Bizitzak, askotan, egia eta edertasunaren artean hautatzera behartzen gaitu. Horregatik, norbaitek bi ezaugarri horiek batzea lortzen duenean hura ospatu eta bi aldiz bisitatzea ere merezi du. Kubo aretoan daude Francesc Català-Roca-ren (Valls, 1922-Barcelona, 1998) maisulanak ekainerarte ikusgai. Català-Roca XX. mendeko europako dokumental argazkilari onenetakoa da, eta Kubo aretoko komisarioa den Chema Conesa-ren esanetan, “egiatasun eta fedea bete betean islatzeaz gain, gu ezagutzera bultzatzen gaituzten irudien mintzairen kontzientzia ere azaltzen du Català-Rocak bere lanetan”. Erakusketan egon denak, urteko nahitaezko bat dela ziurtatuko du.
Kontrastean jartzeko, lanbide bereko kideengan jarriko dugu begirada. Català-Roca-ren miresle den Javier Etxezarretak dionez “Català-Roca-ren erakusketa ikusi dudan erakusketarik onenetakoa da. Ez zen artista kontsideratzen, argazkilari baizik, eta honek lan egiteko duen modua ondo laburtzen du. Zapaltzen zuen toki bakoitzeko uneak atzeman, lapurtu eta lortu nahi izaten zuen, eta baita lortu ere. Gainera, argazkilari honen kalitate estetikoak errealitatea hobetzen zuen”. Henri Cartier-Bresson-ek ezagutarazi zuen une erabakiorraren aitzindari izan zen, jakin gabe, horixe baita aitzindari izatea. Begi estetikoak eta begirada humanistak egiten zuten bat Català-Roca-ren begi ninian, etorkortasun edo juizio aztarnarik gabe.
Javi Julio argazkilari eta kazetariarentzat, Català-Rocaren obra “50 eta 60. hamarkaden kontakizuna da”. Bi gauza dira beragan gehien gustatzen zaizkidanak: lehena, artista hitzetik aldendu nahi hori, kopia bakarreko kontzeptutik, nahiz eta garai hartako Dali, Tapies edo Miró (zeinari obra guztia dokumentatu zion) artistekin bizi izan zen. Argazkilari kontsideratzen zen, ez beste ezer. Haren argazkiei ere ez zien izenik jartzen. Bera zen laborategiko lanak egiten zituena, errebelatu eta berlaukiratzen. Oso langilea zen eta lan asko gorde ditu. Argazki hauek egiteaz gain, nahiz eta hauekin gozatzen zuen gehien, lan elikagarriak ere egiten zituen behartuta: publizitatea, bodegoiak…”. Baina lan hauetaz ere atera zuen probetxua: lan hauek “argazkilari tekniko” bihurtu zuten.
Català-Roca-rekiko begiruneak bokazio edo gustu pertsonalak gainditzen ditu. Ainara Garcia argazkilariak dionez, “bere estiloa eta mundua ikusteko zein kontatzeko era nire interpretazio fotografikoarekin oposizioan daude, baina hala ere, betidanik mirestu izan dut haren lana”. Beharbada zuri eta beltz horiek dira, non zuriak zuri diren, eta beltzak beltz. Erraza dirudien arren, ez da erraza lortzen. Argazkiek erakusten duten kontraste monokromoari esker ez da kolorearen ausentzia faltan botatzen. Alabaina, koloreak dira atentzioa deitzen dutenak, eta zuri eta beltz koloreak ez dira nabarmentzen. “Hori gertatzen da argazkiak harrapatzen ez bagaitu, baina artista Kataluniarrak lortu zuen”.
150 argazki daude ikusgai erakusketa honetan eta hauen hautaketa ez da lan erraza izan. Izan ere, hiru hamarkadek utziriko ondarea 200.000 negatibo baina gehiagokoa da. Gure hiru argazkilariei ere zail jarri diegu hautaketa: erakusketako argazki bakarra aukeratzea. Hirurak kexatu dira enkarguaz, eta hala esan du Javi Juliok: “Erakusketako argazki guztiak gustatu zaizkit. Zaila da bakarra hautatzea”.
Javier Etxezarreta: “Argazkiek erakusten duten indarrak aho bete hortz utzi ninduen”
“Neska txiki bati Bartzelonako kanpoaldean egindako erretratua da. Egun hartan ere la Chunga erretratatu zuen dantzan. Ez da bere obraren argazkirik adierazgarriena, hiri ehiztaria zen bera, eta gainera argazki honek ez du haren tonu ironikoaren berri ematen. Baina ezin izan zuen begirada argazki honetatik aldendu. Arrazoia ere ez da neskatxa, ezta itxura pobrea ere, eszenan biltzen den emozioagatik da. Alde batetik protagonista guztiz erakargarria da, azaltzen duen begiradak zeri edo zeini begiratzen dion galdetzera behartzen gaitu, baita zer babesten duen hainbesteko maitasunez. Bestalde, badirudi pertsonaia sekundarioei grazia egiten diela gizonak haiengan duen interesak. Meritu handia da bertan kamararekin egon eta oldarkor ez iruditzea. Fondoari dagokionez, perfektua da, umeekin koherente. Eskuinerantz egiten du fondoak, baina hau ezin da kasualitate izan argazkiak atera eta egun batzuetara berlaukiratzen baitzituen. Honek, eszena emozionalki desestabilizatzeaz gain, neskari protagonismo handiagoa ematen dio, eta beraz, dramatizatu gabe baina indar handiagoa ematen dio. Dituen plano andanak, sakontasunak eta indarrak aho bete hortz utzi ninduen, eta horregatik gustatzen zait”. @etxezarreta
Javi Julio: “Erretratatutako pertsona duintzen zuen”
“Lapiko beretik jaten agertzen diren aita eta semearen erretratua gustatzen zait bereziki. Motibo teknikoengatik baino gehiago, garai hartan landan, jendea nola bizi zen imajinatzen laguntzen didalako gustatzen zait. Nire aitak kontatzen zizkidan istorioak dakarzkit gogora: landara lanera joateko eskola 9 urterekin utzi behar izaten zuten umeen istorioa, lana egiten zutenen artean lapikoa ere banatu behar izaten zutenena. Hirian, kanpoko auzoetan eta landan egiten zuen lan argazkilari honek. Eta argazkietan pobrezia eta beharra azaltzen bazituen ere, atsegin egiten zituen beretzat zein argazkiko protagonistentzat deseroso ziren egoerak. Erretratatutako pertsona duintzen zuen. Gauza umil eta isilenak goratzen zituen. Ez zuen argazki agresiborik egiten, beharbada bazuen ironia puntu bat, baina ez ziren egoera deserosoak. Umiltasun eta protagonisten maila sozialaren inguruko pistak ematen dituen eszenak badira ere, hiri eszenetatik dezente aldentzen direnak duintasun eta naturaltasunez erretratatzen ditu”. @javijuliophoto
Ainara Garcia: “Ez du inork begiratzen, argazkilariak soilik”
“Semiramis-ak, División Azul-eko azken presoekin batera, 1954 ean Bartzelonara iristen azaltzen duen argazkia aukeratu dut. Asko gustatzen zaidan argazkia izateaz gain, Català-Roca-ren lan egiteko era islatzen duela iruditzen zait. Argazkian, emakume bat azaltzen da jendetzaren erdian. Bere aurpegiko jestuak norbaiten bila ari dela edo zerbait esan nahi digula adierazten du. Baina gauzarik deigarriena inguruko pertsonek begiratzen ez dutela da. Inork, argazkilariak salbu. Català-Roca kale erdian kokatzen zen, mila begien artean, jendetza zuelarik inguruan… Hala ere, kapaza zen inork ikusten ez zuena, inork kontutan hartzen ez zituen eta nabarmen gertatzen ez ziren momentu laburrak fotografiatzeko. Halakoa zen bera: eguneroko errutinako egoeretatik errepikatuko ez diren uneak hilezkortzeko kapaza. Eta hauek denak, argazkilaritzaren historiaren parte bilakatu dira”. @ainaraga
Ez dago komentariorik