Jakinaren gainean izango zarete maiatzaren 5ean Zurriolako hondartza itxiko dutela denboraldiaren ondorioak guztiz konpontzeko. Surfistentzat kolpe animiko handia da (eta kasu batzuetan ere ekonomikoa) eta ikusiko dugu ea udaletxeak soluzioren bat aurkitzen duen. Nik omenaldi txiki bat eskainiko diet ondorengo surf pelikula sorta biltzen.
Errepasoari hasiera emango diogo “El gran miércoles” pelikularekin, John Milius-ek 1978an zuzendu zuena, Conan, el bárbaro-ren zuzendaria hain zuzen ere. Doinu nostalgikoa du, gaztaroa goraipatzen duena. Hiru lagun, hondartza ilunsentiak, bizipen hunkigarriak eta 70. hamarkadak duen ukitu nahastezina. John Milius bera surf jarraitzailea zen eta gakoa hor egon daiteke. Eta honek, aldi berean, azaldu dezake Milius gidoilari moduan egon zen “Apocalypse Now” filma. ¿Nork ez du gogoratzen Kilgore kapitainaren explikazio bortitza hondartzan surf egiteko?
“If I say its safe to surf this beach, Captain, then its safe to surf this beach! I mean, I’m not afraid to surf this place, I’ll surf this whole fucking place!”
90. hamarkadara goaz orain, mundu guztiak ezagutzen duen pelikulaz hitzegitera: “Le llaman Bodhi”. Kathryn Bigelow zuzendariari Oscar-a emango zioten “En tierra hostil” filmarengatik baina nire ustez haren lanik borobilena hau da. Eta meritu itzela du: Patrick Swayze eta Keanu Reeves bikote arraro zein txarra da. Aitzakia istorio poliziakoa bada ere Bodhi-ren pasioa da punturik interesgarriena Bells Beach-en olatu erraldoia azkeneko eszenan topatzen duen arte. Ondorengo bideoan ikus dezakezue. Jatorrizko bertsioan dago eta adi egon: Keanuk gazteleraz esaldi bat dio.
Eta Bodhi olatu perfektoaren bila bazegoen, Jay Moriarty-ren obsesioa berbera da “Persiguiendo Mavericks”-en 2012ko filman. Benetazko pertsonaia antzezten duen Jonny Weston-i Frosty Hesson-ek (Gerard Butler) konpania egiten dio ezinezkoa dirudien ekintza gogoangarri batean. Curtis Hanson-ek zuzentzen du, “L.A. Confidential”-ren atzean dagoen zinemagilea.
“Shelter”-en (2007, Jonah Markowitz) muina ez da surfa izango, homosexualitateari aurpegia eman behar dion gaztetxo baten istorioa baizik. 2011ko “Soul Surfer” filman ildoa ere dramatikoa dugu: marrazo batek neska bati besoa irensten dio.
Takeshi Kitano bera ere surf munduan murgildu zen “A Scene at the Sea” filmarekin. 1991an burutu zuen, “Sonatine” aurretik. Ez da batere poetikoa, baina japoniar ukitu partikular berezia duela ezin zaio ukatu.
Eta bukatzeko umore apurtxo bat. Surf eta zinema binomioak proposizio eroak ere izan ditu –“Los surfistas nazis deben morir”, esate baterako- baina dudarik gabe Kurt Russell protagonista den “2013, Rescate en L.A.” da, John Carpenter-ek zuzendurikoa. Benetan baliagarria:
Ez dago komentariorik