Gipuzkoan jaio bazara baliteke Kutxako kamiseta txuria oraindik ere armarioan nonbait jasota edukitzea. Seguruenik prenda maitatu baten aurrean egongo zara Arotz-Enea bezalako udalekuetan egunen batean oparitu zizutelako. Gaur egun kolonietara joateko aukerak dexente handitu dira, 80 eta 90. hamarkadetako eskaintzarekin konparatzen badugu behintzat. Eta ez da Kutxa preskriptore bakarra, ezta gutxiagorik ere, haren ekimenak naturara, arrantzara, zientziara eta beste hainbat arloetara zabaldu diren arren.
Gurasoak, beraz, lasai egon daitezke. Seme-alabek ondo baino hobeto aprobetxatu dezakete laster datorren uda luzea. Jolasten, margotzen, menditik pasiatzen edo itsasoan bainatzen. Nahi duten bezala. Kontua da jolasten duten bitartean zerbait ikastea. Eta umeak txikitatik kulturaz murgildu nahi dituzun horietako gurasoa bazara irribarre egin. Orain posible da.
Donostia eta Zarautzeko Garoa liburutegi dinamikoan, Udako Kultura Aisialdia ekimena jarri dute martxan. 8 eta 12 urteetako umeentzat zuzenduta dago eta hainbat diziplina artistiko bereganatuko dituzte: musika, argazkilaritza, literatura eta antzerkia, batipat. Guztira hamar eguneko lau txanda antolatu dituzte uztailaren 2an hasita eta txanda bakoitzak 110 euro balio du.
Normalean, kolonia hauetan bilatzen diren helburuak ondorengo puntu hauek dituzte amankomunean: sormena garatu, experimentazioa bultzatu, entretenitu eta, azkenik, kultura eta artearen ekarpen baliotsua txikiei transmititu. Dena dela, mundu guztia ba al dago prest honelako txute kultural zein artistikoa jasotzeko? Ez da hobe izango umeak, lehendabizi, nolabaiteko gaitasun bereziren bat adierazten badute? “Ez”, erantzuten du Javi Polok. “Funtseskoa dena da ikasteko eta ondo pasatzeko jarrera adieraztea. Egiten ditugun ekintzak guri txikitan oporretan egitea gustatzen zitzaizkigun gauzak ziren”.
Javi eta Saioa Burutaran Egiako Estudio Arte Akademiaren arduradunak dira non, azkenaldian, josten ikasteko klaseak arrakastatsuak bilakatu diren. Datorren uztailak 6tik 31ra Summer Camp izeneko tailerrak antolatu dituzte 4 eta 10 urte bitarteko haurrentzat. Aste batek 85 euro kostatzen du eta lau aste jarraiaren prezioa, aldiz, 310 eurokoa da. “Eskulanak egiten ditugu, jokuak eta kanpora ateratzen garenean hiriko leku politak margotzen ditugu: parkeak, zubiak, hondartzak… Gainera, ekintza batzuk ingelesez egiten dira”, jarraitzen du Javik.
Aukera interesgarri gehiago badaude, besteak beste, Amara Berri eskolan uztailaren 27tik abuztuaren 14ra arte ospatuko den Musika Bai! ekimena. Hamabostaldiak antolatzen du Xabier Lizaso Piano Studio-arekin batera eta 3 eta 15 urte arteko umeak duten “ezinegon artistiko eta musikala modu praktiko eta dibertigarri baten bidez garatu” nahi dute. Izena eman nahi baduzu 97 euro ordaindu beharko dituzu. Abuztuaren 11ean Okendoko plazan kontzertu bat eskainiko dute gaztetxo hauek Hamabostaldiaren egitarauen barnean.
Ez dago komentariorik