkoekin. Nork dio “maldita sea”?
6-. My name is Buck…
Zenbat aldiz zapuzten da txistea, hitz jokoa, errima… bikoizketaren ondorioz? “Buck naiz eta larrua jotzera etorri naiz”, ez du ingelesez duen grazia bera!
)
7-. Hitchcock-ek huts egiten zuen
Bikoizketarekin filmaren zati garrantzitsu bat galtzen zela esan zuen behin Hitchcock-ek, baina are gehiago azpitituluekin. Gogor heldu zioten baieztapen honi bikoizketaren defendatzaileek. Argi dago Hitchcock ez zegoela bikoiztutako filmak ikustera ohituta, eta nahiz eta zinema zuzendaririk onena bera izan, horrek ez du ezagutzen ez duen zerbaiten aditu bihurtzen. Eta bestela, pentsatu Kubrick-ek egindako hondamendia “El resplandor”-eko bikoizketa berraztertzen ari zenean. Egia da azpitituluek ere badituztela kontra egiten dieten arrazoiak (ez dira hitzez hitzeko itzulpenak eta batzuetan informazio bisualetik nahasten gaituzte) baina emaitza ez dute bikoizketa batek bezainbeste distortsionatzen.
8-. Presentzia latinoa
Gaztelera geroz eta presenteago dago. Amerikarrak dira ikusten dugun filmen gehiengoa, eta geroz eta latino gehiago azaltzen dira hauetan. Hala, ez dira gutxi gazteleraren presentzia azaltzen duten filmak. Testuaren itzultzaileek mirariak egin behar dituzte hizkuntza berean mintzatzen diren bi pertsonek elkar ulertzen ez dutela adierazteko. Normalean ezinezkoa suertatazen da, eta irrigarria. Adibide asko daude. Hemen bat: Paz Vegak “Al pasar la barca” abestiaren letra azaldu behar dio Morgan Freeman-i. Bideo honetan bertsio originalean ikus dezakezue eszena. Bikoiztutako bertsioa aldiz, irrigarria da, biak azaltzen baitira gazteleraz hitz egiten. Filma “10 Item or Less” da (“Dame 10 razones”, eta hau da gaur ematen ari naizena. Berriz diot, izenburuei beste batean helduko diet).
)
9-. Desagertzen diren interpreteak
Ahotsa soilik jarri duten interpreteen kasuan, “Her”-en Scarlett Johansson-ek egin moduan, edo edozein narratzaileek egin gisan, edo animazioko filmetan; hauek desagertu egiten dira bikoiztutako bertsioan. Ez dugu haien berririk.
10-. Hotsen banaketa
Ez al zaudete nazkatuta aktore ezberdinek ahots bera izateaz? Edo are okerrago, aktore batzuek batzuetan ahots bat, eta bestetan beste bat edukitzeaz? Robert De Niro-ren benetako ahotsa ezagutuko al zenukete? Ziurrenik, haren ahots bikoiztua ondo gogoan duzue.
)
Amaitzeko, historia egin duten bikoiztaileenganako miresmena azaldu nahi dut, hala nola: Constantino Romero, Ramón Langa edo Miguel Angel Jenner, beste askoren artean. Bikoizketa gustatzen ez bazait ere, badakit arlo honetan artista handiak dabiltzala lanean.
Ez dago komentariorik