Zentrotik oso hurbil badago ere, jakina da izaera handiko auzoa dugula Amara. Haren bizilagunak amaratar identitateaz harro daude eta Anoeta eta Easo plaza artean luzatzen den auzoa asko maite dute. Bada, horietako bizilagun bat baldin bazara datorren maiatzaren 30ean galduezinezko hitzordua daukazu Mentxu Gal plazan, Araba parkearen parean: besteak beste, Amarapedia ekimena jarriko da martxan, “Amara auzoaren kultura nahiz identitatea” sustatu nahi duen proiektua hain zuzen ere, bizilagunen kolaborazioarekin. Horrela, Amara munduko lehen “Wikipedia auzoa” bilakatuko da.
Plana hauxe da. Lehenik eta behin, partaide guztiak Wikipediaren funtzionamendua behar den bezala ezagutu dezaten, zenbait ikastaro egingo dira Ernest Lluch Kultur Etxean. Egun batzuk lehenago izango da. Dena dela, 30ean bertan hainbat gidari eta laguntzaile egongo dira Wikipediako asuntoekin inor galdu ez dadin. ‘Edit-a-thona’ izeneko gunea ezarriko da plazan eta bertan 10-15 ordenagailu jarriko dira parte hartzaileek Amara auzoaren inguruan edukia sor dezaten. Nahi duenak eskuragarri izango du kontsultatzeko materiala. Listo. Hemen dugu jada: Amara wikitzeko prest egongo da gogoangarri izango den jazoera batekin; hots, auzoko kale, eraikin, jende, monumentu, plaza eta abarren edukia bizilagunak Wikipedian sortu eta argitaratzeko prest egongo dira.
Olatu Talka jaialdi kulturalak martxan jarriko duen ekimen original eta bitxi baten aurrean gaude. Egitasmoaren helburua “Amara auzoaren identitatea eta kultura zabaltzea” da Donostiako auzoetan presentzia areagotzeko asmoz “Olatu Talka Guneak” izenaren lelopean. Antolatzaileak (Amarako Ernest Lluch Kultur Etxeko Liburutegia, Euskarazko Wikipedia komunitateko Wikilariak, DSS2016, Donostiako Udaleko euskara zerbitzua eta Amarako auzotarrak eta elkarteak) hizkuntza ezberdinetara itzultzeko konpromisoa hartu dute eta euskerari lehentasuna emangio diotela adierazi dute. “Wikipediako euskarazko edukia indartzea eta euskarazko wikilarien komunitatea indartzea du xede”.
Halaber, Mentxu Gal plazan puntu mixtoa izango da, ekintza gehigarriekin osatuko dena, besteak beste, hitzaldiak, mahai-inguruak… Baina Amarapediaren bidaia ez da hemen bukatzen. Olatu Talkaren bulegoan egitasmoari jarraipena eman nahi diote eta bide ezberdinak ari dira aztertzen. Horietako bat benetan erakargarria da eta gaur egungo mundu digitalarekin bat egiten du: mugikorrak dekodifikatzen dituzten ohiko QR kodeak kale ezberdinetan jarri nahi dituzte espazio bakoitzaren historia ezagutzeko aukera emateko Wikipedian jarri den informazioaren bitartez. Horrela, Amara eta Wikipedia betirako egongo dira elkarrekin.
Ez dago komentariorik