“Eraldaketa, kontzeptu bat da. Ezin helmuga izan. Ez bada etengabeko eraldaketa, amaigabea.” Hala zioen Markel Ormazabalek Irutxuloko Hitzan argitaratutako Eraldia eta Aurrekari penalak zutabean. Zaila da hobe laburbiltzea maitzaren 1ean Añorgako Firestone lantegiaren berreskuratzearekin piztutako indarra eta proiektua bera.
Etengabeko eraldaketa horretan, lehenengo pauso batzuk eman dira jada. Ohiko manifestaziotik hasi eta eraikin baten berreskuratzera, asteburu bateko beroalditik, hilabete beranduago ere jendetza bertan pilatzera, aldarrikapenetik ekintzara.
Bartzelonako Can Batlló-ko esperientzia eta gisakoak inspirazio iturri hartuta, Añorgako Firestoneren funtzioa hori bera izango da: eguneroko lanarekin bestelako gizarte baten alde lan egin nahi dutenen bilgune eta faktoria bihurtzea. Garagardo artesanalaren ekoizpena, kontsumo taldea, serigrafia tailerra… Asko dira apurka apurka eta lekua egokitu ahala bertan ezarriko diren proiektuak. Hori guztia, makina bat eragileren elkarlanari eta auzolanari esker.
Ekonomia eraldaketarako tresna
Inork ez daki Añorgako Firestonen hasitakoaren helmuga edo amaiera zein izango den. Eguneroko lanak eta añorgatarren zein donostiarren borondatearen esku dago hori. Lehen pausoak ordea, maiatzaren 1eko arratsaldean eman ziren, ehunka lagun fabrikara sartu eta hiru eguneko egonaldiari hasiera eman ziotenean. Ekonomiak zentzurik zabalenean gure bizitzetan duen garrantziaz jabetu eta alternatibak ezagutzeko balio izan zuten hiru egun horiek. Baita elkar ezagutu eta denon parte-hartzerako metodologia aproposak erabiltzearen beharra ikusarazteko ere. Zer hobetuarekin, baina asko ikasita amaitu zen asteburua.
Asteburu batetik harago
Ekitaldi berezi eta handiek soilik mugiarazten gaituztela esan ohi da maiz. Añorgako Firestonen ez da hala izan. Asteburuko egonaldia baino bi aste beranduago eta hausnarketarako tartea hartuta 80 lagun inguru elkartu ziren berriro bertan. Ordurako, hainbat lagunek parte-hartzea errazteko metodologia aproposak prestatuak zituzten. Egiten dena bezain garrantzitsau baita nola egiten den. Horri esker, talde txikien hartu ziren eraikinari eman beharreko erabilerari zegozkion erabakiak. Geroztik, maiatzaren 30ean izan da azken bilkura, auzolanaean fabrika berreskuratua berriro erabligarri egiteko.
Hasiera besterik ez da
Hau hasi besterik ez da egin. Aurrera begira, bertan aritu den jendeak eta lanera batu nahi duen orok esango du Añorgan hasitakoa zer izango den; zein norabide hartuko duen eraldaketa etengabe horrek. Gurpilak ekoizten zituen fabrikan proiektu berri bat sortzen ari da orain. Akaso ez da borobila izango, baina bultzako duenik baden heinean, egingo du aurrera, bidean ahal beste lur zaharkitu irauliz.
Ez dago komentariorik