Borja Cobeaga donostiarraren debuta izan zen “Pagafantas”-en (2009), Gorka Otxoa haren laguna Julián López asteazken batean festara ateratzeko konbentzitzen saiatzen da, asteazkenak “ostiral berriak direla” esanez. “Gaueko hamabiak ere ez dira baina” erantzuten dio. Bilboko kaleetan zehar ez dabil inor. Tabernak itxita daude. Madril eta Bartzelonan salbu, hiri txiki guztietan errepikatzen den eszena da: asteburutik kanpo, hiria hila dago.
Azkenaldian, badirudi Donostiako asteazkenetako arrats-gaua berpizten ari dela. Tira, baliteke pintxo-poteak lagundu izana, baina ez da aitzakia txarra etxea-lana-(gimnasio) etxeak sortutako gurpil zorotik deskonektatzeko. Badago honi ibilbide indie eta alternatiboa deitzen dionik, beharbada lokal gehienetan musika egokia hautatzen dutelako; hala ere, etiketak etiketa gure arreta merezi duen fenomenoa da.
Grosetik abiatuko gara, nola ez. Ondarra tabernaren ondoan, Miguel Imaz kalean kokatzen den Malandrino pizzeria apainetik, hain zuzen ere.
Arratsaldeko zortziak eta bederatziak bitartean, ostegunetan auzoa girotzen duten gazteak baino zaharragoak diren pertsonez betetzen da taberna. Etxeko espezialitatea pizza da: mehea, lauki txikitan moztua, eta sarri, labetik atera berria. Begetala izango da ziur asko zaporetsuena, nahiz eta aukera guztiak maila altukoak diren. Gauari hasiera emateko modu aproposa.
Ondoko bidegurutzean ezkerrera biratuz, Ondarraren beste aldean, Consentida taberna dago. Zurriola etorbidean gaude, Kubo Kutxa erakusketa aretoaren altueran. Patata tortillak badu bere puntua, baina pintxoek edo kañek (adi, Mahou dute!) bainoago, pasillo txiki bat besterik ez den tabernan jasotzen den tratu familiarrak ematen du arreta. Gaur Beatlesen musika entzuten da, eta bezero ezezagun batek aurpegi txarra jarri du.
– Ez duzu Beatles gustuko?
– Bai, baina galdetzen didatenean beti esaten dut nahiago ditudala Rolling Stones, The Who, The Kinks, The Small Faces…
Ez dago arazorik. Musika aldatzeko gonbita egin diote, dena berak nahi bezala egon dadin. Besterik gabe. Behar bezala ateratako kaña bat zerbitzatu dute, eta bat-batean Mahou garagardoaren kontrakoen eta aldekoen arteko eztabaida sortu da. Ezezagun artean, beste behin, Consentidako pasilloan.
Alde Zaharrean ere badira izaera rockeroko bi taberna, asteazkenetan publikoaren arreta bereganatzen jakin dutenak. Hauek ere pintxo-potearen amua darabilte horretarako, betiko tabernetakoen perfil berekoa ez bada ere. Gauerdira arte giro txukuna egoten da Aldamar kaleko Rekalde tabernan. Noizbehinka inprobisatutako kontzertuak antolatzen dituzte. Berri onak, gaur egun horietako bat da: tangoa jotzen duen talde argentinarra ari da bertan.
Batzuek haien garagardoak kalera atera eta edarien amaiera luzatzen dute, azaroko gau atsegin bezain harrigarria baliatuz. Bertatik, Eigerren, Alde Zaharreko rock and rollaren tenpluetako batean, pilatu den jendetza ikusten dugu. Asteazkenetan pintxo batzuk ateratzen dituzte, eta asteburutan taberna betetzen duten mod eta sixtie berberak biltzen dira bertan. Nola ez, asteazken batean northern soula dantzatzeko gogoz bazaude, ongietorria zara.
Ez dago komentariorik