Ostiralean hasten da eta argi eta garbi esango dut: ez dirudi, hasiera batean behintzat, film handi asko daudenik. Dena dela, beti aurkitu dezakegu interesgarria den zerbait. Emakumearen presentzia garrantzitsua da bi era ezberdinetan. Alde batetik, gai ugari daude emakumearen egoera aztertzen dutenak eta bestetik zuzendari andre dexente daude. Programazio osoa zinemaldiaren webgunean ikus dezakezue. Gainera, prezioa barregarria da: 22€ ordaintzearekin nahi adina pelikula ikus ditzakezu. 16 laburmetrai ere badaude. Nik, aldiz, 10 metraje luzeko film gomendatuko ditut:
Izen onekoak
Zuzendari ospetsuak edo ezagunak diren tituluak:
1-. “Coming Home”, Zhang Yimou
Apirilak 17 – 19:30
Seguruenik aurtengo edizioko zuzendaririk ezagunena da. Yimou aspaldi ez zait interesatzen baina azpimarratu beharra daukat, hain zuzen ere, duen ospearengatik. Inaugurazioko filma izango da eta Txinan iraultza kulturalaren garaian jasan zuten zapalketa da jorratzen den gaia. Ziur eroso ikusten dela eta doinu konbentzionala duela.
2-. “Dreamcatcher”, Kim Longinotto
Apirilak 17 – 22:30
Kim Longinotto-k sari asko irabazi ditu, besteak beste 2011.en edizioko Giza Eskubidearen Zinemaldian bertan. Kasu honetan prostituzioaren mundu ilunetik atera nahi duen emakume baten istorioa kontatzen digu.
3-. “Difret”, Zeresnay Berhane Mehari
Apirilak 18 – 16:30
Perlak atalean ikusi genuen pasa den Zinemaldian. Berlinale eta Sundance-eko festibal ospetsuetan publikoaren saria erdietsi zuen eta beraz kulturetentzako film komertziala izan daiteke. Oso istorio latza da eta bortxaketaren inguruan bueltak ematen ditu. Seguru Donostian ere arrasto sakona uzten duela.
4-. “We come as friends”, Hubert Sauper
Apirilak 18 – 19:00
Agian askok ezagutuko duzue “La pesadilla de Darwin” dokumentala, Oscar sarietan nominatua egon baitzen. Hubert Sauper-en lan berri honetan Hirugarren Munduarekin izaten diren kooperazio “faltsuen” berri ematen du eta, horrela, neokolonialismo antzeko erlazio bat suertatzen da. Modu bitxi batean kontatzen du. Kontuz: festibaleko obrarik interesanteena izan daiteke. Atsegingo duzue.
5-. “The Cut”, Fatih Akin
Apirilak 19 – 19:30
Armeniarren genozidioaren 100. urtemuga bete da. Lehenengo Gerratean milioi armenio baino gehiago akatu zituzten, gehiago agian. Fatih Akin alemana-turkiarra zuzendari ezaguna da eta lan honen atzean dago. Duela 10 bat urte “Contra la pared” pelikularekin estreinatu zen arrakasta handiarekin. “The Cut” Venezian egon da jada eta epaimahaiak emandako saria lortu zuen.
Zinema frantsesa
Zinema frantsesaren uzta polita izango dela esan digute eta hori beti da albiste ona.
6-. “La profesora de historia”, Marie-Castille Mention-Schaar
Apirilak 18 – 22:30
Ez da Cantet-en “La clase” bezain ona izango baina arazoak dituzten ikasleen filmak beti izaten dira interesgarriak. Badakigu hasieran irakasleak arazoak izango dituela mutilekin eta pixkanaka-pixkanaka erlazioa hobetzen joango dela. Egiazkoa izatea nahi dugu eta, kasu honetan, hala da: benetan gertaturiko gertaera baita.
7-. “Caricaturistes, fantassins de la démocratie”, Stéphanie Valloatto
Apirilak 23 – 19:00
Gaia pil-pilean dago: karikaturak egiten dituzten 12 marrazkilari ausart ezagutuko ditugu. Arkatza edo boligrafoa fusiletarako balak baino indartsuagoa da.
8-. “Hippocrate”, Thomas Lilti
Apirilak 24 – 20:00
Festibalaren azken filma da eta lehiaketatik kanpo dago. Egoera etiko eta profesional latz bati aurre egin behar dion mediku baten istorioa kontatzen du. César sarietan nominazio batzuk izan zituen eta Reda Kateb aktoreari sari bat eman zioten.
Gai bitxiak
Atentzioa deitu didaten pare bat bitxikeri:
9-. “Drone”, Tonje Hessen Schei
Apirilak 22 – 19:00
“Drone” hitza leku guztietan aurkitzen dugu, nonahi. “Fuerza Mayor” pelikulan, “Furious 7”-n ere bai… Oraingoan makina hauen atzean dauen injeniarien mundua aztertzen du eta baita nola bideojokoen konbentzioetan gaztetxoak harrapatzen dituzten . Oso itxura ona du eta, gainera, ipar-europako pelikularen bat gomendatzea beti dut gustoko.
10-. “Bring the Sun Home”, Chiara Andrich eta Giovanni Pellegrini
Apirilak 23 – 22:30
Nazioarteko kooperazioan suertatzen ari diren bide berriak aztertzen ditu. Mundu osoko emakume analfabetak Indian elkartzen dira Barefoot College izeneko lekuan eta elektrizitatea sortzen ikasiko dute euren herrialdetan martxan jartzeko xedearekin. Ordu bateko dokumentala da eta “La larme du bourreau” laburmetraia ere ikusi daiteke.
Ez dago komentariorik