1-. “The invisible man” – MUSHROOM CAFFEINE
Bidasoako duoak “Liquid” (Psilocybina Records) abestiarekin eman duen salto kualitatiboa begien bistakoa da. Marta Ennes-ek diseinatutako azal psikodelikotik abiatuta, haien hasierako garaje-rock-etik harantzago zabaltzen dira aukerak eta pisu handiagoko soinuekin ausartu dira. Gitarra eta bateriak erakusten duten errekurtso mugatuekin ere balantza aldeko dute. Proposamenaren eboluzioa “The Invisible” single-ari egindako keinuetan kondentsatzen da. Kañonazoa.
2-. “Fucking panda” – THE LOOKERS
Bolo bat baino gehiago partekatu ditu Mushroom Caffeine eta Iparraldeko The Lookers hirukote gazteak, eta horretan darraite. Antzeko ligetan jokatzen dute biek, garaje-punkarenean. Gainera Ziburu eta Hondarribia ondoan daude. Egia esan, “Fucking Panda” EP-a aurkezpen karta freskoa da, eta 70. hamarkadan ingeles punk-a mamitu zuten talde kementsuak dakartzate gogora. Energia, jarrera eta melodia onak. The Kids are alright!
3-. “One day king” – ELKANO BROWNING CREAM
“One Day King” nazioarteko hirukotearen -Elkano Browning Cream donostiar batek, ingeles eta frantses banak osatzen dute- abestiak -gehienak instrumentalak- Mikel Azpirozen organo hammond-ak gidatzen baditu ere, bideoan, Mirakontxako leihotik sartzen diren eguzki izpiak bezain gozoa den hotsa gailentzen da. Goxoa, udaberri garaikoa, berotasunean sartzeko perfektua, eta taldearen laugarren albumari dagokion abestia da “UhEh”
4-. “In the storm” – FRANK
Frank taldeak “In The Storm” kontzertuen amaierarako utzi ohi du, baita debuteko EP-an ere, “My Wild Kingdom”. Haien errepertorioko gailur hunkigarria da, haien bandera abestia: Sara Comerón-ek arao egiten die demonioei, banda errusiar mendi galernatsu batean murgiltzen den bitartean. Extasi kolektiboa biltzen duen sei minutu baino gehiagoko abestia da, hasieratik amaierara entzulea harrapatzen duen denborale indartsua.
5-. “Lo que me dijiste al oído” – ESCARLATA
Cuchillo taldearen parte izanagatik dugu ezagun Israel Marco donostiarra, baina pasaden urtean Madrilgo Remate-ren parte izatera igaro zen gerora Escarlata izenez ezaguna dugun proiektua sortzeko. “Lo que me dijiste al oído se extendió por todo el mundo” duoaren lehenengo albuma da, pop zatiz osatzen den lan bitxia. Haien lehen kortea, “Lo que me dijiste al oído” “Deserter’s Song”-eko MercuryRev eta Los Brincos-en arteko ezinezko bidegurutze hipnotikoa da.
6-. “Directo a tu corazón” – KOKOSHCA
Iñaki eta Amaia dira Kokoshca taldeko nagusiak. Gure paisai musikala izatera iritsi da Kokoshca talde iruindarra gutxinaka “donostiarrizatuz” joan delarik. Dabadaba tabernan dabilen Alex Lopez-Allende da taldearen managerra, eta berriki taldeko bateria jole izatera igaro da. Talde honek pasaden urtean argitaratu zuen Ayo Silver! promotorarekin “Hay una luz” deituriko haien lanik biribilena. Diskoan bildutako hit-en artean, “Directo a tu corazón” abestia izan da gehien nabarmendu dena. Abesti pop-rockero honek asko zor die Velvet Underground eta Bichos-i. Murgiltze donostiarraren gorenera iristeko, bideo banpirikoa Victor Iriarte zinegileak egin du.
7-. “Cumbia villera de la ciudad armera” – MURSEGO
Webgune honetan bertan eman genuen “Eusnob”-ek sortutako zalaparta musikalaren berri. Hura zen eta da “Hiru(3)” diskoko abesti nagusia, baita gehien hedatu dena ere. Baina beharbada Mursego eibartarraren diskoan gehien nabarmentzen dena “Cumbia villera de la ciudad armera” abestiak sortutako soinu beroak dira. Letra elebiduna da, Victor Iriartek sortuak. “Paperezko kontzertuak”-eko bideo honetan ikus daitekeenez, instrumentu guztiak nahastu ditu one-girl-cumbia-band lortzera iritsi den arte. Zoragarria.
Ez dago komentariorik