Eskertu beharra dago Ginmusica sustatzaile donostiarrak musikaz gozatzeko eszenatoki berriak nahiz ezohiko lekuak bilatzeko hartu duen lana. Emaitza zoragarriak lortu dituzte musika jaialdiak jolas parkeetara (kutxakultur) eraman, eta Crystal Fighters taldearen kontzertua Zugarramurdiko leizeetan kokatu ostean. Eszenatoki berrien zerrendari, pasa den ostiralera arte zapaldu gabe genuen Zorroagako Eliza gehitu behar zaio.
Kristalera batek elizaren barnealdea bitan banatzen zuen. Albo batean, (kañerodun!) barra bat zegoen. Bertan, erdiko nabera pasa ezin zitezkeen garagardoak zerbitzatzen zituzten; gogora dezagun elizkizunak eskaintzen diren lekua dela. Dirudienez, eliza hau hutsa egon da duela gutxi arte, baina Zorroaga Fundazioak eraikina berritu eta itxura ezin hobea du egun.
Absolutely Free talde kanadarrak lanari ekin zionean, pop psikodeliko zaleek eraikinaren gune nagusiko lur eta aulkiak okupatu zituzten. Animal Collective taldea gogorarazi ziguten, baina zuzen eta indartsuagoak dira. Atzeko paretan irudi geometrikoak proiektatzen ziren bitartean, abeslariak zortea probatu nahi izan zuen bateriarekin. Eraikin hartan sartzen den elizkoiak egingo lukeen moduan, isiltasun osoz eta errespetuz erantzun zuen publikoak. Hala, kontzertu amaieran lehen txaloak entzutearekin batera, irri egin zuten Torontokoek. Publikoaren hoztasunak harritu egin zituen, dirudienez.
Trevor Powers, ile kizkurreko mutil coola eszenatokira noiz irtengo zain geundenean, maskaradun gizon batek platanoak banatu zizkigun. Publikoarekin harremanetan jarri nahian zebilen Trevor Powers bera izango ote zen? Youth Lagoon taldeko kide guztiak jada taula gainean zeudenean, giroa berotzen ahalegindu ziren. Jendea haiengana gerturatu zedin eskatu zuten, eta horretarako baxu jolea ere jaitsi zen jendartera. Ez genuen Powers komunikatiboa gehiago ikusi. Izan ere, kontzertuak iraun zuen gainontzeko denboran, bere teklatuen baitan murgildu zen noizbehinka amorruz beteriko kolpeak emanez.
Zuzenean, haren ahots sudurkaria are hunkigarriagoa da. Wayne Coyne (The Flaming Lips) eta Daniel Johnstonen arteko nahasketa hobetua dirudi. Ahotsak, eraikineko paretetan jotzen zuen irudi psikodeliko arraroak ikus zitezkeen bitartean. Ezin da ezer txarrik esan ikuskizunaz ez eta Zorroagan entzun genuen soinu eder, altu, argi eta ikaragarriaz.
Baina inongo momentutan martxa aldaketarik ezarri ez zutenez, edota “Wondrous Bughouse”-n indar faltagatik, zapore gazi-gozoa utzi zigun azkenerako. “Cannons” eta “17” abestiak ia jarraian jo bazituzten ere, ahozabalka aritu zen jendea.
Zarautzen ostera, John Berkhout taldeak jasotako babesa eskertu zion publikoari. Euriz eta haizez girotutako udazkeneko igande desatseginak ez gintuen kontzertu bat ikustera joateko gehiegi animatu. Egia da Modelo zinemako besaulkietan eserita eta arrats-gau parteko film bat ikustera zoazela dirudiela, eta horrek aldatu egiten ditu gauzak. Armonia bokalak eta abestien atmosfera gozatzeko aukera ematen duten eszenatoki estali eta jaso hauetan ematen dute oiartzuarrek haien onena. Hautemangarriagoa da hala haien ikuspegi zabala, eta baita indie-folketik harago doazen hots elektronikoekiko zaletasuna ere. Zortzi kontzertu eskaini dituzte soilik, baina hain ondo egiten dute non lehen diskoko 10 abestiak jotzen bizitza guztia daramatela dirudien.
Bidea luzea egin duen norbait bada, Sam Amidon ezizenez ezaguna den Samuel Tear multiinstrumentalista ipar amerikarra da hori. Bakarlari egin dituen diskoei erreparatuta Nick Draken moduko zerbait espero duenak jai du! Amidon eraldatu egiten da zuzeneko emanaldietan. Pertsonaia alai, zoragarri eta espontaneo bihurtzen da. Zuzenekoari zentzua ematen dio modu honetan. Izan ere, ikusleak ez daki zer izango den hurrena, zein erokeria otuko zaion. Aipamen eta keinu bakoitzean gora egiten du etengabe.
Teklatua eta baxua ere jo zituen bateriaren laguntzaz, biolin solo luze batekin hasi zen, polka amerikarraren antzeko zerbait izaten amaitu bazuen ere. Banjoa atera zuen ondoren, eta “My Old Friend” kantari jazz estiloarekin eman zion amaiera. Hau al da “Bright Sunny South” albumeko folk kantautorea?
Argi ikusi genuen, Amidonek, songwriter melodramatikoren estereotipoa hautsi zuela. Kontzertuak aurrera egin ahala, Zarautz herriari eskainitako abesti bat asmatu zuen, amari deitu zion publikoak “Zorionak Zuri” kanta ziezaion, flexioak egin zituen, eta kororik ez duenez, publikoa “sometimes” abestera bultzatu zuen “Way Go Lily” abestia jo bitartean. Ezustekoz beteriko kaxa da Sam Amidon, xelebre bat. Alde ilun bat ere badu: irteeran haren azken LP-a jarri zuen salgai. 11 abesti 25 eurotan. Gustura geratuko zen.
Ez dago komentariorik