Ez litzake bidezkoa Donostia ikuspuntu bakarretik definitzea, izan ere, ez dugu denek berdin egiten. Donostia bakarra da (180.000 biztanleko hiri txiki eta hainbatetan itxia) baina haren mugen barruan zabala da. Izan ere, ezberdina da hiriburua hainbat biztanleren begietan. Pijoa da, liberala, abertzalea, polita, dibertigarria, aspergarria, kosmopolita… Nori galdetu da kontua.
Hiria (humorez) aztertuko dugu hiriko sei giza triburen ikuspegitik:
Aberaskumea (ñoñostiarra)
Beharbada profil honekin identifikatzen gaituzte gehien hiritik kanpo bizi direnek. Onar dezagun: hiriko marka ezabaezina da. Gainera, topiko bilakatu da. Normalean aberaskume ñoñostiarraz zentzu gutxiesgarrian hitzegiten dugu, baina denek ezagutzen dugu ezaugarri hauekin bat egiten duen norbait. Funtsean, ñoñostiarra “Donostia” ordez “San Sebastián” esaten duena da, nerabezaroan Cine tabernara joan ohi zena eta gaur Alde Zaharreko Atari tabernara doana. Ikastola pribatuan ikasi zuena dugu aberaskume hau, eta normalean PP, PSE edo PNV-ri bozkatzen dio. Beno, eta bere garaian Odon Elorzari. Bere hiria miresten du ñoñostiarrak, eta auzoetako errepide guztiak oinezkoentzako izan daitezen defendatzen du. Bizikleta du. El Ganso dendako bezero da eta opariak Valentinan erosten ditu. Ezer ez da garesti harentzat, eta ametsa Donostiako hirigunean bizitzea du, nahiz eta Riberas urruti gelditzen ez zaien eta Aieten gustura bizi diren. Amara, ordea, lekutan dute.
Abertzalea
Juan Karlos Izagirre hiriko alkate izendatu zutenean askok pentsatu zuen Donostia nazionalista ez izatetik nazionalista izatera igaro zela; orain baina, ez dira lehen baino gehiago. Beti egon izan dira hor. Alkatea gertukoa eta xumea izatea goresten dute baina, aldi berean, Juan Carlos erregearen ezaugarri berak gaitzesten dituzte. Askok auzoan egiten dute bizitza eta hori dela eta ez dute gaizki ikusten Igeldoren segregazioa. Nerabezaroan ez ziren La Zonara joan (aberatskumeak doaz hara) eta Trinitate plazan geratzen ziren pipak jaten eta porroak erretzen. Gaztetan, ordea, Ikatzen egoten ziren, Ttun-Ttun tabernan etab. Kulturarekin (batez ere euskaldunarekin) konprometitutako jendea da. Urteetan aurrera egin ahala janzkera hobetzen dute. Ileapaindegi berberetara joan ohi dira. Pasaden larunbata haien bizitzetako egunik onena izan zen… Bilbon.
Modernoa
Abertzale eta ñoñostiarrak izan daitezke moderno baina modernoen artean politikak ez du hainbesteko garrantzirik, beste lehentasun batzuk dituzte. Janzkera, kontzertuetara bertaratzea eta kontzertu horietan egon direla esatea da hauen kezka nagusia. Ikuspuntu mota honek berebiziko garrantzia du, izan ere, hauen egoa besteen iritziek elikatzen dute. Haien eskola jatorria askotarikoa izan daiteke, baina hau ez da garrantzizkoa; gaur eta bihar pasako denak arduratzen ditu. AyoSilver!-eko bixerak eta Primo-ren txapak eramaten dituzte, eta pentsaezina da haientzat hiriburuko ekitaldi nagusietan -Jazzaldia, Zinemaldia, Kutxakultur..- ez egotea. Azken hiru urteetan askok utzi dute bizarra hazten. Bukowski taberna eta Apartamento 14 denda gustuko dituzte. (Intelektualki) besteen gainetik daudela uste dute.
“Malote”-a
90. hamarkadako “boom”-aren ostean gaur egun ez du haren garairik onena. Desagertzear dago. Illumben aurkitu zuen haien gunea “malote”-ak, baina orain Itzela eta Pagoa (biak Oiartzunen) eta Bergarako New Guass diskoteketan aurkitu behar du babeslekua. Probintzia da haren gaueko salbazioa. Txiklea mastekatzeko erak eta markako arropa zabalak bereizten du gainontzekoengandik. Hogeita hamar urtetara iristean batzuek bide lasaia hartzen dute baina beste batzuek betiko bide aztoratuarekin jarraitzen dute. Estetikoki berdinak da 2014 eta 1995. urteko “malote”-a. Techno musika eta kotxe konbertsazioak haren egunerokotasunean daude. Camperoko dekorazioa eduki nahi du haren etxeko saloian.
Surfer-a
Haren egunak dira gaur egungoak. Indartsu sentitzen da: Gros, haren auzoa, gorantz doa eta surf-a da azken urteetan gehien promozionatu den kirola. Orain surf jaialdi, kontzertu eta kirol honi loturiko era guztietako ekimenak daude. Haren janzkeragatik ezagutzen genuen lehen; gaur egun zailagoa dugu. Triburik heterogeneoena dugu surfer-ena. Gehienek fidel jarraitzen dute Pukas eta Loreak Mendian-eko estiloa. Baina aurretik aipatutako edozein estetikekin ere sarri egiten dute bat. Body edo surf taularik ez izatea arraroa da hiri honetan. Soberan zaude. Muroko tabernetan egoten dira maiz eta Bartzelona Madril baino gogokoagoa dute, soilik, itsasoa duelako.
Street boy
Hala deitzen diegu auzo bizitza egiten dutenei. Auzo mutilak dira, haien kaleetan finkaturik daudenak. Berezko izaera duten auzoetako -Altza, Loiola, Intxaurrondo eta orain inoiz baina arrazoi handiagoz, Igeldoko- jendea da. Bertako gehienak ez dira auzotik ateratzen: bertan egiten dute erosketa, bertako igerilekura doaz, betiko tabernan hartzen dute garagardoa… Txikitan etxe alboko parkean aritzen ziren futbolean. Behar duten guztia dute etxe ondoan. Gutxirekin konformatzen dira. Asteburuak aprobetxatzen dituzte “Donostiara joan” eta gauza ezberdinak egiteko. Hain arro sentitzen dira bizi diren auzoaz, hain urrun sentitzen dute Donostia, non batzuek independizatzeko aukeraz ohartu… eta lortu duten.
Ez dago komentariorik