1-. “Abba” (1988) – The Cynics
Egiari zor, bertsio originala 60. hamarkadan AEBn sortu ziren garaje bandetako batena da: The Paragons taldearena. Baina, 80. hamarkada bukaeran Gregg Kostelich eta Michael Kastelicek osatutako bikoteak behin-betiko bultzada eman zion, rock and rollaren zeruetaraino eramanez.
2-. “Summer Fun” (1981) – The Barracudas
Ezbairik gabe, 70. hamarkada amaierako eta 80.-aren hasierako bandaren abesti arrakastatsuena. Festa ‘rockanrolero’ guztietan behin eta berriz jarritako abestiari irrati ‘kuña’ dibertigarri batek ematen dio hasiera, “papapa” hotsak jantzitako estribillo gogoangarria hasi aurretik. Udako abestien abestia.
3-. “I Can´t Help My Self (1965)” – The Four Tops
Publikoak gizonek osatutako Motown-go beste musika talde handia, The Temptations, izan du nahiago beti. Haatik, The Four Tops-ek zenbait abesti bikain, dantzagarri eta hilezkor ditu.“My Girl”-en autoreen maila berean kokatzen dutenak.
4-. “Shout To The Top” (1985) – The Style Council
Laurogeigarren hamarkadara egin dugu salto. Paul Wellerek, The Jam inoiz baino komertzialago zen unean, taldea utzi eta pop-soul abentura berriari ekin zion Mick Talbotekin batera. Mod kulturan barneratuz, eta hanka-sartze bat edo beste tarteko, bete-betean asmatu zuen “Shout To the Top” abestiarekin. Ia 30 urte beranduago bere bakarkako emanaldietako kantu aldaezinetako bat da.
5-. ”Let´s Make This Precious” (1982) – Dexys Midnight Runners
Bide musikal beretik jarraitzen dugu oraindik. Kevin Rowland berpiztuak arrakastaren eztiaz gozatu zuen “Come on Eileen” ahaztezinarekin. Baina bere lanik onena den disko horretan “Too-Rye-Ay” (1982) harribitxi hau ere badago, merezi ez duen bigarren planoan izanagatik. Saxofoi horiek gogoan ondo gordetzeko modukoak dira!
6-. “Shake Some Action” (1976) – Flaming Groovies
Bi multzotan banatzen dira talde kaliforniarraren jarraitzaileak: Roy Loneyren hastapenetako garai rockeroagoa nahiago dutenak, eta 1971 osteko Chris Wilsonen kutsu british eta elegantearen zaleak. Abesti honi esker, betiko errespetatuak izango dira Wilson eta Ciryl Jordan. Power-poparen gailurretako bat da.
7-. “Cruel To Be Kind” (2010) – Kurt Baker
Barka gaitzala Nick Lowek, baina omenaldi bat egin nahi izan diogu bere dizipulu Kurt Bakerrek egin duen bideo dibertigarri honekin. “Cruel To Be Kind”-en bertsio hau originala freskoagoa da, koro berri eta jarrera jubenilarekin. Eta ororen gainetik, egunik ilunena argitzeko gai da. Gainezka egiten duen zoriontasuna.
8-. “Cynthia” (2011) – Velociraptor
Azken urteotan, Black Lips-en garaje modernoak eragindako belaunaldia agertu da, Burger Recordsek elikatzen jakin duena. Atlantakoen jarraitzaileen multzo horretakoa da Velociraptor. Single honek abesti arrakastatsuenen zerrendetan agertzea merezi du.
9-. “6 Jerseys 6” (2012) – Santiago Delgado y los Runaways Lovers
Gure Jonathan Richman and the Modern Lovers munduko talderik dibertigarrienetakoa da; ezin gutxiago esan Bilbotarrak izanda. Gitarra espainiarra, kaxa eta hiru ahotsekin, rock and roll klasikotik, 50. eta 60. hamarkadatik batez ere, edaten duten abestiak osatzen dituzte. Letrak hobe ezinak dira.
10-. “Drácula Ye-Yé” – (1997) Doctor Explosión
Jorge Muñoz-Cobo asturiarrak gidatutako taldeak umore aparta du. Bikain moldatu izan ditu Doctor Explosión-ek pop espainiarraren klasikoak, eta kasu honetan Andrés Pajaresen “Dracula Ye-Yé” abestiarekin ausartu dira. “Modernoa naiz, hilezkorra naiz, eta primeran ari naiz pasatzen…”. Bikaina.
Ez dago komentariorik