Undermount zer den galdetzen diotenean “mintegi kultural bat” dela errepikatzen du behin eta berriro Laura Díez Minerrek, famatua egin den mutikoa eta makilaren iragarkian bezala. Hasiera batean haren definizioa ez dator bat inguruarekin, nahiko utzita dagoen oilategi zahar bat dirudielako, zentru Meteorologiko eta Akelarre jatetxearen artean kokaturik dagoena. Baina solairu bat igotzen dugunean giroa zeharo aldatzen da: bost lagunek (Laura, Óscar, Patricia, Marta eta Andreak) kasualitatez topatu zuten espazio garden eta handia birmoldatu dute eta “bizirik, alai eta komunikatiboa” den elkarte kulturala sortu dute.
Flavio ez dagoenez, Frank taldearen gainontzeko lau kideak euren instrumentoak jasotzen ari dira. Gaueko hamarrak dira eta Undermount-en inaugurazioa luzea zein arrakastatsua izan da. Era orotariko emanaldiak ikusi ditugu 5etatik aurrera. Frank-en aurretik Luke Amstrong and Josetxo folk bikotea aritu da musika jotzen Gari Artolak irudi ederrak proiektatzen zituen bitartean. Candido Uranga aktoreak olerki sentikor eta surrealistak bota ditu eta Yolanda Joyita eta Samuel Lizasok, erderaz, poesia errezitatu dute. Horrez gain, Iban Petiten proiekzioak ikusteko aukera izan dugu eta baita Ana Mínguezen charleston dantza. Kultura bada, dena balio du Undermount-en, zeina itsaso eta mendiz inguratuta dagoen.
Ekintza aproposak izan dira gaurkoak, abenduak 7, elkarte kulturala ezagutzera emateko. Badirudi Laura eta bere lagunak hainbeste denboraz amestu zutena errrealitate bihurtu dela arratsalde honetan. “Oilategi zahar honetan artea, moda eta musika ekarri nahi dugu, denbora eta esfortzuarekin gune artistiko batean bilakatu dadin. Gure helburua da bertan artista berriak, argazkilariak, musikariak, margolariak…egotea”.
Barrenean txuriz margoturiko paretak agerian daude, lekua zabala eta handia da eta koadroz josita dago. Frank taldeko kideak sofa eroso batean esertzen dira gainontzeko jendea (lagunak, ezagunak, artistak) lasai ederrean dauden bitartean. “Idazle, artisau eta sortzeileentzako elkargunea da. Undermount-en rola izango da euren kultur nahia asetzea eta beraien arteko erlazioa oso aberasgarria izan daiteke zentzu horretan”. Hasieran, Undermount-en historia xinpleagoa zirudien; orain aldiz, ez du mugarik. Laura artisautzan zegoen interesatuta, besteren bat harri bitxietan, batzuek bigarren eskuko arropa saldu nahi zuten… azkenean, eta ondorioz, guztion esparruak bete nahi izan dituzte eta bost antolatzaileek martxan jarri berri duten “Undermount elkarte kultural eta artistaren etxea” uste baino asmo handiagoko proiektua atera zaie.
Txapela kentzeko moduko ekimenarekin hasi nahi dute: gunea doan alokatzen dute edozein ekintza kultural egin nahi duenarentzat. Bestetik, elkarte gisa ideia batzuk jarri nahi dituzte martxan: igandetako vermua berpiztu nahi dute musika eta kontzertuak dagoen bitartean, poesia lantegiak, baratza makrobiotikoa, hizkuntza ezberdinak praktikatzeko solasaldiak… “Lehen oilo eroak zeuden hemen korrikan eta hemendik aurrera artista eroak etorriko dira euren obrak eta sormenak Undermount-en aurkeztu ditzaten”, dio Laurak.
Ez dago komentariorik