Duela hilabete batzuk, egun erretorikoa den galdera egin genien geure buruei: Egiaren ordua al da? Egia esan, Egian biltzen dira hiriko gauzarik garrantzitsuenak, modako auzoa da. Langileen auzo gris hau azkenaldian Alde Zaharraren gune alternatibo bilakatu da goizeko lehen orduetatik, gau aldera.
Goizeko 11:00ak. Paseoa Cristina-Eneatik
Egian ez dago nabarmentzen den kafetegirik, beraz, etxetik gosalduta joatea da onena. Lehen geltokia, paseo bat da: 80.000 metro karratu dituen parke zoragarria da Cristina Enea, Donostiako handiena, eta askorentzat ezezaguna da oraindik; oso jende gutxi ibiltzen da bertan.
Eguerdiko 12:30ak. Diseinua, artea eta arkitektura
Bazkaltzera joan aurretik, bi gune artistiko bisitatu ditugu. Batetik, Arte Akademia Estudioa (Ametzagaña kalea 21). Bertan, marrazki, margoketa, korte eta helduentzako konfekzio klaseak ematen dituzte; baita umeentzako ingelesez emandako eskulan klaseak eta moda. Pasaden larunbatean kurtso amaierako erakusketa prestatu zuen, eta merienda ere egon zen.
O taldeak (Eider Holgado eta Karina Carmona) hainbatetan jo du jada La Casa del Vacio-n (Mundaiz bidea, 14). Eraikineko laugarren solairuan dagoen gune handi eta zoragarri honek ume eta gazteentzako arkitektura tailer gisa funtzionatzen du, eta bestalde, askotariko ekimenak ere biltzen ditu: inagurazio eta festak, esaterako. Zoragarria da. Terrazatik dauden bistak ere, ezin hobeak.
15:00ak. Soul musika bazkaltzeko
Ireki berri duten Staaf taberna, goizaldeko 4ak arte sukaldea irekita duen hiriko taberna bakarra da. Ez dute ordutegirik. Bestalde, -eta A Fuego Negro tabernaren baimenarekin- , bazkaldu bitartean soul musika atsegina eskaintzen duen taberna bakarrenetakoa da. Gomendatu genituen karrillerez gain, aguakate entsalada, hanburgesa, solomilloa eta sandwicha bertan jan daitezkeen jaki goxoetako batzuk dira.
Ia parean, Atotxa-Hirutxulo plazaren beste aldean, Mariskeriak prezio oneko menu dexenteak eskaintzen ditu.
17:00ak. Gin tonic terrazan
Gauden plazan bertan gelditu eta bertako edozein terrazatan har daiteke kopa. Bestela, metro gutxira Dabadaba (Mundaiz bidea, 8) tabernaren terrazaz ere goza daiteke.
18:30tan erakusketa batera
Grosera gurutzatu behar izan dugu (Mandaseko Dukea kaletik gertu, hori bai!) eta Arteko galerietara jo dugu, Iparragirre kalean. Galeriatik irtetean, Iparra tabernan, non Los Bracco taldeko kideek lan egiten duten, gitarra, kaxoi eta hotsaren laguntzaz inprobisatutako kontzertuak egiten dituzte noizean behin. Ia koba flamenkoetan bezala.
20:00. Bokatak, pintxoak, eta… razioak
Gatozen auzora. Egiako malda nagusian daude zerbait hartzeko eskaintza handiena duten tabernak, baina lehenik Egia Tabernara igo gara ( Karmengo Ama, 45). Oso prezio onean bokata txikiak eskaintzen dituzte bertan. Beherago, Jose Migel tabernan (Karmengo Ama, 21) etxeko razioak eskaintzen dituzte. Hauek baina, ez dira eskrupulosoentzat gomendagarriak. Bokadilloa besterik nahi ez badugu, onena Helmuga tabernara joatea da (Egia kalea, 16), Bukowski ondoan. Dexente onak egiten dituzte bertan.
22:30. Alde Zaharraren alternatiba
Azkenean, Donostiar gauaren alternatiba izatea lortu du Egiak. Betiko Bukowskiz gain, (Egia kalea, 18), Dabadaba eta Staaf ditugu. Bi hauek goizeko lehen ordura arte irekiak. Horien artean sortu den triangelu geoestrategikoak joko asko ematen du. Pasaden larunbatean, esaterako, Los Bracco taldearen kontzertua egon zen Bukowskin. Horren ostean, publikoa Dabadabako sesio indiera edo Staafeko soul eta r&b soinuetara mugitu zen. Kalitatezko musikan dantza egin eta Egian ondo pasatzeko.
Ez dago komentariorik