Juancar Bloody Mary naiz. “Bloody Mary” disko denda daramat Irunen duela 24 urtetik, eta betidanik nabil musikaren munduan. Uste dut normala dena baino zertxobait gehiago gustatzen zaidala musika. Taldeak aurkitzen ditut, lagun berriak egin… Ezin da gehiago eskatu. Batzuek kontrakoa badiote ere, honek ez du amaierarik. Gora Rock & Rolla!
Norekin ari naiz hizketan? Musikari, dendari edota sustatzaile batekin?
Musika oso barrutik bizi duen norbaitekin ari zara hitz egiten. Aukera dudanean, zer edo zer jotzen saiatzen naiz erakargarri zaizkidan proiektuetan; ez dakit musikaria edo, besterik gabe, lagunekin gitarra jotzen duen norbait ote naizen. Duela 24 urtetik, Bloody Mary nire musika denda da. Gehiengoari ez, baina “gero eta handiagoa den gutxiengoari” interesatzen zaiona aurkituko duzu bertan. Gora undergrounda! Kontzertuak ere egiten ditut, noski. Dendarekin hasi nintzenean, taldeekin eta musikaren munduko jendearekin harremana egin nuen, eta horren ondorioz hasi nintzen kontzertuak antolatzen. Bada zerbait nire barnean honekin jarraitzera eta bizirautera naramana.
Ez ote zen errazagoa rock and roll denda Donostian irekitzea Irunen baino?
Denda ireki genuenean (genuen diot, Idoia nire emaztea hainbat urtez dendaz arduratu baita) beste garai batzuk ziren. Aduana agentzia batean egiten nuen lan eta Europar Batasunean sartzearekin batera lanik gabe geratuko nintzen. Irunen lokal bat hartzeko aukera suertatu zitzaigun, eta gaur egun oraindik bizirik dagoen proiektu-ametsari hasiera eman genion. Ideia ona izan zitekeela iruditu zitzaigun. Gero eta gehiago espezializatu gara, eta hori izan da oraindik martxan aritzeko gakoa. Oso gustura gaude Irunen. Musika benetan maite duen erosleak ez du arazorik hona hurbildu edo internet bidez erosteko.
FNACek eta krisiak disko denda txikiak zapaldu ditu. Nola lortu duzue urteotan bizirautea?
Ahalik eta publiko zabalenarengana iristen ahalegindu gara gu. Denda Irunen badago ere, publizitate asko egin izan dugu. Horri esker, bezero finkoak ditugu, banda eta artista berriak ezagutzeko gogoz daudenak. FNACen politika guztiz bestelakoa da, eta denok ezagutzen dugula esango nuke. Ziur asko krisiak haiei ere eragin die, salmentek oro har behera egin baitute. Egia da denda askok itxi egin behar izan dutela, baina behar bada, espezializatuta bazaude errazagoa da hori ekiditea, musikan zein beste esparrutan.
Webgunea ere akuilu garrantzitsua izango da: bertakoa ez den eroslearengana iristeko aukera ematen dizu.
Gurea bezalako denda espezializatuentzat garrantzitsua da webgunea, baina baita ondo kudeatzea ere. Gaur egun erraza da webgune bat izatea, baina mantentzea da zaila. Normala denez, horri esker dendan eros daiteke eguneko 24 orduetan, eta askoz ere jende gehiagorengana heltzen gara. Oso garrantzitsua da.
Euskal Herritik kanpo, zein disko denda gomendatzen duzu? Escridiscos Madrilen? Naranja y Negro Alacanten?
Bai noski, bi denda horiek %100 gomendagarriak dira. Gainera, Naranja y Negrok zigilu diskografikoa du, katalogo bikaina duena. Pasioa %200.
Banda bikainek sala ezin txikiagoetan jo behar izaten dutela aipatu duzu inoiz, etsipenez. Rock and rollak jada ez du garai bateko eragina?
Ez dakit hori bera esan nuen, baina egia da jendeak ez duela artista berriekiko edo oso ezagunak ez direnekiko interesik, eta egia esan, horiek dira mundu honen gatza eta piperra. Hori dela eta, talde eta artista handiek sala txikietan egiten dituzte birak. Penagarria da zinez, batez ere artistentzat, nahiz eta haiek ez diren kexatzen.
Badirudi publikoa oro har heldua dela. 30 urteko norbait gazteenetakoa da garaje kontzertu batean; kontzertu indie edo pop batean dagoenean aldiz, zaharrunoa dirudi ia.
Egia da, baina hau guztia ondo aztertu beharra dago. Indie kontzertuak, edo hobe esanda, festibalak, modan jarri dira gazteen artean, eta horrek mugitzen du jende gehien. Rock & Rolla, Soula, Punka, Surfa, Power Popa… jada ez daude modan, eta beraz ezin espero daiteke gazteek horretan interesa izaterik. Penagarria da, baina egia. Apika estilo horiek guztiak bigarren planora igaro dira, eta gaur egun ez dira moda-modakoak.
Krisi garaiotan, Andoain kasu berezia da: nazioarteko punta-puntako taldeak biltzen dituen rock and roll jaialdia herriko plazan, eta dohainik. Esan ez dagoela arriskuan. Eta hala ez bada, zer duzue buruan datorrenerako?
Andoainek hasieratik ikusi du Bastero auditorioko kontzertuek zein jaialdikoek oso harrera ona izan dutela. Udala, publikoa zein antolatzaileak pozik daude emaitzekin. Uste dut zailena eginda dagoela: doakoa den Estatu mailako jaialdi bat errotzea. Urtero jarraituko duenik ezin esan, doakoa denez gastu guztiei aurre egiteko dirua lortu beharra dagoelako. Krisi madarikatua dela eta, ezin dizut oraindik ezer esan 2014ko Andoaingo Rock Jaialdiaz. Hori bai, kartela buruan dut jada. Aurrekontuaren arabera, saiatuko gara jaialdi txukuna antolatzen. Baikorra izan nahi nuke, eta espero dut jarraipena izango duela. Egia esan, hori da denok nahi genukeena.
Ez dago komentariorik