Ekimena Madril eta Bartzelona bezalako hirietan sustatzen joan da azkeneko urteotan: pop, rock eta indie kontzertuak -orohar helduek entzuten dugun musika- familia guztientzarako zuzenduak, umeak batik bat. Adin guztientzako jendea biltzen da baina haurrak dira protagonistak. Eta Donostiara iritsi berria da Rocka Bai Baby!, “haur eta familientzako rock kontzertuak”, Babaloo produkzioak osatzen duen talde txikiari esker: Auria Etxeandia, Gonzalo Ibáñez musikaria (Nuevo Catecismo Católico, Bullet Proof Lovers) eta June & Maddi, besteak beste. Aurreko urriaren 26an ekin zioten Staaf tabernan gure artean ezezaguna zen abentura ezezagun honi. Autoramas talde brasildarra izan zen bertan.
“Ez genekien zenbat jende bilduko zen, zein izango zen erantzuna eta oso oso pozik gaude musikaren bolumena pittin bat altua bazegoen ere”, dio harro Auriak. “Plazer bat izan zen Autoramas-ekin estreinatzea. Bezperan Oviedon jo zuten eta oso goiz jaiki baziren ere oso jarrera ona izan zuten umeekin. Guraso batzuek harritu ziren haurrentzako kontzertu bat espero baitzuten”.
Hortxe dago gakoa: txikitan entzun ditugun abestietatik eskapo egin edo, hobe esanda, haurren kultur musikala osatzen joan. “Pintto Pintto” eta antzeko kantekin ez da umeen mundu musikala amaitzen. Egia da Kursaal Eszena edo Txikijazz-eko eskaintzez gain gainontzeko eremu musikaletara abiatzeko premia zegoela. Eta begira nola hasten diren proiektu batzuk, uste ez genuen lekuetatik: umeen gustu musikalak gurasoen alertak piztu zituen. “Ikusten hasi ginen gustokoak zituztela B-52’s, Elton Motello, Kurt Baker… Hau da, gure etxeetan entzuten dugun musika, rock’n’roll musika zentzu zabal batean. Gainera gure belaunaldiko guraso pila daude ez direnak hainbeste kontzertuetara joaten, ez lehen bezala gutxienez, eta hauxe da musika berbera entzuteko aukera ederra, lagunekin egon eta, noski, familiarekin”, dio Auriak.
Musika da dudarik gabe amu nagusia. Baina ez da, ezta gutxiagorik ere, bakarra. Datorren abenduaren 14ean, goizeko 11.30etan, Estudio Arte Akademiaren eskutik, arte taillera egongo da Dabadaba aretoan. 12:30etan Munleten rock elektronikoa hasiko da eta kontzertua guztiz partehartzailea izango dela agindu dute, haurrek koruak eginez eta tresneria joz parte hartuko baitute. Kontzertuaren ondoren, Olentzero rockeroaren gabon kantekin ongietorria emango diogu gabonei rock erritmoz. 11:30etatik, eta jaia amaitu bitartean, azoka bat egongo da eta baita haurren beren jostailuak trukatzeko txoko bat ere. Sarrerek 3€ko prezioa dute helduentzat eta 1€koa haurrentzat.
Eta familia guztiarentzako prestatzen dituzten matinée rockero hauek modan dagoen ekimen sorta batean sartu nahi duenak, oso oker dabil. “Hemendik 10 urtera gure burua berdin ikusten dugu, gozatzen ditugun gauzak egiten, saltseatzen. Pixkanaka goaz eta ikusten joango gara proiektuak zer nolako itxura hartzen duen. Zeinek daki, agian gure seme-alabekin batera hazten joango da eta etorkizunean Rocka bai, Teen! egin beharko dugu!
Ez dago komentariorik