Normalean, musika festibalez hitzegiten dugunean uda garaia etortzen zaigu burura. Gipuzkoan ekainean Andoaingo rock jaialdia izaten da eta duela bi aste Txiki Psych Fest jaialdiarekin uda itxi dela esan dezakegu. Hala ere, azkenaldian badira udaz at musika jaialdi dexente, gehienbat udazkenean, eta musikaz gozatzea beti da albiste ona.
Laburpen gisa hauek dira Gipuzkoan izango ditugun festibalak udazkenean: 2 Irunen, 1 Beasainen eta beste bat Donostian.
IRUN ROCK (irailak 27 larunbata, 20tan)
Zer da: egia esan talde rockero bakarra Capsula bilbo-argentindarra da eta festibala indie kutsu nabarmena du (We Are Standard, Bigott) zein gure artean azkenaldian fama dexente hartu duten pop-rock taldeak: Tania da Sousa, Belako eta Zea Mays hain zuzen ere.
Talde bat: Bigott. Zaragozako pertsonai bitxia azken orduan fitxatu zuten antolatzaileek eta diska berria laster kaleratuko du, “Pavement Tree”. Jeremy Jay musikariak ekoiztu du eta haren influentzia poperoa nabarmena da aurkezpen single honetan.
Prezioa eta lekua: 17/20 euro. Ficoba.
DONOSTIKLUBA (urriak 3 ostirala eta 4 larunbata, 21tan)
Zer da: aurtengo programazioaren kalitatea apur bat jaitsi bada ere, pop eta rock gida fina izaten da beti Donostikluba. Ostiral gauean norbegiako indie-a ikusiko dugu (Beezewax), electro-pop ingelesa, (Is Tropical), pop elegantea Kataluinatik (Free Fall Band) eta post-punk madrildarra Ian Curtis-en modura (Trajano). Festa bukatzeko, Nimu dj donostiarrak.
Larunbatean, aldiz, Euskal Herriko rock sorta handia dago eszenatoki nagusian: Capsula (saltsa guztietan dagoen taldea), Willis Drumonds, Sonic Trash, Niña Coyote eta Chico Tornado eta Yellow Big Machine. Kultur Etxeko gainontzeko geletan aparteko festa giroa egongo da dj eta emanaldi ezberdinekin. Hobe programazio osoa Donostiklubako webgunean kontsultatzen baduzu.
Talde bat: gazteen artean Cristal Fighters eta Two Door Cinema Club bezalako talde hedonistek fama handia dute. Zentzu honetan, Is Tropical taldearen kontzertua asteburuko unerik beroenetarikoa izan beharko luke. Ez al duzue erlazionatzen “Dancing Anymore” abestia 90.hamarkadako “Shut up (and sleep with me)” abesti famatuarekin?
Prezioa eta lekua: 10 euro (ostirala). Larunbatean, doan. Gasteszena.
JAZPANA FEST (urriak 24 ostirala eta 25 larunbata)
Zer da: Gipuzkoa barnekaldeko erreferentziazko festibal independientea da. Eta doan. Nueva Vulcano eta iparraldeko The Lookers ezik, larunbatean izango da mamia: Beach Beach indie-pop taldea, Za! bikain zein bereziak, (berriz ere) Capsula, It´s Not Not, dj Coco handia…
Talde bat: bartzelonatik datozen It´s Not Not taldearen buelta izan daiteke albisterik aipagarriena. Bost urtez egon dira birarik egin gabe eta berriz ere errepidean ditugu. BCore zigiluaren aposturik handienetarikoa izan zen aurreko hamarkadan.
Prezioa eta lekua: doan. Beasain.
IRUN ZUZENEAN (azaroak 8 larunbata)
Zer da: ez dugu esango solik hiru talderekin festibal oso bat osatu dezakegunik, baina tira, aurreko urtean bizi izan genuen gau borobilaren ostean -Barrence Whitfield eta Roy Loney & Señor Nori esker- ezin zaio ezetzik esan. Aurten lehen mailako country eta r&b izango dugu (Dave Alvin & The Guilty Ones), rock and roll amerikarra bilboko Last Fair Deal taldearekin eta Nikki Hill deritzon soul zurrunbiloa.
Talde bat: Nikki Hill. Betiko Rock and roll-a, soul bortitza, jarrera… Ezaugarri hauekin Andoaingo Bastero kultur etxean kriston kontzertua eskaini zuen aurreko urtean. Galdu zuetenentzat (eta errepikatu nahi dutenentzat) aukera ona da hau.
Prezioa eta lekua: konfirmatu gabe. Ficoba.
Ez dago komentariorik