RAE-ren arabera, frontera Estatu baten muga da. Baztertze kutsua duen hitz ez-atsegina da; nahiko artifiziala. Arteetan baina, elementu inspiratzaile gisa behin eta berriz erabilitako hitza da; beharbada, duen karaktere kontraesankor edo murriztailearengatik. Donostiako Dantza eta Antzerki azokak, dFeriak, 20 urte betetzen dituen honetan, bizitzaren banalerroak azpimarratu, zalantzan jarri edo hautsiko ditu.
Lau egunetan zehar hainbat eszenatokitan 32 funtzio eskainiko dituzten 26 espektakuluen mapa esploratzeko, Kulturaldiako espiek, lilurari inolako mugarik jarri gabe, 6 antzerki eta lau dantza emanaldi proposamen eskainiko dizkigute jarraian.
ANTZERKIA
“Casa de muñecas”
Lekua: Victoria Eugenia
Data: Martxoak 10 astelehena 20.30tan
Antzerkian inoiz idatzi den amaierarik onenetarikoa duen Henrik Ibsen-en lanaren adaptazio fidela eskainiko digute Bramant Teatre konpainiakoek. Gizaki guztiak bizi garen behar sozial eta banakoaren desioaren arteko mugan, Nora Helmer protagonistak azaleko itxuren zekentasunei egingo die aurre.
“La escuela de los vicios”
Lekua: Antzoki Zaharra
Data: Martxoak 11 asteartea, arratseko 19:00tan
Quevedoren indar garaikidearengana jo du Morfeo Teatrok beste frontera bat itxuratzera; bertute eta korrupzioaren arteko muga hain zuzen ere. Gaur egungo egoerarekin hainbat konexio ezartzen ditu kontakizunak, eta Burgosen izan zen antzezlanaren estreinuanhala oihukatu zuen publikoak (Gamonalekoak ote ziren?):“¡Sí se puede, sí se puede!”.
“Zazpi aldiz elur (Mikel Laboa elurretan)”
Lekua: Victoria Eugenia
Data: Martxoak 11 asteartea, arratseko 20.30tan
Atxagaren autoretza eta Tanttakaren lan ona uztartuz emaitza paregabea lortu dute; disziplina ugarik hartzen dute parte espektakulu oparo honetan, eta esan bezala, emaitza elur maluta baten jausiera bezain ederra da. Musikariaren ondoan egon izan direnentzat, eta bera miresten dutenentzat aire ufada adimentsu eta zirraragarria, komiko eta hunkigarria da antzezlan hau.
“Yo estuve allí… y no lo contaron como yo lo vi”
Lekua: Atano III pilotalekua
Data: Martxoak 12 asteazkena, gaueko 23.30tan
Hortzmugaren planteamenduaren berri ematen du izenburuak: eraso terrorista baten testigu izan zenak, berak bizitakoa bertsio ofizialarekin bat egiten ez duela ohartzen da. Muga hau, geroz eta ohikoa da komunikabide batzuetan (zorionez, ez guztietan).
“Petit Pierre”
Lekua: Antzoki Zaharra
Data: Martxoak 13 osteguna, arratsaldeko 19.00tan
Artefaktu poetikoa sortzeko bere oztopo saila zozketatzen dituen Pierre Avezard-en istorioak sorturiko emozioak azaleratuko ditu Bambalina Teatro Practicable-k. Adriana Ozoresen parte hartzearekin.
“Béisbol”
Lekua: Victoria Eugenia Club
Data: Martxoak 13 osteguna, gaueko 22.00tan
Veracruzana-ko Unibertsitateko Compañía Titular de Teatrok Europan egingo duen estreinuaren lekuko izango gara. Hainbat aktorek hil aurretik antzezlan on bat egin nahi duten pertsona helduen rola jokatzen dute antzezlan honetan.
DANTZA
“Hautsa”
Lekua: Intxaurrondo Kultur Etxea
Data: Martxoak 10 astelehena, eguerdiko 13.00tan
Estatuan egindako bi estreinuetako batekin dator Parasite Kolektiboa, eta Hogei’ta konbokatoria irabazi zuen antzerki-dantza ikuskizuna plazaratuko dute. Iraganeko Euskal Herriko markoaren bilaketa da kontakizunaren ardatza.
“Rite of Spring-Extended”
Lekua: Gazteszena
Data: Martxoak 11 asteartea, eguerdiko 13.00tan
Udaberriko arauen transgresioak iritzi ezberdinak plazaratzen dituela esatea eufemismo engainagarri bat da. Stravinskyk publikoan berrikuntzaren aldeko eta kontrakoen arteko istilua sortu zuen. Segur aski, gaur egun halako eztabaidak futbol partiduetan sortzen dira. Granhoj Dans konpainia daniarrak, nazioartean ezaguna, inozentzia galeraren samintasuna jarriko du eszenan. Estatuan egingo den estreinua dugu.
Oharra: EEgun berean, arratsaldean ( Victoria Eugenia Cluba, 17:30tan) “Hooked” 12 minutuko delicatessena egongo da ikusgai.
“Memorias de un olvido”
Lekua: Gazteszena
Data: Martxoak 12 asteazkena, eguerdiko 13.30tan
Esther Esteban dantzariak haren lehen proiektua dakar, konpainia gisa, Donostiara. Edizio hau zeharkatzen duen zahartzaroaren lana lantzen du Estebanek ere (beharbada bizitzaren muga ikusezina salatzeko). Bizitzan zehar jasotako ezagupenaren galerak sortutako samindura islatzeko asmoa du lan honekin.
“Geltokia”
Lugar: Victoria Eugenia
Fecha: Martxoak 13 osteguna, arratseko 20:30 tan
Edu Muruamendirazen Aukeran konpainia bidaiei eta geltokiek gordetzen dituzten sekretuei buruzko kontakizunarekin dator. Lan hau Miren Agur Meabe idazlearen gidoi batetik izan da sortua.
GOGOAN HARTU
Sarrera salmenta: Antzoki Zaharra eta Victoria Eugeniako takilletan, edo Kutxan bertan ( 85 zentimoko karguarekin). Otsailaren 28rarte sarrerak 8 edo 15 euroren truke lor daitezke. Martxoaren 1etik 9ra, edo 10 edo 18ren truke. Azokak irauten duen bitartean, sarrerak 12 edo 20 eurotan egongo dira. Ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago, 30 urtetik beherako gazteek 3 euroren truke lortu ahal izango dituzte sarrerak.
Ez dago komentariorik