Historikoki, San Telmo museoa turistek bertakook baino gehiago ezagutzen dute. Beharbada Alde Zaharrean bertan dagoelako da, eta ez delako Florentziaraino hegazkinean joan eta museo batera sartzea bezain erakargarria. Edo apika, hilarriz beteriko komentu baten bidez Euskal Herriaren historia kontatzen duen museoa bisitatzea ez da larunbat arratsalde baterako planik onena. Hori dela eta, 2011ko birmoldaketa ausartaren aurretik, gutako asko umetan bakarrik izan ginen bertan, eskolak antolatuta edo amaren eskuari helduta, eta Altzoko Erraldoia gogoratzen dugu soilik.
Erreformari esker, puntu asko irabazi ditu. Museoaren oinarria mantentzen da, logikoa denez, baina badago guztiz berria den beste zati bat ere, zirraragarria, abangoardiakoa eta interesgarria dena. Agian ez da horrenbesterako. Edo bai. Guk bisitatuko dugun zatia albo baten dago, eta oharkabean pasa daiteke. Bertara heltzeko, Donostiaren setioa, sutea eta berreraikuntzaren inguruko behin-behineko erakusketa gainditu behar dugu lehenengo. Eskuinean utzi, eta klaustroan gaudela, bigarren pisura daramaten eskaileratan gora egin behar dugu “Despertar de la Modernidad” dioen afixa jarraituz.
Eskuinerantz biratu eta hortxe dago: hogei metro luze eta bi metroko zabalera duen zorioneko pasilloa. Arreta ematen duen lehenengo gauza zentzumenen arteko nahasketa surrealista da: Massielen “La,La,La” entzuten dugun bitartean, Euskal Rock Erradikalaren (Kortatu, Barrikada, Eskorbuto…) afixa ezagunenei zuzentzen diegu begirada.
Alderdi kulturala, politiko eta sozialarekin nahasten da etengabe. Diktaduraren azken urteak eta ondorengo demokraziaren hastapenak ikuspegi aske batekin narratzen dizkigu. Hori da gakoa.
80. hamarkadako gizarte mugimenduek (ekologismoak, antimilitarismoak, feminismoak) eta gatazka politikoak eragin handia zuten orduko musika talde entzutetsuenengan. Garai berekoak dira ETAren hainbat atentatu jasan zituen Lemoizen eraikuntzaren berri ematen duten afixak. 1984an eraikuntza lanak bertan behera geratu ziren.
Euskadiren eta Espainiaren historia nahasten dira. Hedabideen eragina aztergai duten Trantsizio garaiko zenbait egunkariz gain, irudi gogoangarriak -Felipe Gonzalezek 1982ko Hauteskunde Orokorrak irabazi zituenekoa, besteak beste- eskaintzen dituen telebista ere badago. Aldi berean, euskalzaletasunaren boomaren berri ematen du erakusketak: ikastolen zabalkundea, Korrika eta antzerako euskararen aldeko mugimenduen sorrera… 1980an Bilboko Unibertsitatea zena Euskal Herriko Unibertsitatea izendatu zuten.
Trantsizioari dagokionez, 1979 eta 1980 urte bitarteko ETA odoltsuaren berri ematen du, baita eskuin muturreko taldeek eragindako terrismoraren berri ere.
60 eta 70. hamarkadari begira, Mikel Laboaren gitarra eta Xabier Lete, Lourdes Iriondo edo Benito Lertxundiren gisako musikari handiekin batera osatu zuen Ez Dok Amairu berritzailea nabarmentzen dira. Baba-biga-higa jarri zuten martxan, baita txalaparta ezagun egin ere. Besteak beste Txillida, Basterretxea, Oteiza eta Zumetak osatu zuten Gaur taldeari ere egiten zaio aipamena.
Behin-betiko erakusketa txikiaren amaieran dago ikusgarriena dena: 60. hamarkada. Kristalezko erakusleiho batetik orduko hainbat abestiren soinua iristen zaigu belarritara: Manolo Escobarren “Mi Carro” ari da oraintxe. Beatles, Rolling Stones, Los Bravos eta Mustang taldeen single originalak daude, eta kristalaren beste aldean, ‘Vitoria’ matrikula duen 600 zuri eder bat.
Hori da dena. 60. hamarkadatik 90.-era arteko Euskadi eta Espainiaren historia, 26.000 lan dituen museo baten pasillo estu batean bilduta (LINKA). Itsaso zabalean, tanta bakar bat, baina San Telmoren tonu tradizionalarekin hausten duena. Azken iruzkin bat: merezi du museoaren dendako Wim Wenders, Tapies eta Penagosen laminei tartetxo bat eskaintzeak. Ez nuen bertan horrelako zerbait aurkitzerik espero.
Ez dago komentariorik