Koldo Mitxelenako hirugarren solairuan nago, “Gorputz_grafiak” erakusketan hain zuzen ere. Ganbara aretoaren erdian dagoen banku batean eserita idazten ari naiz. Nire eskuinaldean kolore ugariz beteriko pareta bat dago; ezkerrean, aldiz, lau suge daude kiribilduta mapa erraldoi baten barnean eta Euskal Herriko feminismoaren historiari buruz datu eta informazio pila azaltzen dizkigute. Sugeen burua emakume ezberdinen buruak dira eta hauek galdera eta arrazonamendu ezberdinak botatzen dituzte: ¿nola bilakatu daiteke mugimendu feminista diskurtso politiko batean?”, “beldurra gurekin dator festara, gure bizitzako jabe da!; “zein sujetu politikoak behar du XXI. mendean borroka feminista? Nola da desiatzen dugun bizitza? Nola bilatu dezakegu duintasuna?”
Izkina batean bainuontzi txuri bat dago. Paretan mezu bat irakurri daiteke: “Neska, ura aurreztu. Zure lagunekin dutxatu zaitez! “Bakarrik etorri naiz” – pentsatzen dut –, “bainuontzian sartzea guztiz barregarria izango litzateke”. Baina, ondo pentsatuta, ez nago bakarrik. Aurikular batzuetatik doinu batzuek atzematen ditut. Pasa den martxoaren 8an Bulebarreko kioskoan elkartu ginenen oihuak dira.
Nire parean telebista bat dago eta bertan bi emakume ikusten ditut, Txelo eta Pilar. Txelok bere okupa bizimoduaz ari da hizketan eta esperientzia horrek bere bizitzan izan zuen ondorio latza kontatzen ari da: “Okupa etxeetan emakumeek eduki behar zuen rola oso argi zegoen. Ondorioz emakumeak bildu ginen eta gure kabuz etxe bat okupatzea erabaki genuen mezu hura gainontzeko okupa etxeetara iristeko helburuarekin. Oiartzungo kuartelera eraman gintuzten. Egunkarian esaten zuten trafikanteak ginela eta udaletxean mozio bat aurkeztu zuten. Aberririk gabeko lesbianak ginela esaten zuten, alkatearen maitaleak, kaletik gauzak botatzen zizkiguten… Emakumea eta okupa izatea zen gure pekatua eta hori leporatzen ziguten. Dena dela, asko ikasi genuen, bai emakume eta baita feminista eta persona gisa ere. Etxea desagertu zen baina jendearen laguntza eta babesa izaten jarraitu dugu”.
Pilar, Burgosetik Euskal Herrira etorri zen lan bila Estatuko beste hainbat emakume bezala. “Lana egitera etorri nintzen etxe batera -garai hartan zerbitzatzera esaten zen- eta horrek nire bizitza osoa markatu du. Egun batean irakurri nuen etxean lan egiten zuten emakumeak elkartzeko ideia zutela eta ziztu bizian bertara gerturatu nintzen. Pixkanaka-pixkanaka bilera ezberdinak ospatu genituen eta gure egoera bai kalean eta baita epaitegietan ere salatzen hasi ginen. Erakunde bat osatu genuen. Egun batean elkarrizketatu ninduten eta nire senarrak egiten zuen lana eta nik neuk etxeetan egiten nuena nola baloratzen zuten konturatu nintzen. Begiak ireki nituen. Inork ez zuen nire lana aintzat hartzen eta gainera esplotatzen ninduen tipoa maite behar nuen. Nik ondo egiten dut nere lana, baina amodioa? Zergatik?
“Gure genealogia feministak” -Edur Epelde, Miren Aranguren eta Iratxe Retolazak idatzi duten liburua- erakusketaren inguruan dudan informazio guzti hau biltzen du. Aurreko hilaren 29an aurkeztu zuten eta liburuak Euskal Herrian feminismoak izan duen ibilbidea aztertzen du 60. hamarkadatik gaur eguneraino. Baina “Gorputz_grafiak” ez da hor geratzen. Maiatza eta ekaina artean tailerrak, solasaldiak, mahai inguruak eta lan mota ezberdinak antolatuko dituzte. “Gorputz_grafiak” bide berriak irekitzen dizkigu gure etorkizuna nola eraiki nahi dugun jakin dezagun.
Beraz, bainuontzira sartu zaitezten animatzen zaituztet zuen buruari galderak egiteko intentzioarekin. Seguru emakume guztion artean andere-suge horien korapiloak askatzeko gai garela.
Ez dago komentariorik