Benetan kasu bitxia da, ohiz kanpoko kontakizuna, José Ignacio Olave-ren (Bilbo, 1953 -“Bilbon jaio nintzen, baina eibartarra naiz”-) istorioa, Jacinto Olave pintore ezagunaren iloba den gizona, alegia. Artea guztiz maite duten euskal olinpoan sar genezake. Ez da bildumagilea. Ezta artea komerzializatzen duen horietakoa. Arte editore xumea da bera, hots; gustokoak dituen artelan grafikoak argitaratzen ditu musu-truk. Ez ditu, beraz, lanen kopiak saltzen. Ez du dirurik irabazten eta soberan dituen artelanak lagunei oparitu dizkie. Hau guztia egiten du sortze-prozesuaren gainean egon nahi duelako, artista berak diseinua ematen dion unetik inprentan amaitzen duen arte.
Orain arte Olave ez da tipo ezaguna izan, isilean lana egin baitu, ezkutuan. Dena dela, lan emankorra izan da berea eta 20 urte daramatza era guztietako grabatuak ekoizten: gehienbat litografiak, serigrafiak, fotograbatuak eta xilografiak. Koldo Mitxelena Kulturunearen Ganbara aretoan guztira 50 grabatu ikus daitezke. “Editore mozorrotua” erakusketa urriaren 24an zabaldu zen eta abenduaren 5an amaituko da.
Ganbara aretoan lan interesgarriak ikus ditzakegu, beraien artean nahiko ezberdinak diren lanak; esate baterako, euskal frontoi tipiko baten imajinarekin topo egin dezakegu eta baita belarrean dagoen eszena batekin, Nouvelle Vague zine mugimendutik atera dela dirudiena. Marrazki txuri-beltzak daude eta beste asko oso koloretsuak dira. Denetarik dago. Eta ia dena da erakargarria.
Rementeria, Elespuru, Tamayo, Azpilicueta, Diez Alaba, García Seco, Lazkano, Jauregui eta del Valle izan dira obren egileak. Kronologikoki ordenatzen baditugu, lehenbizikoa 1993. urtean Artelekun Don Herbert litografoak egindako Alberto Rementeriaren “Vaca madre” izenekoa da, eta azkenetarikoen artean “Nevadako egunak” ikus dezakegu, Azpilikuetaren hiru serigrafia, Bernardo Atxagaren eleberrian inspiratua dago. Atxaga beraren eskuizkribu serigrafiatu batez osaturiko lan bat ere badago.
Bitxikeri gisa, erakusketara egin dugun bisitan Jabier Muguruza idazle eta musikaria ikusi dugu. Aitortu duenez beranduxeago geratu omen da Bernardo Atxagarekin. Kasualitatea. Zirkulua itxi egiten da.
Ez dago komentariorik