Asteartea 6 eta osteguna 8: “Mendi tour”
(Antzoki Zaharra, 19:30tan)
Prezioa: 5€
Mendizaleentzat, eta soilik haientzat, egindako filma da, ez baitut uste zinematografikoki erakargarritasuna duenik. Bilbao Mendi Film-en eskainitako pieza onenak ikusi ahal izango ditugu Donostian. Mendi Tour iniziatibaren hautua izan da, eta jaialdia beste hainbat hiriburuetara ere eramango du. Esan dudan moduan, mendia gustuko baduzue, interesgarri suertatuko zaizue. Bi egunetan eskainiko da, maiatzaren 6 eta 8an.
Asteazkena 7: “La ronde”
NOSFERATU: MAX OPHÜLS (Antzoki Zaharra, 20:00tan)
Prezioa: 4,60€
Nosferatu zikloa maiatzean bukatuko zaigun honetan, Max Ophüls-en etaparik onenaz gozatzeko aukera izango dugu. 50. hamarkadan murgilduko gara. Film honetan joko narratibo berezia eskaintzen zaigu, izan ere, estruktura zirkularreko pelikula koral gisa funtzionatuko du. Bertako gidoia Oscar sarietarako izendatua izan zen eta garaile Venezian. Arteak duen lana ere hartu kontutan.
Osteguna 8: “10.000 km”
TRUEBAKO OSTEGUNAK (Trueba zinemak, 21:30tan)
Prezioa: 6€
Truebako Ostegunak ekimenaren maiatza-ekaineko denboraldi berria martxan da. Hasiera emateko gehien esperotako estreinu espainiarra izango dugu ikusgai, “10.000 Km”, Malagako zinemaldian arrakasta itzela izan zuen filma (pelikula, zuzendari, aktoresa eta kritikaren saria). Aurten ikusi behar izango dugun filma espainiarra da. Estreinaldia izan baino aste bat lehenago ikusteko aukera izateaz gainera, Carlos Marques-Marcet zuzendariaren presentziaz gozatu ahal izango dugu filmaren proiekzioaren osteko solasaldian.
Astelehena 12: “Roadmap to Apartheid”
KRESALA ZINEKLUBA (Kutxa Arrasate aretoa, 19:30tan)
Prezioa: 4€
Palestinari buruz mintzatuko den apaingarririk gabeko dokumental serio batekin ekingo dio Kresala zineklubak hilabete berriari. Planteamendua originala da: Hegoafrikako apartheid egoera eta egun Palestinan bizi duten egoeraren arteko paralelismoa azaltzen du dokumentalak. Honetan oinarriturik, artxiboko lekukotasun eta irudiak aintzat harturik artikulatuko dokumentala da, ezer berririk ez, baina zorrotz azaltzeko asmoz.
Asteartea 13: “Verano”
TABAKALERA ZIKLOA (Antzoki Zaharra, 20:00tan)
Prezioa:
Tabakalera Zikloak ez du etenik. Zinema independentearen barruan hilabetero eskaintzen dute film bat beste kultur etxe batzuekin batera. Eskaintzen dituzten filmak independente dira eskaintza independentearen barruan. Balore bat ematen duten apustu arriskatuak eskaintzen dituzte. Kasu honetan, José Luis Torres Leiva zuzendari txiletarraren lana aurkeztuko dute. Terma batzuetan girotzen da filma, eta bertako bezeroen bizipenak dira azalduko dizkigunak.
Asteazkena 14: “Le plaisir”
NOSFERATU: MAX OPHÜLS (Antzoki Zaharra, 20:00tan)
Prezioa: 4,60€
Ophüls-era buelta. Guy de Maupassant-en istorioen adaptazioa da asteazken honetan eskainiko digutena. Plazerraren inguruko hiru jazoera. Ziklo honetan hainbatetan ikusi ahal izan dugun Ophüls jostagarriaren irudia berriz ere aurkitzea interesgarri suerta daiteke. Ricardo Aldarondok haren indispensable TOP 10 Ophüls-en dionez, “Eyes Wide Shut” gogorarazten duen maskarekin egindako dantzen sekuentzia bat dago, eta Kubrick pelikula honen admiratzaile omen zen. Ez diogu maisuari kontrakoa esango (Kubrick-i diot, baina beno, ezta Aldarondori ere).
Asteazkena 21: “Madame de…”
NOSFERATU: MAX OPHÜLS (Antzoki Zaharra, 20:00tan)
Prezioa: 4,60€
Zikloko azkena. Max Ophüls-en azken aurreko filma (gogora dezagun haren azkena, “Lola Montes” inagurazioan ikusi ahal izan genuela). Duela gutxi Wes Anderson-ek haren 10 pelikula gogokoen zerrenda eman, eta film hau zerrendako lehen postuan zeukala azaldu zuen. Drama erromantiko honek sofistikazioa bilatzen du antzezpenean, eta zikloaren amaiera izanik, gozatzeko aukera emango digulako esperantzaz nago.
Osteguna 22: “Centro histórico”
TRUEBAKO OSTEGUNAK (Trueba zinemak, 21:30tan)
Prezioa: 6€
Truebako Ostegunak ekimeneko hilabete honetako azken emanaldian, Portugali buruzko filma eskainiko da. Lau dira zuzendari prestigiotsuek burututako istorioak (Pedro Costa, Manoel de Oliveira, Victor Erice eta Aki Kaurismäki), eta Guimaraes-en (Portugal) girotuak daude denak. IvánVillarmea Álvarez da gonbidatua, eta 19:00etan Sukaldean (Tabakalera) “Jugar con la Memoria: El Cine Portugués en el siglo XXI” aurkeztuko du. Inork entzuten ez gaituen honetan, lau zuzendari prestigiotsu hauetatik hiru lo hartzeko modukoak iruditzen zaizkit, baina haien pasartea eskaintzeko 20 minutu dituztela jakinik, haiengana hurbiltzeko une egokia izan daiteke.
Ez dago komentariorik