Maiatzaren 29, 30 eta 31an gertatuko den Olatu Talka jaialdirako bost hilabete falta dira jada. Denbora dexente, baina antolatzaileak (Nagore Irastorza -kultura-, Estibaliz Parada -komunikazioa- eta Edorta Subijana -proiektuak-) buru eta belarri ari dira lanean Grosen kokatuta dagoen Okendo kultur etxeko lehenengo solairuan. Duela gutxi arte biltegi bat izan zen gune txiki batean dago bulegoa eta start-up baten itxura dauka.
Egia esan, ahal duten moduan txukundu dute bulegoa. Kontutan hartu behar da hemen ez dagoela leihorik. Edorta bera margolari gisa aritu da paretan zenbait marrazki egiten eta azkenaldian nahiko ezagunak egin diren bere donostiako argazki-muntai batzuk paretan zintzilikatu ditu. Ez dira batere gaizki geratzen. Pare bat ordenagailu daude eta izkina batetan zokoratuta mahai bat dago. Bertan ari dira hiruak lanean. “Eta hau martxan jartzen badugu?”, galdetzen dio bere buruari Edortak Kontxako baxuetan muntatu duen azoka seinalatuz. Azkeneko hilabetean sortu berri den lan-taldearen erlazioa ona dela dirudi.
Lantalde hau hurrengo puntuan dabil: herritarrak jarduera ezberdinak proposatzen ari dira programazioan sar daitezen. Proposamenak helarazteko epea abenduak 17tik otsailaren 19ra arte dago zabalik. Eta gero erloju kontrako probari ekingo diote antolatzaileak. Proposamenak ugariak dira. Prozedura benetan erreza da: Olatu Talkaren webgunean formulario bat topatuko duzu eta bertan deskripzio txiki bat apuntatu behar da, beharrak aipatu, ordutegia, partehartzaileak… Olatu Talkaren lantaldeak proposamenak egokiak eta bideragarriak ote diren aztertzen ditu eta, gainera, idei berriak gehitzen dituzte amaierako emaitza hobea izan dadin.
“Jendea motibatu nahi dugu. Jendeak proiektuan sinisten badu eta ilusioa badauka funtzionatu dezake. Inork ez du Olatu-talka ulertu behar hiriarengatik egin beharreko esfortzu extra bezala. Musikaria bazara eta abestiak konpartitzea gustokoa baduzu gozatuko duzu. Ez da profesional batek haren zerbitzuak saltzeko gunea; hiritar batek haren proiektua aurrera ateratzeko aukera baizik”, dio Edortak.
Amateur izaera duen jaialdi baten aurrean gaude; partehartzaileak, beraz, ez dute deus ere kobratzen. Baina artista ospetsuak ere parte hartzen dute, aurreko urtean Berako Joseba Irazoki musikariaren kasu. “Amateur hitza kalitate baxuarekin erlazionaten da askotan eta horrekin apurtu nahi dugu. Olatu Talkara datozen artistak musutruk parte hartzen dute, bai, baina batipat kultura maite dutelako eta dituzten gaitasunak jendearekin adierazi nahi dituztelako”.
Erronka handia da, hasteko aurreko edizioaren ispilua aurrez-aurre dutelako. 2014ean hirian zehar zein hiri inguruetan 250 ekintza ospatu ziren 6 bloke tematikotan banatuta: zuzeneko musika (Talkalive); gastronomia eta aniztasuna (Sukaldanitzak); teknologia berriak (Hackathon); urbanismoa (Haurbanistak); Infusioak, hau da, amateur eta profesionalen arteko kolaborazioak; eta mugikortasuna (Ziklobia).
Aurtengoa transtsizioaren urtea da. Olatu Talka Donostia 2016ko gertaera gogoangarria izan da 2010ean martxan jarri zen geroztik eta aurten, lehenengo aldiz, Donostia Kultura, donostiako udaletxearen zerbitzua, izango da bultzada nagusia emango diona. Plana da hirian guztiz solidifikatzea, 2016 baino haruntzago joan. Kultur etxeak protagonistak izango dira eta Zentroan ez da mami guztia konzentratuko.
“Herritarrak eta agente guztiak prozesu osoan integratu nahi ditugu“, azpimarratzen du Edortak. “Oso garrantzitsua iruditzen zaigu Olatu Talkaren esperientziatik zeozer ikastea eta horretarako ekintza ezberdinak burutzen ari gara”. Adibide gisa jartzen du jaialdi askotan ikusten ditugun karpa txuri horiek. “Kasu guztietan dira beharrezkoak edo hiriak berak beste irtenbideren bat eskaintzen digu? Galdera hauek askotan egiten ditugu bulegoan. Alternatiba da hiritarrak berak espazio horiek eraikitzea”.
Gastua handitu daiteke, onartzen du Edortak, “baina karpa hutsa baino iraunkorragoa den zerbait eraikiko dugu”. Komunikazio esparruan ere filosofia bera atzematen da: iragarkiak komunikabideetan ipini beharrean apustua bestelakoa izango da, edukinak sortu eta sare sozialen bidez zabaldu alegia. “Berria ahotan ibili behar da, Twitterren edo Facebooken edo tokatzen den sarean. Hori da gaur egun funtzionatzen duen tresna”. Zentzu honetan, ispilu ezberdinak dituzte bai madrilen (Campo de Cebada), eibarren (Berreibar) edo Txiringailu bezalako proiektu txikiak Egian. Olatu Talkaren lehenengo etapa martxan dago. Badoa. Eta itxura ederra dauka.
Ez dago komentariorik