Plaza nagusiak turistek segituan bisitatzen duten guneak izaten ohi dira. Ez da hau Donostiako konstituzio plazan gertatzen den fenomenoa. Askotan Alde Zaharreko kale estuetan zehar ibili ondoren topatzen duzu plaza, kasualitatez. Balkoietako zezen plaza aintzinaren zenbakiak kenduta, ez dago atentzioa deitzen duen ezer. Hasiera batean hiri askotan ikusten den plaza tipikoa dirudi; gainontzeko plazekin arkuen estruktura amankomunean duena, alegia.
Batzuetan paketsua ageri da eta beste askotan jendez josia egoten da. Txikitan gurasoek eraman zaituzte Santo Tomas egunean eta munduko lekurik jendetsuena dela uste duzu. Feria eta merkatuetan ere egon zara noizbait. Gaztaroan aldiz Danborradaren hasiera bizi nahi duzu plaza erditik baina ondoko kale estuetan geratzen zara pasa ezinik. Ikasle garaiko beste oroitzapen klasikoa: gutxienez behin liburutegiaren barnean egon zara. Alde handia dago. Jokoz kanpo uzten zaitu kontrasteak. Egun seiñalatuetan Konstituzio plaza pil-pilean dago eta gainontzeko egunetan bare-bare.
Asko aldatzen da plaza eguna, ordua eta urtaroaren arabera. Euria egiten duenean lurra distiratsua geratzen da eta plazan ez dago inor. Desertua dirudi. Argazki ederraz gozatzeko aukera izan daiteke aurkepean estalita. Ez da argi gehiegirik sartzen baina argiaren tonalitate ezberdinak bereiztu daitezke. Eguzkia egiten duenean ume ugari ikusten dira plazan korrika gurasoak kopatxoren bat hartzen duten bitartean. Orduan jende dexente nahasten da mahaietako terrazetan, gazte eta helduak. Udaran denbora ziztu bizian pasa daiteke: iluntzen duenean gintonic bat (edo bi) hasi zara edaten eta konturatu zareneko goizeko 01:30ak dira.
Donostiako Alde Zaharreko espiritu komertziala kondentsatzen da modu berezi batean. Tabernak, betiko dendak eta denda modernoren bat ere badago. Txikitan Tamboril tabernaren pintxoak oso gaestiak zirela entzungo zenituen eta horren ondorioz ez zara inoiz sartu. Astelehena taberna betiko pintxo taberna da ere eta aspaldi ezaguna egin zen arrai pastel goxoa egiten zutelako. Gaur egun karta zabala eskaintzen dute. Donostiarrak eta euskaldunok orohar kopak kalean edatea gustokoa dugunez arkuak oso aproposak dira. Txurrut aukera ezinhobea da barneko musika patxangeroa ekiditzen baduzu. Hamabost taberna aldiz goizeko lauak arte irekita egoten da. Mikelek alde egin zuenetik musikaren nibela asko jaitsi da baina rock musikaren greatest hits sorta entzuteko aukera izango duzu.
Konsti plazatik noizbait igaro bazara galdera berdinak egingo zenzkion zure buruari: zein bizi ote da etxe horietan? Aintzinako errenta izango dute? Elkargunea den plaza dugu. ETAren indarkeriaren amaieraren ostean lehenengo aldiz elkartu ziren euskal lau sentsibilitate politiko nagusiak (EAJ, Bildu, PSE, PP) Konstituzio plazan. Eta hori albiste ona da oso.
Ez dago komentariorik