Sorpresa: Donostian badago astearte arratsaldetan ere aretoa jendez betetzen duen erakusketa bat. Haur, gazte nahiz helduek azken 30 urteetan oihartzun handien izan duten filmetako pieza original eta erreplikak ikusteko aukera dute “ExpoSyfy, Viaje Fantástico” erakusketa arrakastatsuari esker. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinearen Astearekin batera iritsi zen gure hirira baina haren eragina ez da zientzia fikzio eta fantasiara mugatzen, harago doa.
Okendo kultur etxera sartu bezain laster, badirudi Will Smith-i egindako omenaldi batean murgildu garela. Izan ere, “Men in Black” filmeko teklatu alien-lurtiarra, “Men in Black 2”-ko dokumentazio ugari, ”Yo, Robot” filmeko hainbat objektu (Del Spoonerren identifikazio txapa, bere pistola, Txikagoko pasea eta plaka poliziala…) eta “Soy Leyenda” pelikulako armamentua ikus ditzakegu bitrina batean. Gune honetan, “Yo, Robot” filmeko F4 Augusta motorrak bereganatzen du publikoaren arreta, eta bertatik ikus daiteke“300” filmeko armadura odoltsua ere.
Ezkerrera biratzean, Edward Norton protagonista duen “El Increíble Hulk” filmeko “Pingo Dolce”-ren botila orijinala ikus daiteke, ordenagailu eramangarria eta Brasil eta hotelean erabilitako pultsazio-monitoredun erlojuekin batera. “Terminator” trilogiaren maitaleek lehenengo zatian lapurtutako kotxearen matrikula eta Kyle Reesek erabilitako tankeen kontrako granada; “Terminator 2”-ko granadak eramateko uhala eta kamiseta mitikoa; eta Arnold Schwarzenegger gabeko “Terminator la salvación”-eko T800ren artean hautatu ahal izango dute.
Bistan denez, mota honetako erakusketek badute nostalgia kutsua. Freddy Krueggerren aiztodun eskularruaren ondoan “Scream” filmeko maskara ez dago kasualitatez, eta ziur izango dela hori gustuko duenik. “Parque Jurásico” filmeko hainbat objekturen ondoan dago zenbaitek ahantzia genuen “The Mask” filmeko maskara. Beste hainbat bitxikeria ere topa ditzakegu erakusketa honetan: “Superman 1” filmeko Cryptonitazko kristala, “Demolition Man” pelikulako segurtasun kamaren grabazioa, “Twister”-eko Dorothyren sentsoreak… Eta adi! Baita “Cazafantasmas” filmeko zenbait erreplika ere: pedaldun tranpa, mamu edukiontzia, ikuste ektoplasmikoko betaurrekoak eta identifikazio partxeak.
Gaur egun antisistema eta protestaren adierazle den Anonymous pertsonaiak daraman “V de Vendetta” filmeko maskara ere ikus daiteke. Baina hoberena, bai behintzat 80. hamarkadan egindako gazteentzako zinemaren zale garenontzat, erakusketaren amaieran dago. “Regreso al Futuro” filmeko Deloreanen matrikula, Fluzozko kondentsadore famatua eta Marty McFly eta Doc erlojuarekin azaltzen diren txuri-beltzeko argazkia daude paretan eskegita. Bestalde, bitrinan Pepsi botila futuristak eta Mendebaldeko denbora makinaren maketa kokatu dituzte.
“Goonies” filmetik domina berreskuratu badute ere, handiagoa da “Indiana Jones” sagatik lortutako altxorra: Harrison Fordek erabilitako zartailuaren erreplika, “Templo Maldito”-ko Lao Cheren diamantea, “Última Curzada”-ko diruz beteriko zakua…
Ez dago komentariorik