Igandea da eta goizeko hamabiak dira. Eguerdia hastera doa, beraz, eta vermuta kontsumitzen hasi da jendea dagoeneko. Vintage izaera duen ohitura bilakatu da vermuta gure artean eta kazetaria eta publizista baten eskutik (Aitor Azurki) zein Zumaia eta Estatu Batuetako bi lagunek sortu berri duten erakundearekin, (International Society for Preservation and Enjoyment of Vermut) berpizkuntzaren klabeak analizatuko ditugu
(Egunez burutzeko) plan polita da
Aitor Azurki: “Beste makina bat gauza bezala, belaunaldi aldaketa izan denean bidean geratu zen Vermuta, alegia, ‘zaharren’ ohitura edo kontsumo produktu gisa geratu zen imajinario kolektiboan. Gazteek garagardoa edota kubatak edatera jo dute, beti gauez eta ostiral eta larunbatak probestuz horretarako. Nolanahi ere, azken hilabeteotan vermuta berpiztu egin da, Bartzelona edo Madril bezalako hiri handietatik etorritako gazteen ‘moda’ lez, eta, indarra hartzen ari da, donostiarrek ikusi baitute vermuta aitzakia ederra dela eguerdietan lagunartean egon eta egunaz ere gozatzeko, batik bat igandeak”.
International Society for Preservation and Enjoyment of Vermut: “Edariaz gain, vermuta hartzea ohitura polita da. Asteburuetan bazkaldu aurretik lagunekin edo familiarekin batu eta egun argitan jan, edan eta ederki pasatzeko aitzaki ona da. Gazteok egunean zehar gauza gehiago egin beharko genituzke, iluntzea iritsi baino lehen etxetik atera eta eguraldiaz, konpaniaz eta hiriaz gozatu.”.
Modak geratzeko ere badaude
A.A: “Nik uste horrelako modak gera daitezkeela, eta, geratzeko jaio ez badira, nolabaiteko hondar bat utz dezakete, hau da, gazte jendearengan eguerdiak eta batik bat igande eguerdiak probesteko gogo eta ohitura hori utz dezake. Vermutarekin edo beste edariren batekin batuko den jendea eguerdietan? Auskalo”.
I.S.P.E.V.: “Duela 10 urte gazteek ere ez zuten ardoa, gintonica, rona, zukuak, cocktail-ak, garagardo artisauak… orain bezala edaten. Aukera zabala dago, eta jendea gauza gehiago probatzera animatzen da, pixkanaka gauza berriak ikastera. Agian moda honekin vermuta ikaragarri gustatzen zaizula deskubritu eta zure edari gogokoena bihurtu daiteke!”.
¿Vermuta edo marianitoa?
A.A: “Paralelismo bat eginez, leku askotan zurito eta kainaren antzera erabiltzen dituzte, hots, marianitoa zuritoa litzateke, eta, vermuta, kaña. Nik uste modu egokia izan daitekeela kopuru desberdinetakoak bereizteko eta oro har hala erabiltzen delakoan naiz”.
Vermutaren laguna: tabernak
A.A: “Gros auzoan bada taberna txiki bat, General Artetxe kalean, Roberto izenekoa. Bertan vermuetan espezializaturik daude eta dozena bat inguru dituzte aukeratzeko. Honez gain, euren vermutak oso ikusgarriak dira alde batetik, dekorazio ederra baitute laranja azal eta olibez eginikoa. Bestetik, zaporez ere eder askoak egiten dituzte. Alde Zaharrean, ordea, bi dira taberna egokiak edari hau edateko: bata, A Fuego Negro garitoa. Bertan orain dela pare bat hilabetetik Taskakulturklub elkartearen bitartez ‘Vermú & Sifonk Sessions’ egiten dute, hots, 13:00etatik 16:00etara DJak ipintzen dituzte. Bigarren taberna Etxeberria garagardotegia da. Honek etxeko vermua eskaintzen du soilik asteburuan. Vermu ederra, eta, kopuruz, handia oso! Zinez gomendagarria hau ere bai”.
Vermutekea
I.S.P.E.V.: “Oraingoz 3 Vermuteke antolatu ditugu eta ideia hilabetean behin bat ospatzea da. Lekua, edaria, jatekoa, musika… lortu eta sare sozialen bitartez jendea etortzera animatzen dugu. Guztion artean diru botea osatu eta gastuak ordaintzen dira, kuadrilako boteak duen funtzionamendu berdinarekin. Hurrengoa ekainean antolatzeko asmoa dugu. Vermutekeez gain, vermut tourrak ere antolatu ditugu. Talde bat osatu, plano bat prestatu eta Donostiako auzo ezberdinetatik vermutak probatu genituen igande eguerdi eguzkitsu batean. Jende, taberna eta vermut berriak ezagutzeko edozer antolatzeko prest gaude!”.
“.
Ez dago komentariorik