Txantxa gutxi Zabaleta kaleko Garoa liburu-dendarekin: laborategi kulturalaren azpitituloa ez zen inongo boutadea izan, pixkanaka-pixkanaka errealitatea bilakatu den albiste ederra baizik. “Garai batean bezalaxe, liburu-denda elkargune eta epizentro kultural bilakatu nahi zutela ziotenean, Garoa Kultur Laborategiko kideek ez zioten inolako bromarik”, dio liburu-dendaren komunikazio arloetan dabilen Oier Aranzabalek.
Urrian hasiko du Garoak ibilbide potentea. Bagenekien paperezko kontzertuak antolatzen zituztela, baina ondorengo hiruhilabeteko programazioa erabateko ordago kulturala da. Hainbat ziklotan oinarritzen da Groseko liburu-dendaren eskaintza kulturala. Anekdota arbuiatzen duena, ibilbide luzeko esperientziak hobesteko. Arlo artistiko guztietan. Eta Oier Aranzabal berak laburbilduko duena:
Paperezko kontzertuak
“Garoako musika kluba. Musikazaleentzako gozagarri paregabea. Musika talde edo artista bat, unplugged formatuan abesten, zaleengandik metro eskasera. Aperitifa, pastak, garagardoa eta ardoa. Goiz edo arratsalde bat musikari bat biluzten. Momentu magikoak dira paperezko kontzertuak, ez dira ohiko kontzertuak. Esperientzia bat dira. Honakoa da programa lehen hiruhilekorako: The Sadies (urriak 19, igandea), Sam Amidon (azaroak 18, ostirala) eta Grises (abenduak 21, igandea)”.
Paperezko antzerkiak
“Ainhoa Alberdik gidatutako antzerki zikloa. Paperezko gainerako ziklotan bezala, esperientzia kolektiboa du ardatz, baina oraingoan antzerkiari lotuta. Aperitifa, jan-edana eta antzerki saio bat. Eta noski saioaren ostean solasaldi bat egingo da autore eta aktoreekin. Antzerkiaz gozatu eta hitzegiteko parada. “Ta oain ze?” (urriak 9, 19etan), “Conccertino Para Orgánico y Palabro” (azaroak 13, 19etan) eta “Idazlea zeu zara” (abenduak 11, 19tan)”.
Paperezko zinea
“Zinea.eu egitasmoarekin antolatutako gidatutako antzerki zinema zikloa. Hiruhilabete bakoitza tematika bati lotuko zaio, eta hilabete bakoitzean pelikula bat proiektatuko da. Ohiko aperitifa, filma eta osteko solasaldiarekin. Lehen hiruhilekoan dokumentalgintzaz gozatuko dugu”. “Ruins” (urriak 31, 19:30etan), “To shoot an elephant” (Azaroak 21, 19:30ean) eta “Los Malos Sueños de René Petit” (abenduak 19, 19:30etan).”
Paperezko lagunak
“Literatura solasaldiak. Paperezko Lagunak (euskaraz) Beñat Sarasolarekin: ‘Gerra txikia’ (urriak 23), ‘Erraiak’ (azaroak 20) eta ‘Su zelaiak’ (abenduak 18). Gazteleraz Aldiz Ruth Pérez de Anucita-rekin. ‘Amor Perdurable’ (urriak 30), ‘Tierra desacostumbrada’ (azaroak 27) eta ‘De vidas ajenas’ (abenduak 16).
Ez dago komentariorik