Udazkeneko larunbat arrats eguzkitsu bat da. Pokhara tabernako terrazara iristean, ñoñostiarra den estanpa mitiko batekin egiten dugu topo: Donostiako Odon Elorza alkate ohia, egun diputatu sozialista, bertako terrazan dago kafea hartzen ipadari begiratu bitartean. Gainontzeko mahiak hartuak daudenez, barrura sartu gara. Eguna eguzkitsua izaki, barruan ez dago inor. Hala ere, inguruan krisia gutxien pairatu duen taberna dela dirudi.
“Ohiko bezeroak ditu, eta ostiral eta larunbat gauetan lokalari berezko izaera eman dioten dj-ak aurki daitezke. Kale honetan tinko dirauen taberna bakarra da” dio duela urte eta erdi Larramendi kaleko bosgarren zenbakian Kalima taberna ireki zuen Iñigo Agotek. Donostiarra dugu bera eta Madrilen tabernari ibili ostean, bere kabuz abiatu zuen negozioa Donostian. Toke afrantsesatu bat emanez, xeheki zaintzen du dekorazioa. Maitasun handiz zerbitzatzen ditu garagardoak -“ madrildar estilora”- eta fruitu lehorrak ateratzen ditu edariarekin batera. Gure herrian ezohikoa da hori.
BMX Brandits eta Arcade Fire doinuen artean, belaunaldi berrien “erreleboaren” beharra dagoela azpimarratzen du. Zaharkiturik dago duela 30 urteko eredua: kopak zerbitzatu eta dirua egin. “Gazteek internet bidez ligatzen dute, internet bidez sozializatu eta dibertitzen dira… Baina tabernetan duela 30 urteko nagusiek jarraitzen dute, eta ez dira garai berrietara murgildu. Aldaketa bat egon dadin, beharrezkoa da ideia berri eta proposamen iraultzaileak dituen jendea”.
Tabernek gure gizartean protagonismoa galdu dutela jakinik, eta zonaldea gainbeheran dagoenaren jakitun finkatu zen hemen. Garai berriak, krisia, Gros auzoaren indarberritzea… Hainbat faktorek azaltzen dute gaurko egoera. Baina agian, Udaberri tabernaren beheko solairuaren itxierarekin (LINKA) hasi zen zonalde honen gainbehera duela bost urte. Taberna hau izan da beharbada, Errege Katolikoen kaleko indargune behinena.
“Bizitza guztia” barraren atzean lanean daraman Naroak nostalgiaz oroitzen ditu beheko solairu hartatik musika elektronikoz animatzen ziren gauak. Gaur egun, Udaberri taberna kafetegi bat da soilik. “ Elur bola handi baten antzeko zerbait izan da” dio. “ Hasieran, ordutegi murrizketak iritsi ziren: asteburuetan goizeko ordu bi eta erdiak arte irekita irauteko baimena genuen soilik. Ondoren pub izateko lizentzia kendu ziguten, eta kontzertuak antolatzeko orduan, trabak jartzen zizkiguten. Ez dago laguntzarik. Burua makurtu gabe, aurrera egitea besterik ez zaigu gelditzen”.
Egoera honi aurre egiteko, modan dagoen pintxo-potea egiten hasi da Splash taberna. Pasa den urriaren 18an hasi ziren horretan, ekimenak egoera baretuko duen itxaropenarekin.
Ez dago komentariorik