Jakina den bezala, ostiral gaua iritsi arte ez da Donostiako Alde Zaharra esnatzen. Mugimendua eta aparteko jai-giroa Grosen izaten da ostegunero pintxo-pote arrakastatsua dela eta. Urumea ibaia zeharkatu bezain laster kaleak jendez husten dira eta hiri berri baten barrena zoazela dirudi. Oso sentsazio arraroa da. Beste asko etxean egongo dira goxo-goxo kaleko hotzak gurekin akabatzen duen bitartean. Imanol Basterra, Akerbeltz tabernaren jabea, bakarrik dago. Musika entzuten ari da, denborapasa. “Ostegunero mundu guztia Grosera doa eta hamarretan ixten dut”, explikatzen du normaltasun osoz, inongo amorrurik gabe.
Ostirala eta larunbatetan ez da eszena hau errrepikatuko. 30 m2 baino gutxiago dituen taberna honetan jende ugari biltzen den arren, ez da espaziorik falta. Bi pasillo esturen artean zirkunferentzia erdia margotzen duen barra bat dago eta eskaileraren behekaldean esertzeko tokia badago. Paretak 50 eta 60. hamarkadako argazki txuribeltzekin apaindu ditu akerbeltzaren inguruan kokatuz. Hau da ezbairik gabe tabernako erregea.
Kainak oso ondo zerbitzatzen ditu Imanolek eta Mahou markako garagardoaekin batera, patatak ematen ditu. Dena dela, taberna honen ezaugarririk nabarmenena musika da: “Denetarik jartzen dugu”, baieztatzen du hogeitamar urte inguruko multil honek. Betidanik egon da ostalaritza munduan eta Bartzelonan denbora luze bat igaro ostean bere gustuko negozioa ipintzeko gogoarekin bueltatu zen Donostiara. “Denetarik” jartzen duela esatean rock and roll-a, soul, rythm & blues, garage, funk, indie… musika estiloei buruz ari gara.
Une honetan northern soul musika entzuten ari gara, mod hiri-tribuak gustokoa duen estiloa, baina asteburuetan Black Keys, “Wau y los Arrrghs!!! taldearen “Piedras” abestia edo Muse-n arrakastaren bat entzun dezakezu. Zorionez, bolumena ez da oso altua egoten eta aproposa da lasai ederrean hitzegiteko. Argiak, bestalde, ez dira zuzenak izaten. Giro rockero eta atsegina lortu du Imanolek, musika ona entzuteko aproposa. “Bizilagunak oso pozik daude”, dio harro eta onartzen du “Aker” taberna aurreko ekainean hartu zuenetik ez duela inongo arazorik izan.
Mari kalearen izkina batean kokaturik dago eta udan estreinatutako terrazarekin lan ugari eduki duela dio. Dozena erdi bat mahai inguru ipini zituen, baina Urgull mendira doazen eskailera-atalean beste hainbat bezero egoten ziren Kontxako badiara begira garagardo bana hartzen zuten bitartean. Gainera, eguraldi ona egin duen igande goizetan “Los domingos al soul” izeneko ekimena antolatu du, musika beltza eta edariak konbinatzen dituena. Ideia orijinal hau Estatu Batuetatik hartu zuen. “New Yorkera joan ginenean Harlem-en igande goiz eta eguerdiak hemen ez bezala aprobetxatatzen zirela ikusi genuen… eta antzeko zerbait egin nahi genuen”. Eta etorkizunari begira, pare bat proposamen ditu Imanolek burutzeko: lehenengoa, binilo diskoak jartzeko musika ekipo dotore bat erostea; eta bigarrena, kanpoko terrazan kontzerturen bat antolatzea.
Ez dago komentariorik