Irailari hasiera eman genionean webgune honetan Jon Pagolak argi utzi zuen denetarik dagoela : Kutxa Kultur, Estropadak, Zinemaldia… Gaur bertan hasten den hilabetean, aldiz, guztiz kontrako egoeran gaude. Azaroan gaude jada eta honek esan nahi du ez dela inongo festibalik egongo. Deus ere ez, hitzez hitz. Azaroa kaka zaharra izango da eta ondorengoak dira nire arrazoiak:
EGUNERO IZANGO DA LANEGUNA
Santu Guztien egunarekin hasten da azaroa eta horrek ez du, egia esan, rollo onik ematen. Dena dela, aurten larunbatean izango da eta, asteburuak kenduta, gainontzeko egunetan lan egingo dugu. 20 egun luze izango dira. Luze baino, motz…
EGUNAK GERO ETA MOTZAGOAK IZANGO DIRA
Lanetik atera eta gauez izatea baino gauza tristeagorik ez dago. Ordu aldaketaren poderioz gertatzen da hau urriaren azkeneko asteburuan. Azaroan okertzen joango da asuntoa eta egunak gero eta motzagoak izango dira. Ahaztu ezazue igandean planen bat egitea bostak baino lehen. Ohean sartu. Edo hobe: kafetegi batera joan goxo-goxo eta bertan txokolatea edan eta txurroak jan.
EGURALDI TXARRA EGINGO DU… BAI EDO BAI
Urrian eguraldi bikaina egin du eta ados egongo zara nirekin uda zirudiela. Baina azaroan ez da berdina gertatuko. Ez du inork eguraldi txarra eragotziko eta hori edonork daki, ez da horretarako Margarita Martín edo Sandro Rey izan behar. Onartzen joan, lagunok. Aurreko urteko azaroa benetan euritsua izan zen eta 1916. urtean serie historikoa martxan jarri zenetik ez du sekula ere hainbeste euririk egin. 24 egun guztira.
EGUBERRIAK DATOZ (ETA HORI HORRELA DA)
Mundu guztiak ez ditu eguberriak gorroto. Seguru irakurleren batek maitatzen dituela. Baina egia esan ez zait batere gustatzen eguberriaren giroa azaroan hasten denean. Zergatik? Zein da prisa izatearen arrazoia?Supermerkatuak beteak egongo dira, loteria, telebistako iragarkiak… Kaka hori guztia azaroan aurkituko dugu.
Zein da zuen iritzia? Azaroa hilabete ona izango dela uste duzue? Ez didazue, dena dela, nik dudan iritzia aldatuko, ezta gutxiagorik ere, ezta gaztain goxo batzuen truke. Ez jauna. Azaroa hilabete gogorra da benetan.
Ez dago komentariorik