Espazioa, denbora eta geometria dira Pablo Valbuena artista madrildar gaztearen hiru ardatz nagusiak “The Remains of Time” (denboraren hondarrak) izeneko erakusketan. Koldo Mitxelena Kulturuneko (KMK) erakustarekoan dago ikusgai eta haren lana bi eremu ezberdinetan zatitzen da.
Jaitsi eta ezkerraldera bazoaz, lanik ikusgarrienarekin topatuko zara. Ez zara damutuko. Q-tiling izena du lurzoruan dagoen pieza nagusia. 400 baldosaz osatuta dago eta horiek 25.600 milioi forma-posibilitate sortzera irits daitezke, Sebastian Truchet-en (1657-1729) diagramak dioten bezala. Baldosa bakoitzean pare bat triangulo daude, bata txuria eta beltza bestea. Eta erakusketak iraun duen bitartean -hilabete t´erdi inguru- Koldo Mitxelenako langileek baldosak eskuz manipulatu dituzte guztira 24 imajin ezberdin osatu harte. Lan aparta. Ez dira 25.600 milioi, baina esperimentua benetan liluragarria da.
Valbuenak beraz metamorfosi infinituaren inguruan hausnarketa bitxia eta sakona egiten du. Dena aldatu egiten da denboraren poderioz baina, aldi berean, ez da ezer aldatzen. Guztiz gomendagarria.
Erakusketaren eskubiko aldean, berriz, pentsamendu zinematografikoaren ideia da nagusi; bisitaria erakusketa aretoan zehar dabilelarik sortzen da muntaketaren ideia. Light studies serieaz gain hausnarketarik interesgarriena Light Geometries seriean konzentratzen da. Piezak paretan proiektatuta aurkitzen ditugu, marrazki mugimenduak hain zuzen ere, eta gure zentzuak jasotzen duten informazioa zalantzan jartzen dugu. Fidatu naiteke nire bistak ikusten duenari buruz ala ez? Imajinak ez dira hasiera batean uste dugun bezalakoak. Edo agian bai. Zeinek daki.
Pablo Valbuenaren mundu miresgarriaz gozatzeko solik gaur ostirala (16:00 – 20:00) eta bihar larunbata (11:00 – 14:00 / 16:00 – 20:00) duzu. Azken deia.
Ez dago komentariorik