Irungo Café-an Mushroom Caffeine eta Juancar Bloody Mary-rekin afaltzen zuen bitartean, Monoman ezizenez ezaguna den Jeff Conolly zoriontsu eta animotsu zirudien. Ez da bat ere datu baztergarria kontutan izanik karaktere aldakorra duen gizona dela. 35 urte igaro badira ere, autarkiaz kapitaneatzen du -“Lyres ni naiz”- 80. hamarkadan garage revival izenez ezagunak ziren banden artean nagusiena. 60. hamarkadako garage-punk ispiritua azaltzen zuten banda nagusien artetik The Cynics, The Fleshtones, The Chesterfield Kings eta The Fuzztones taldeez gozatzeko aukera izan dugu hainbatetan. Lyres, hasieran ezaguna izan genuen “The”-rik gabe, gure heroiaren nahien arabera hedatuz joan da gutxinaka.
Haren legatu baliotsua, ziurrenik generoaren zale direnen artean oroituena, Munster selloak berrargitaratu du eta “On Fire” eta “Lyres Lyres” disko handiak gure artean ditugularik, zer dago hauek zuzenean entzutea baino hobea? Aurretik aritu zen Mushroom Cafeine hondarribiar taldeak zapore gozoa utzi zuen. Haien lehen LP-aren, “Liquid”, abestiak aurkeztu zituzten, haien aurreko 10” baino estilistikoki irekiagoak, garaje-rock aren ildoan, eta hotsak aldatu, gitarra belauniko jo eta bateria bortizki jo zuten eskainitako show entretenigarrian.
Jeff Conolly eta Lyres aldatu ezin diren piezak direla lehen minututik geratzen da argi: gainerako musikoak teklatu jole ezagunetik aldendu, eta bigarren mailako aktore izan ziren, makinariak ondo funtziona zezan artistari laguntza eskaintzera joan izan balira bezala. Esfortzu izpirik ez, keinurik ez, gitarra eta bateria joleak nagusiaren kontsignari arreta jartzen dioten bi figurante dira.
Conolly, begirada guztien zentroa, ez da animalia eszenikoa. Ez zen haren instrumentutik zentimetro bakarra ere aldendu, noizbehinka ezker eskuaz pandereta astintzen zuen baina une bakarrean ere ez zen publikoarengana zuzendu. Underground rock and roll izarraren ospea erakutsi, 13th Floor Elevators-en korbata deigarria azaldu eta hots txorrota zoragarriari hautsa kentzearekin nahikoa izan zuen. Bertan dugu inspirazio izan zituen bandei fidel zaien gizon beteranoa, garajea espresio artistiko gisa erreibindikatzen duen gizona.
Musikalki 1984-86 urteetan gelditu da denbora. Izan ere, “I reall want you right now” abestiaren birsortze urratzaileak emandako amaieratik atera ziren. “Don´t give it up now” eta “Help you Ann” abestiak poztasun handiz ospatu zituen publikoak. Lyres on fire. Tramo zentrala ez zen horren bibrantea izan, soul piska bat eta bateriarekin arazo teknikoak ere izan ziren, baina honek ez zuen Monoman bere onetik atera. Gure gizonak egun bikaina izan zuen eta hori beti da albiste ona rock and roll-arentzat.
Ez dago komentariorik