Andoaingo faktorea
Donostian mugitzera ohituta, eta baita hein txiki batean Irunenen ere, badu bere puntua urtero Andoainera rock txango bat egiteak. Beharbada, hasiera batean bitxia irudi lezake nazioarteko jaialdi bat 15.000 biztanle inguruko herri batean egitea, baina zazpi urteren ostean, ez dago dudentzako lekurik: asmatu dute. Inguruko tabernek lagundu, eta kontzertuen aurretik zein ondoren, rock musika ona jartzen dute haien lokaletan.
Publikoa: umeak eta rock adituak
Musika eskaintza bezain garrantzitsua da kontzertuen inguruan biltzen den publikoa. Nafarroa plaza da Andoaingo elkargune nagusia, bertan umeak biltzen dira parkean, eta helduak tabernetan. Arratsalde hartako lehen orduetan bertan bizitako giroa bitxia zen: herriko bizilagunak Donostia, Bilbo, Leon, Madril…-etik etorritako musikazaleekin elkartu ziren. The Lookers taldearen kontzertua amaitzean, bigarren emanaldian, Andoaingo espiritu familiarra ezin hobeto laburbiltzen duen eszena sortu zen: 10 urteko haurrak korrika bizian irten ziren Ziburuko taldeko kideengana autografo bila, Rolling Stones-eko kideak izango bailiran moduan.
Uda hemen da
Historikoki eguraldiak Andoain gogor astindu badu ere, Gipuzkoako udako emanaldiei hasiera ematen dien ekitaldia da jaialdi hau. Larunbatean ez zuen euririk egin, eta tenperatura goxoko egun hartan kontzertuak manga motzez -asko jota kazadora batez, janzkera rockeroan falta ezin daitekeen prenda- gozatzeko aukera izan genuen. Eguraldi ona edo txarra izan, beti dago uda usaina Andoainen.
Fun, fun, fun
Rock and rollaren ustezko sinpletasunean bere heriotza diktatzeari uko egiten dion musikaren xarma aurki daiteke. Abestiek nekez gainditzen dituzte hiru edo lau minutuak eta Andoaineko jaialdian parte hartzen duten taldeek -ekuazioak berdin balio du soul, garaje, power-pop, rockabilly eta beste hainbat subgenerorentzat- helburu saihestezin bat duen gidoia jarraitzen dute: publikoak ezin hobe pasatu dezan. Debekatuta dago aspertzea.
Doakoa da
Askotan ez gara ohartzen nazioarteko eta doako rock jaialdi bat etxe alboan izateak zer dakarren. I Wanna Managment & Bloody Mary promotoren eta Andoaingo udaletxeko aliantzari esker, krisi egoeran murgilduta ere nazioartean oihartzun handia duten taldeak ikusi ahal izan ditugu –horietako batzuk mitikoak-: Undertones, Chesterfield Kings, Pretty Things – beste hainbat ekitalditan hauek ikusi ahal izateko beharrezkoa da aurretik leihatiletatik pasatzea, hala beraz pribilegio hutsa da. Bestalde, azken urteotan aldaketa politikoa bizi izan dugu – lehen PSEk gobernatzen zuen Andoainen, eta azken udal hauteskundeetatik EH Bildu da nagusi-, hala ere jaialdi honek ez du aldaketarik jasan. Ondo.
Kalitatea
Normalean, taldeen kalitatea altua izaten da. Honako edizioan baina, faltan bota dugu beste urte batzuetan egondako izen legendario horietako bat. Baina batzuetan, ezustekoak izan ohi ditu entzuleak: The Woggles taldearen energia geldiezina Andoaingo historian une gogoangarrienetako bat izango da. Garaje eta r&b doinuen zurrunbiloak taldearen kideeetako batzuk plazara jaitsarazi zituen. Zail izan zuen The Bellrays taldeak, izan ere, hauek gaueko azkenak izan ziren eta irabazleak jada, hauen aurretik aritu ziren. Gainerako taldeekin denetarik izan genuen: Kid Congok ordutegi ganberroagoa merezi zuen, The Ape taldeak gutxinaka egin zuen gora…
Ahaztu ezinezko rock and roll-aren 12 orduak
Betiko rock and roll-a atsegin baduzu, Andoain derrigorrezko geltoki izan beharko litzateke. Kontzertuak arratsaldeko 6etan hasten dira, egunez, eta gaueko 2ak pasatxo amaitzen dira. Baina Nafarroa plazako tabernek programazio musikal gozagarriarekin gaua luzatu zuten beste jaialdietan baina prezio eskuragarriagoak eskainiz, eta esan bezala, oso giro onean. Anodaingo Rock Jaialdia must bat da.
Ez dago komentariorik