Diru asko ez izatearen abantaila gutxienetako bat (baten bat baldin badago) daukaguna ondo administratzen ikastea da, hala, etekinik handienak atera asmoz. Ondo dakite hau ikasleek, eta baita ikasteari aspaldi utzi eta krisiari esker langabezian daudenek ere. Badirudi gaur egungo gazteek zail izango dutela gurasoen etxetik alde egitea. Donostia, Bartzelona eta Madril-ekin batera Estatuko hiririk garestiena izanda, independentzia lortzen dutenen artean, asko dira inguruko herrietara alokairuan bizitzera joaten direnak. Atzean geratu dira hirigunetik gertu gustura bizitzeko egindako planteamenduak, edo are gehiago, kanpoko zaratatik babestuko gintuen kristalera handi bat edukiko zuen alde zaharreko pisu batean bizitzeko ametsa.
Donostian bizitzea gainerako hirietan bizitzea baino %29,3 garestiagoa da, eta honek barne hartzen ditu alokairua, erosketa, garraioa eta udal zergak. Imajina dezagun Donostiak eskaintzen duen kultur eskaintza anitzaz gozatzea gustuko duzun pertsona zarela, edo besterik gabe, lagunekin zerbait hartzera ateratzeko ohitura duzula. Zenbat behar duzu Donostian gustura bizi ahal izateko? Denbora luzea pasa da Mirakontxan bizitzeko ametsa eten zenuenetik, (noizbait horrekin amestera ausartu bazara, bederen), eta ondo dakizu alde zaharreko etxe bat intsonorizatu ahal izateko lehenengo inguru horretako alokairua ordaintzeko dirua izan behar duzula. Eman dezagun ez duzula bikotekiderik, eta beraz, ezin diozula estudio bat alokatzeko 500 euroko (gutxienez) prezioari aurre egin. Hala beraz, beste pertsonekin elkarbanatutako pisu bat izango da bide bakarra. Alokairu merkeenak Altza eta Intxaurrondon daude, eta zorte handiarekin, beharbada Egian ere topa daiteke baten bat. Gutxienez 700 euroko prezioa izango du hiru logelako pisu batek, hori, elektrizitate, ur eta internetaren gastuak kontutan hartu gabe. Gastuak barne hartuta, (eta optimistak izanik) hilero, 250 euro gehitu behar zaizkio prezio horri.
Pisu berria aurkituta, hozkailua betetzeko aferaren txanda da. Eroski-tik bueltan, Mondragon kooperatibako kideen gurasoez gogoratzen zara, eta arrazoi osoz. Izan ere, Eroski supermerkatu garestienetako bat izateaz gain, Euskadin gune gehien dituen saltokia da, eta hala izanik, baita gertuen harrapatzen zaituena ere. Duela gutxi sartu zara etxe berrian bizitzen, eta janaria erosteaz gain, garbiketarako produktuak erosi behar izan dituzu. Lehenengo erosketa ez da 100 eurotik jaitsiko, eta gainera, 50 euro inguruko beste bizpahiru erosketa egin behar izango dituzu. Okindegi bateko ogi barrak 1,10 euro balio ditu (gainerako hirietan prezio erdian daude). Guztira, 33 euro joango zaizkizu ogi barretan. Fantasia sexualak Donostian Mercadona bat irekitzeko fantasiengatik izango dira ordezkatuak.
Baliteke lantokia etxetik gertu ez egotea, eta aurten forman jartzeko asmoa duzunez, gurasoen trasteroan urte luzez gordea izan duzun bizikletari hautsa kendu diozu. Pena da Donostian eguzkiak protagonismorik ez izatea. Azkenean, autobuserako txartela atera behar izan duzu bizikleta udararako (Donostian 15 bat egun irauten dituen urtaro sasoia) gordeaz. Txartela kargatzea hilabeteko 30 euro dira.
Hasi zara diruarekin malabareak nola egin ikasten, eta zure independentzia ospatu asmoz, lagunekin zerbait hartzera ateratzeko hautua egin duzu. Pintxopoteari esker, garagardoarekin batera pintxo bat jateko aukera 2 eurotan dago, baina bakarra hartuko ez duzunez, 10 bat euro gastatuko dituzu. Zinemara joatea luxua da, baina “asteazkenak zinera” ekimenak 3,90 euroren truke film bat ikusteko aukera eskaintzen du. Hala ere, diruarekin malabareak egiten jarraitu behar duzu, eta hala, hilabetean 2 pintxopote eta zinema sesio bakarrarekin konformatu behar izango duzu. Guztira, 23,90 euro. Gaztea zara eta bizitza laburra da, asteburua etxean pasatzeak ez du zure planen artean lekurik. Baina kopa batengatik 7 euro gastatzea ere, ez da zure planen mailakoa. Hala, lagunak etxera afaltzera gonbidatu eta bakoitzak ekar dezala bere edaria, horretarako zara gaztea, eta pobrea. Koadrila zure sukaldari doteekin harritu nahi izan duzu, baina prezioa bokadiloak eta pizza baina garestiago izango delako jakitun, azken unean Argiñano izateko gogoa kendu eta bakoitzak bere bokadilloa eta pizza ordain dezan deliberatu duzu. Koadrila izatearen gauzarik okerrena hilabeteroko urtebetetze edo despedida ospakizunak dira. Despedidak diot, askok joan behar izan baitu beste herrialderen batera (ez zaitez kexatu, behintzat zuk baduzu hemen lana).
Gauetako irteerak, urtebetetzeak, despedidak… hilabetean gutxienez 50 euro gastatuko dituzu. Hori, kanpoan afaltzeko aukera inori otu ez zaiola kontutan izanik. Whatsapp-a doakoa izanagatik ere, zure lagun edo amarekin zure txirotasunaz hitz egiteak hilean 15 euroko kostua izango du. Alokairua, erosketa, garraoia, fakturak, aisia… -ren prezioak gehitzen baditugu 600 euroko kostuaz ari gara hitz egiten, eta lasai asko gehitu diezaiokegu beste 100, izan ere, zorterik izan ezean, 250 euroren truke gela bat aurkitzea ez da bat ere erraza. Bestalde, kanpoan utzi ditut router, iturginaren deia, eta beharrezko arropa erostearen gastuak.
Zorte on.
Ez dago komentariorik