Pasaden astean 98 urte bete zituen Juan Karlos Izagirrek. Salda eta esku-estutze batez eman digu ongietorria bere Igeldoko etxean. Zailtasunak ditu mugitzeko, baina gogo beroz ekiten dio hizketari. Donostian alkate izan zen garaiaz mintzatu gara, baita bere ibilbide politikoaz ere. Izan ere, bi hauek asalduzko garai baten parte dira.
Mediku zinen, eta gauetik goizera Donostiako alkate bihurtu zinen.
Bai, izugarria izan zen hura. Gazte eta esperientziagabea nintzen, 48 urte ere ez nituen. Ahalik eta hoberen egokitzen saiatu nintzen, baina ez zen erraza izan. Jendea laguntzean zen nire aurreko lanak, baina segituan ohartu nintzen esperientzia hori ez zela alkate lanerako baliogarri.
Azak ontzeko gainera, Igeldoren independentziaren aldeko izatetik iritsi zinen.
Begira, hura izena zikintzeko ondo prestatutako kanpaina izan zen. Hasierako unetik azaldu nintzen independentziaren aldeko, eta bizitzaren aurrean hartutako jarrera, animo egoera zein sentimendutzat dut nik hori. Ez nuen inor engainatu, txiki nintzelarik nire gela propioa eduki nahi nuen, gero etxetik joan, ondoren Donostiatik irteteko borrokatu nuen, eta azkenik, Espainiatik independizatzeko. Hortxe duzu hemeroteka.
Olatu handiak protagonista izan ziren urte gogorrak dira horiek.
Bereziki gogorra izan zen 2014. urtea. Hasiera batean asko harritu gintuen itxasoak hiriaren aurka erakutsitako indarrak. Alderdiko bileretan ezin sinetsirik azaltzen ginen, ingurugiroaren alde borrokan ari ginen gu, erreziklajearen alde, naturan eragin ezkorra izango zuten obren kontra.
Bat ez zetozen hainbat gauza…
Susmagarria zen, Su Ta Gar taldeak Kursaalean emandako kontzertu akustikoan 20 metroko olatu batek dena suntsitu zuen. Kristal apurtuak, noraezean zihoazen gitarra akustikoak, 50 urte baina gehiagoko heaviak negarrez… desastre bat. Horren ostean, haize hila. Hilabete eta erdi igaro ostean, eta auditorioa behar bezala zegoelarik, Pirritx eta Porrotxen emanaldia hasi aurretik olatu guztien ama sortu zen ezerezetik. Kalte handiak eragin zituen eta ia urtebetez egon behar izan ziren kuboak itxita.
Eta ikertzen hasi zineten.
Nora Galparsoro zinegotzia izan zen hankak lurrean jarri zizkiguna. Bilera batean, gertaturikoak Espainiaren errua zirela esan zuen. Hasiera batean ez genion hark esandakoari garrantzia handirik eman, Noraren gauzak dira, esan genion elkarri. Baina egunek aurrera egin ahala, hura normala ez zela ohartu eta haren hitzak ekarri genituen gogora. Ertzaintzan genuen kontaktu batekin hitz egin eta honek mugimendu susmagarriak zeudela esan zigun. Hark esan zigunez, bi urte atzera eginik Guardia Zibilak forocoches.com-en iragarki bat jarri zuen itsas energian espezializatutako jendea aurkitzeko asmoz.
Hura izan zen arazoa konpontzeko abiapuntua.
Egia esan, oso denbora gutxian desestali genuen operazioa, eta eskandalu handia suposatu zuen horrek. 20 hilabete eman zituzten olatu erraldoiak sortzen zituen urpeko estazioa sortzen. Estatuaren terrorismo argia.
Goraino iritsi nahi izan zen, operazioaren garuna aurkituz, baina alferrik izan zen.
Euskalmeteko zuzendariak dimisioa eman zezan lortu genuen, eta espero genuena baina gehiago lortu genuen hala. Guardia Zibilaren zuzendariak eszedentzia eskatu eta bueltan, Barne Ministro izendatu zuten, bertan amaitu ziren erantzukizun politikoak. Hauteskundeetan nabaria izan zen, kasuari esker Alderdi Popularrak gehiengo absolutua finkatu eta gu garaile irten ginen Donostian inkestek bosgarren postuan kokatzen gintuzten bitartean.
Maletak prest zenituela alkate ber-izendatu zintuzten…
Alderdiarekin hitz egin eta konbentzitu ninduten. Erantzukizun ariketa ere izan zen, proiektu handiak burutu behar izan genituen, batez ere, Tabakalera eta kultur hiriburua bezalakoak.
Tabakalerari aurkitu zenioten irtenbidea polemikoa izan zen.
Zergatik diozu?
Tabakalera eraikina Igeldoko kiroldegi bihurtzea erabaki zenuten…
Zentzu komuna besterik ez genuen aplikatu. Igeldok ez zuen lehen mailako kirolak praktikatzea ahalbidetuko zuen infraestrukturarik, eta bertako flora eta fauna suntsituko lukeen obrarik ez zen bertan egingo.
2016ean Kultur Hiriburua izatea arrakastaren giltza zen.
Urte hura iristear zela, geroz eta duda gehiago nituen. Informeak pasatzen zizkidaten, egin beharreko ekintzen zerrendak, eta ez nuen ezer ere ez ulertzen. Hasieran aholkulariei galdetzeaz arduratzen nintzen, baita inoiz entzun gabeko hitzak hiztegian bilatzeaz ere, baina gerora, arduratu ere ez nintzen egiten. Inora eramango ez gintuen lasterbide batean sartu ginela ohartu nintzen. 2015eko abenduaren 31ean hartu nuen erabakia; Europar Batasunekoei e-mail bat bidali nien eskainitakoa eskertzen eta hiriburutzari uko eginez. Hori bai, edukazio handiz idatzi nien, eta euskaraz.
Zein izan zen Europaren erantzuna?
Egun gutxitara helbide elektroniko hori existitzen ez zela esanez iritsi zitzaidan erantzuna.
Beraz, Kultur Hiriburu izateari uko egin, baina inor ez zen hortaz ohartu?
Nire taldekideei urte horretan aurreko urteetako programa jarraituko genuela esan nien: jazzaldia, zinemaldia, abordaia, su artifizialak… baina kultur hiriburu izateko ez genuen euro bakar bat ere, eta beraz, ez genuen ekimenik prestatu. Hala ere, eta bitxia bada ere, inor ez zen ohartu ezer egin ez genuela. Ez oposizioa, ezta hiritarrak ere.
Hortik gutxira baina, hauteskundeak galdu zenituzten.
Bai, haserre atera nintzen guzti horretatik. Nire urte eta ideiarik onenak hiriari dedikatu nizkion, nekatuta nengoen. Politikatik aldentzea erabaki nuen, erantzukizunak saihestu ea deskantsurako urte batzuk hartu nituen.
Senatari egin zineneko garaiak dira horiek.
Hala da, bai.
Independentzia prozesuekin bat egin zuen horrek.
Izugarrizko kaosa. Hainbat autonomia erkidegok independentziaren bidea hartu zuen. Kataluniak lortu zuen lehenengo, eta gero, ezker zein eskuinetik aurreratu zitzaizkigun: Galizia, Kanariak, Extremadura, Andaluzia eta Nafarroa.
Euskal hautesleek ez zuten zuen pasibitatea ulertu, PNV ere prest zegoen prozesu hori aurrera eramateko.
Ez zen aurrera egiteko garaia izan. Urte luzez egon ginen independentzia lortzeko nahia aurrera eramaten, eta orduan ere, ondo egin beharra genuen. Udal asoziazioak sortu genituen gaia maila lokalean lantzeko asmoz, eta aldi berean, maila nazionaleko plan bat ere abiatu genuen kolektibo herabeenak sentsibilizatzeko. Independentziaren aldeko nazioarteko talde baten laguntza ere izan genuen prozesua garantia guztiekin aurrera atera zedin.
Baina ez zen mamitu. Zergatik?
Oso konplexua izan zen auzi hura. Hasiera batean jendea ilusio handiz azaldu zen, astero egin genituen bilerak, eta bertaratutako denak zeuden bere partea jartzeko, baina azkenean… azkenean bakoitzak bere bizitzari eusten dio. Egun batean, patata tortila egiteko ardura zuenak aurrez egindako Eroskiko tortila ekarri zuen; beste batean, pegatinak enkargatu behar zituena Landetara joan zen; egun batean ni bakarrik gelditu nintzen bileran Athletic-en partidua zegoelako. Hozten joan zen gaia.
Botoek ere behera egin zuten.
Egia da, baina ez aipatutako gaiagatik bakarrik. Taldeko inor haserretu gabe kontatu dezaket orain. Garai hartan, gure hautesleei buruzko informe bat enkargatu genuen eta haien bizi esperantza mediaren azpikoa zela ohartu ginen. Zeramaten bizitza estiloa ez zen osasuntsuena. Denbora gehiegi ematen zuten herriko tabernetan edaten, herri afari gehiegi antolatzen genituen menua haragi gorria eta patata frijituak zirela, presoei egindako ongietorriak ere barriketan amaitzen ziren… imajina ezazu. Zirrosia eta arazo kardiobaskularrak ziren ondorio. Gainera, 15 edo 20 egunean behin manifestazioak antolatzen ziren Bilbon eta ibilaldi luzeak egin behar izaten zituzten bertaratutakoek. Tute gehiegi suposatzen zuen horrek haientzat, eta hori ere ordaindu dugu. Mediku gisa esan dezaket heriotzara bideratu genituela gure hautesleak.
Bigarren plano batera igaro eta Igeldora bueltatu zinen zinegotzi.
Nire herrira itzultzea erabaki nuen bertakoekin kontaktua berreskuratuz. Baratza zaintzen dut orain, txakurra pasiatu eta denbora librean torniketeren bat edo beste egiten dut tabernan hobby gisa.
Azkenean, 2044. urtean, ETA kondenatu zenuten.
Oker estrategikoa izan zen hori, eta gure behin betiko hondoratzearen kausa. Urterik gogorrenak kondenatu gabe eta politika kosterik gabe igaro genituen. Hainbat urte igaro genituen tipoari eusten, baina kapitulu horri amaiera eman eta ETA-ren terrorismoa kondenatzea erabaki genuen. Gure hautesle gazteenek ETA zer zen ez zekiten. Wikipedian bilatu eta harrituta gelditu ziren, ez zuten ulertu zergatik eman genituen 40 urte baina gehiago talde terrorista bat kondenatu gabe. Beste garai batzuk ziren eta ez genuen jakin hori gure diskurtsoan sartzen.
Bestalde, Otegik kartzelan jarraitzen du.
Konfiantza osoa dut justiziarengan. Egia da batzuetan motel samar dabiltzala, baina epaileak 40 urte behar baditu kasua ikertzeko, bere arrazoiak izango ditu. Nire ibilbide politikoan ikasi dudanez, aukerak pasa egiten dira, baina alderdiak eskainitako kargu eta eskerrek bertan irauten dute.
Ez dago komentariorik