1957an argitaratu zuten manifestua: “Aurrekari zoragarriak izanagatik, gaur egun (…) krisian dagoen arte garaikide espainiarra biziberritzeko sortu den artista plastikoen taldea da El Paso”. Rafael Canogar, Luis Feito, Juana Francés, Manolo Millares, Manuel Rivera, Antonio Saura, Pablo Serrano, Antonio Suárez, Manuel Conde poeta eta José Ayllón idazle eta kritikariak sortu zuten El Paso. Beranduago Martín Chirino eta Manuel Viola ere batu zitzaizkien.
Espainiako panorama artistikoa biziberritu zuten, immobilismo frankistarekin hautsiz. Hiru urtez soilik aritu ziren lanean, baina (kubo-kutxa aretoko) 62 lanen erakusketa mugimenduaren izaera abstraktu eta abangoardistaren erakusgarri da. Gerraostea bizitakoak ziren denak, eta orduko gizartea miseria hutsean bizi zen oraindik. Hala, El Pasoko artistek garai hartako tragedia islatu zuten haien obretan, aurretik Goyak, Independentzia Gerraren ondorioz, egin zuen moduan.
Tonu iluneko lanotan, pixkanaka munduratzen ari zen herrialde baten tragedia antzeman daiteke. Batere ohikoa ez zen jarrerarekin irudikatzen dute 50. hamarkadako Espainia iluna. Artistotako asko Parisetik igaro ziren. Bertan ezagutu zuten elkar Luis Feito eta Rafael Canogarrek ere, eta gerora, hainbat erakusketa egin izan dituzte batera. Kolore zuria, beltza eta gorria erabiltzen dituzte soilik. Alabaina, ezberdinak dira lantzen dituzten gaiak. Feitok paisaiak margotzen ditu batik bat (nahiz eta halako iruzkinek bere lana sinplifikatzen dutela zioen). Canogarrek bestalde, dimentsio eta adierazkortasun handiko koadroak lantzen ditu.
Nabarmendu egiten dira Antonio Sauraren hiru damak ere. Tani, Rona eta Dema itxusi bezain beldurgarriek munstroak dirudite. Azken honen alboan dago egilearen “Multitudes” ospetsutako bat. Hutsa maisuki erabiliz, herritarren oihua irudikatzen du Saurak.
Kubo aretoaren sarreran Pablo Serranoren eskulturak daude. Napoliko Vesubio mendiak hunkituta bururatu zitzaion bere pentsamendu filosofikoak materiara eramateko bidea ireki dioten “Hierros” lan abstraktuak egiteko ideia. El Paso taldearen lanetara begirada garbiaz eta jarrera aktiboarekin gerturatzea komeni da. Artelanon kutsu garaikide eta abstraktua dela eta, bat baino gehiago zur eta lur geratuko da hauek ikusita. Ez dira ulertzen errazak, baina pazientzia apur batekin, eta aretoak eskaintzen dituen baliabideak (bisita gidatuak, audio-gidak…) erabiliz gero, bizipen iradokitzailea bihur liteke bisita.
Ez dago komentariorik