Urtero Astigarragan egiten den errege gaua da gure gogokoena. Hirugarren aldia da urtarrilaren 5 batez KULTURALDIA Ginmusika musika-sustatzaileak Petritegi sagardotegian antolatzen duen Music&Txotx ekitaldi musikal-gastronomikoan izan dela. Eusko label pintxoz (tortilla, saihetsa, oilaskoa, hanburgesa gazta eta irasagarra), sagardoz eta musikaz osatu zuten menua. Los Bracco musika talde donostiarrak eta Arizona Baby Valladolideko taldeen doinuek girotu zuten festa.
Jarraian, festan Lorena Oterok ateratako argazki-kronika erakutsiko dizuegu kronologikoki ordenatua: Artzai Onaren plazan jendea autobusera igo zenetik, etxerako buelta arte.
20:05 Artzai ona meeting point
Artzai onaren plazan hitzartu zen jendea. Hotz apur bat egiten zuen, baina autobusa puntual iritsi zen. Hiru autobusetan igo ziren sarrera garraio-publikoaren eskaintzarekin erosi zutenak. Gainerakoak euren kabuz, eta arriskuz, joan ziren Astigarragako sagardotegira (Arizona Baby taldekoak Lasartera joan ziren, nahastuta).
20:20 Iristsi eta… lehen pintxoa
Sagardotegira iritsi eta behar moduan sartu ginen, ordenatuta. Harrerako gelako mahaietan, hanburgesa pintxoak genituen zain. Erasora!
20.25 Txootx!
Jan eta edan. Hori izan zen kontzertuak hasi aurretik egin genuena. Bodega irekita zegoen, eta hainbat kupeletako sagardoa dastatu genuen. Sagardotegietako errituala martxan da.
20.30 Pintxoak eta pintxoak
Los Bracco taldea eszenaratu aurretik, zerbitzariak mundu guztia pintxoz hornitzen saiatu ziren. Jantokia goraino zegoen. Kurioski, arrakasta handien izan zuen pintxoek ez zeramaten haragirik: patata-tortilek hegan egin zuten.
21.00 Los Bracco
Los Bracco taldeko gitarra nagusia, Toni Medina, sukarrarekin zegoen, eta abeslaria, Pablo Fernandez, eztarritik gaizki zebilen. Taldea txikituta atera zen, baina espero baino kontzertu hobea eskaini zuten. Fondoko jantokian jo zuten, 90ko hamarkadatik 2010erarte sagardo-denboraldia estreinatu duten hainbat kirolari ospetsu eta euskal pertsonaia publiko azaltzen diren paretaren auka jarritako eszenatokian.
22:00 Gazta, irasagarra eta sagardo gehiago
Postrea falta zen. Jantoki nagusiko mahaietan gazta eta irasagarra jarri zuten afariari amaiera bikaina emateko. Azkeneko aldiz ireki zuten bodega.
22:30 Arizona Baby
Valladoliden ezagunena den hiruko bizarduna Iker Jimenez-ez, Errege Magoen ikatzaz eta musika munduan ezaguna den “subidoi” kontzeptuaz gogoratu zen. Rock akustikoak funtzionatu zuen. Berritsu zebiltzan, eta Javier Bielba abeslariak, gainera, sagardoa edanez eta txotx etengabe esanez pasa zuen gaua. Hainbatetan nahastu zuen Astigarraga Lasarterekin, baina atsegin izanagatik barkatu zioten. Bodega itxi zutenean, barrara gerturatu zen jendea, behin eta berriz, bertan zerbitzatu zituzten botiletatik tragoa hartzeko.
00:15 Bisak
Arizona Baby taldeak dena eman zuen eszenatokian, eta haien kontzertua gauerdia pasa arte luzatu zen. Sagardoa bizi zebilen garunetan. Euforia eta giro ona nagusitu ziren, eta taldeek, gainera, euren diskoak saldu zituzten.
00:40 Buelta meeting point-era
Amaitu da. Edo orduan hasi zen gaua batzuentzat. Autobusa Amarako geltokian egin zuen lehenengo geldialdia, eta San Martinen ondoren. Music&Txotx-ek hurrengo urtera arte agurtu gintuen.
Ez dago komentariorik