Ez gintuzke harritu behar. Edo beharbada bai. Zentzuzkoa da Kakkmaddafakka talde norvegiarrak 500 pertsonako aforoa duen Intxaurrondoko kultur etxea unibertsitarioz betearaztea. Gazte erakargarri eta dibertigarriak izateaz gain, rollo ona transmititzen duten ukitu indie-dun abesti poperoak jotzen dituzte. “16 pertsona besterik etorriko ez zirela pentsatzen genuen” esan zuen Axel Vindenesek -talde eskandinaviarreko ahotsak – pasaden azaroaren 16ean, ostirala, aretoa jendez lepo zegoela ikusi ostean.
Kakkmaddafakka taldeak ez du inolako berrikuntzarik ekarri. Ez dira bereziki berritzaileak, ezta bertutetsuak ere. Egia esan, musikari onak direnik ere ez dago argi, batez ere haien erreferente diren taldeekin alderatuz gero. Haien kamisetekin Daniel Johnstonen marrazkiak eta The Whitest Boy Alive -bere lagun Erlend Øye, Kings of Convenience bikotean ere ari dena- taldearen pop fina aldarrikatzen ditu. Bandera handi batekin taularatzen dira, publikoak lotsa gal dezan lortzen dute, dantzatu egiten dute, baita irri ere… Zuzeneko emanaldiaz gain, show bat da egiten dutena.
Kontzertua amaiturik Ginmusica promotorako parte eta Donostikluba inguruan dabiltzan pop independente taldeen giren arduraduna den Sergio Cruzadok esan zuenez, “hemen biltzen dira hogei urte inguruko unibertsitarioak: janzkera jakin bat duten musika talde dibertigarriek sorturiko emanaldietan. Gaur egun gazteen arreta bereganatzeko talde on bat edukitzea ez da nahikoa, gehiagoren beharra dago”. Pop musika, dantza eta hedonismoa. Hori da sekretua.
Capital Cities-en “Safe and Sound”en garaipen handian laburbiltzen da publiko unibertsitarioarekin lortutako konexioa: MGMTren debutaren formula ustiatu, modernitateari beharrezko patina eman eta gozatzera. Kakkmaddafakka, Capital Cities eta Crystal Fightersek esker beroak jaso dituzte publiko unibertsitarioaren partetik, nahiz eta haien artean badiren ezberdintasunak. Talde hauek publiko gaztea biltzeko indarra duen generazio berriaren parte dira. Ez ditugu gutxietsi behar: noiz edo noiz, akaso Calvin Harris edo Skrillex DJen sesio horietako batean, galdutzat eman dugun jendea biltzea lortu dute.
Burrianako (Castellon) Arenal Sound izan da musika elektronikoa eta pop zein rock bandak uztartzeaz hoberen arduratu den jaialdia. 18 eta 25 urte bitarteko gazte andana biltzen da udarako jaialdi honetan, eta hauei berdin zaie Nife Party DJ-a entzun, edo Two Door Cinema Club-en kontzertura joan. Ongi pentsatu ezkero, hori bera da Hombres G-ren “Voy a pasármelo bien” albumeko ispiritua. Euskaldunon artean, BBK Live jaialdiak zein KutxaKultur Festibaleko ostiraleko sesioak ere -zeinetan Cristal Fighters taldeaz gain, Belako eta Delorean aritu ziren- publiko gaztea bildu ditu.
Iruneko Bloody Mary denda eta promotoraren jabe den Juancarrek dionez, “indie kontzertu edo jaialdiak modan jarri dira gazteen artean, eta modek biltzen dute jende gehien”. Bestalde, klasikoagoak diren estiloetako (rock and roll, garaje, soul, power pop…) kontzertuetan hogeita hamar urtekoak eta seme alaba nagusiak dituzten gurasoak bildu ohi dira. Psikodelia modernoaren ligan dagoen Ayo Silver! sustatzaileari antzerako zerbait gertatzen zaio, eta hala, bitxia da halako kontzertuetan 25 urtetik beheragoko gazte batekin topatzea. Hauez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu duen Gaztemaniak programa musikal dotorean ere (zeinetan, besteak beste, The See See, Sam Amidon eta Lisa & the Lips-en soularekin gozatzeko aukera izan dugu udazken honetan) arazo bera dago: ia ez da unibertsitariorik bertan. Beste lekuren batean daude.
Ez dago komentariorik